Erreparazioa biktimen kasuan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 14a, 01:00

Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen lekukotza bizietan, bistakoa da erasoa salatzeko garaian aurkitzen duten bide malkartsua. Ezarritako protokoloetan hobekuntzak egin behar dira, erreparazioari dagokionez bereziki.

Laburbilduz, horixe izan zen jardunaldia abian jartzeko sorburua. Joan zen azaroaren 22an, Andoaingo Udalaren ekimenez, alor ezberdinetako adituek eta biktimek erreparazioa aztergai izan zuten Basteron. Hamabost egun igarota, hauxe da Sandra Barrenetxea Udal teknikariak eta Esti Mujika zinegotziak egiten duten balorazioa. Pozik daude jardunaldiarekin, oro har, erreparazioaren ikuspegi osatua lortzeko baliagarria izan zelako.

Erreparazioari eskainitako jardunaldia berritzailea izan zen. Aitzindari papera jokatu al du Andoaingo Udalak alor horretan?

Esti Mujika. Emakumeenganako eraso edo jazarpena antzematen den unetik aurrera protokoloa martxan jartzen da, geroz eta herri gehiagotan. Azken urratsa falta zela nabaritzen genuen, eta hori erreparazioa da. Andoaingo Udalean indar berezia jarri nahi genuen azken urrats horretan. Bitarteko asko jarri behar izaten da, ez da soilik atentzio psikologikoa. Adituekin egin genuen azaroaren 22ko jardunaldia, ikasteko eta informazioa jasotzeko oso baliagarria izan da.

Ikuspegi teknikotik zein balio ematen diozu jardunaldiari?

Sandra Barrenetxea. Erreparazioan eztabaida asko zabalik daude, neurri zehatzetara lotuta daudenak. Horietako batzuk eztabaidatsuak izan daitezke, justizia berrezartzailea adibidez. Guztiak aipagai izan ziren eta orain guri dagokigu neurri zehatzak mahai gainean jartzea.

Erreparazioa bere osotasunean eskaintzeko oso urruti al daude erakundeak?

Esti Mujika. Une hauetan bai. Emakumeari, tratu txarrak pairatzen dituenetik, gaurkoz ez zaio erreparazioa bere osotasunean eskaintzen. Guk oraindik ez ditugu baliabide horiek guztiak eskura. Bereziki, ez direlako orain arte jasota egon. Udal mailan, etxebizitzak eskaintzen lehenetarikoak izan ginen, baina erreparazioaren ikuspegitik oraindik orain udalerri askotan ez da bere osotasunean zerbitzua eskaintzen.

Kontraste handiak ikusten dira erakundeetan. Batetik erreparazioan sakontzeko gogoa ikusten da erakundeetan, eta bestetik talka handia dago justizia mailarekin. 

Sandra Barrenetxea. Herrietan biolentzia kasu errealei erantzuteko erakundeen arteko mahaia dago, eta bertatik, Osakidetzak, Ertzaintzak eta udal zerbitzu ezberdinek ezarritako protokoloa jarraitzen dute. Sektore arteko mahai horretan, balorazioa egiterako garaian, justizia mailako eremua gaizki baloratzen da. 

Emakumeek, hasteko, egoera zaila topatzen dute. Gertatu zaiona salatu egin behar duela adierazten zaio, baina kasu askotan bigarren aldiz biktima sentitzeko aukera asko dituzte. Epaitegietan euren lekukotzari ez zaiolako sinesgarritasuna ematen, edota horrelako instituzio batean aritzeko ez zaielako nahikoa laguntza ematen...

Hori horrela izanik, erakunde ezberdinak lanean ari dira justizia eremuan aldaketak eman daitezen. Adibidez, udalerri mailako sektore mahaian justizia txertatzeko proposamena egina dago. Andoaingo udalerriari dagokionez, Tolosako epaitegiko ordezkari bat mahai horretan egotea ondo legoke.

Bestetik, emakumeari prestakuntza eman behar zaio epaitegien bide hori egiten duenerako. Horretarako ditugu jabekuntza eskola, eta baita Gizarte Zerbitzuak ere. Orain arte, erreparazioa protokoloaren azken pausutzat hartu izan da. Aurrerantzean, erasoa jasan duen emakumeari atentzioa ikuspegi erreparatzaile batetik eskaintzeko baliabideak jar daitezke.

Jardunaldiak pasa eta aste gutxira zer da bereziki gogoan gorde duzuena?

Sandra Barrenetxea. Aberasgarria izan zen, bereziki ponentzia oso teknikoak zirenak emakumeen lekukotza biziekin uztartu zirelako. Emakumeek bizi dituzten egoerak eta egoera horietan antzeman dituzten hutsuneak biktima direnen ahotik entzun genituen. Alboan izan zituzten hutsune horiek gainditzeko dagoeneko maila teknikoan lanean dabiltzan adituak. Oso garrantzitsua izan zen hori.

Esti Mujika. Gure artean usteak eta iritziak izaten ditugu justiziaren inguruan, eta jardunaldi horietan adituen bitartez baieztatu zen estatu mailako justizia patriarkala dela. Erreparazioari dagokionez, adierazi zen guztitik, arreta pertsonalizatua eskaintzearen beharra nabarmenduko nuke nik. Emakume bakoitzak bizi duen egoera asko aldatzen baita, kasu batetik bestera.

Sandrak adierazi bezala, ikuspegi erreparatzailea lehen unetik aplikatzearen beharra azpimarratu nahiko nuke nik ere. Askotan emakumea salatzera bideratzen baitugu, prozesu hori eramateko prestatuta ez dagoenean. Oso garrantzitsua da tresna ezberdinak emakume horien eskura uztea.

Emakumeak elkartzeko gune gehiago sortu behar ditugula, horixe izan zen atera nuen beste ondorioetakoa.

Sandra Barrenetxea. Erreparazioa protokoloan txertatzea berria da, eta Udalak horretan sakontzeko baliabideak ipini dituela azpimarratzea garrantzitsua da. Horrelako jardunaldia ezin da erakunde baten babesik gabe antolatu. Andoaingo Udalak inplikazioa eta baliabideak eskaini ditu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!