Alarma gorria itzaltzeko garaiz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 15a, 01:00

72 urte ditu Koldo Tapiak. 65 Joxe Fermin Argiñarenak. Izatezko bikote baten pare ibili dira azken hilabeteetan Urnietan barrena, Euskaraldia ekimenean laguntzen beste 6-8 kiderekin batera.

Andoni Urbistondo urnieta

Adinak ematen dien patxada eta jakinduria baliatuz, euskarak Urnietan bizi duen egoeraren diagnosia egiteko eskatu die Aiurri aldizkariak; Euskaraldia eraginkorra izan den edo ez; euskararen jakintza osasuntsu dagoela diote, baino erabilera gaixo. Erremedioa ba omen du, oraingoz. 

Ebaki bat eta ordubeteko solasaldia. Hitz errazekoak dira Koldo Tapia eta Joxe Fermin Argiñarena. Galdetu gabe ekin diote hitz aspertuari. Tapiak ekin dio: “Euskara eguneroko zentralitatetik kanpo geratu da nire ustez. Hogei laguneko koadrilan kanpotar bat egon eta berehala jabetuko gara zer gertatzen den. Euskaldunok axolagabetu egin gara, pentsatuz hezkuntzatik datorren normaltze prozesua normaltze orokorra dela”. 

Egungo gazteei euskarari buruz halako interesa, arduraren bat ba ote duen galdetu eta ezetz esango dizu: "Nik euskara hitz egiten dut-eta!’, botako dizute”. Euskararen egungo dinamika lubaki batean sartu dela dio Tapiak, non jakintza hazten eta hobetzen doan, “euskara aberatsagoa den –tesi piloa, Berria egunkaria…–, baina erabileran apaldu egin da”. Zergatia? Ez omen dago bakarra, poliedrikoa baizik. 

“Faktore makroa, globalizazio ekonomiko eta politikoak linguistikoa ere ekarri duela. Ingelesa ez baldin badakizu, ez zara inor, ezin duzu ezer egin edo lortu. Ingelesak prestigioa dauka, segapoto bat erabiltzeko ekintza xumean. Beste faktore bat, euskaldunok diktadura ostean euskararen etorkizunari buruz genuen iritzi ezkorra. Hark jarrera militantea ekarri zuen euskara zulotik ateratzeko. Orduko hartan ikaragarrizko ahalegina egin zen egoera iraultzeko: Ikastolen Elkartea, AEK… Belaunaldi batetik besterako transmisioa eman zen, baina oraingoak, transmisioa egingo al dio hurrengo belaunaldiari? Ikastolan ari den gazteak ez omen du behar hori sentitzen, ez du euskara arriskuan ikusten”. 

Hausnarketa denona omen, ez gazteena bakarrik, Argiñarenaren ustez. “Euskara ez bada erabiltzen, nahiz eta jakin, galdu egingo da. Euskararen eguneko, abenduaren 3ko argazki mingarri bat ekarriko dut solasaldira, egoera ulertzen laguntzeko. San Juan plazan, 12-15 gazte, eta irakasleak, eguerdian. Ia denak gaztelaniaz, tartean irakasleak. Hori da egungo egoera. Niri lotsa eman zidan argazki horrek, zeren eta Egape ikastola eraiki zenean hainbatek gure etxeak abalatu genituen proiektuak aurrera egin zezan. Ahalegin hark 50 urte geroago emaitza hori duela ikustea oso mingarria egiten zaigu. Auzolanak eraiki zuen herri hau, eta auzolana bukatu zenetik gainbehera ikaragarria izan da”.

Erantzun jakineko galdera da, zergatik erabaki zuten Euskaraldia sustatzeko taldean laguntzea. Baina honatx, argitze aldera, erantzuna: “Euskalduna naizelako. Egin behar zelako. Batek tira, besteak bultza, ba zerbait lor genezake. Nire burua behartuta ikusi nuen ekimenean laguntzera”, Argiñarenak. Tapiak ondoren: “Gurea bezalako herri txiki batek aurrera egin nahi badu euskararen kontuan, ezinbestekoa du gizarte zibilak oso dinamikoa eta antolatua izatea. Azken urteetan erakundeen esku utzi dugu erantzukizun guztia, edo gehiena, eta orain hasi gara ardura uzte horren ondorio txarrak nozitzen. Nik neuk ere pausoak emateko beharra sentitzen nuelako eman dut. 7 urte eman ditut leihotik begira –zazpi urte atzera etorri zen Urnietara bizitzera–, eta jauzia eman badut, emateko beharra ikusi dudalako izan da. Erabileraren eremu publikoa galdu da, eta horregatik eman dut pausoa”. 

Alarma gorriak piztuta

Uztailean Udaleko euskara zerbitzuaren deia jaso zuten biek. Aurrez aurreko bilera bat egin, eta ez omen zen jende askorik animatu. “Bigarrena akuiluarekin jende baten atzetik ibilita osatu zen, jendetsuagoa”, dio Tapiak. “Lehen inpresioa, nire buruari taldea zahar etxeko ordezkariek osatzen ote zuten galdetzea izan zen. Baina borondatea bazen, eta geundenok pausoak ematea erabaki genuen". Argiñarena egoera larria zela jabetuta zegoen ordurako: “Euskaraldia hasterako alarma gorriak piztuta zeuden herrian. Gure artean komentatzen genuen, euskara gero eta gutxiago, eta gaztelania gero eta gehiago entzuten dela. Alarma gorriak piztuta ikusi ditugunean, ‘zerbait egin beharko dugu’, pentsatu dugu, bestela hondamendia baitator. 50 urte pasa eta gero egoera lazgarri hau ikusteak pentsarazten dizu zerbait gaizki egin dugula, gure seme-alabek ikastolan euskara ikasi eta kalean hitz egiten ez bada. Zertarako trajea erosi, armairuan uzten baduzu?”. 

Hamaikakoak lotzerakoan-eta, tiraka aritu behar izan zuten, berau osatzeko, “egokiena protagonistek euren kabuz baiezkoa ematea bazen ere”. Argiñarenak zer pentsatua ematen duen ondorioa atera zuen jardun horretatik: “Irakaskuntzako jendearekin oso kritiko naiz, ez baitzen arrimatu ere egin hamaikakoaren kontuan”. Bertsolari ohia mingaina astintzen hasi da, eta gogor kritikatu ditu euskarazko komunikabide batzuk: “Euskarazko komunikabideetan Espainia osoko edukiak eta gaztelania usu erabiltzen dituzte, eta niretzat hori ulertezina da… Lehengo astean entzun nion, Maite Artola esatariari, Iñigo Urkullu Lehendakariak Bilbon hitzaldi bat eman zuela bi orduz, eta esaldi bakarra egin zuela euskaraz esanez”.  

Diagnosia egina, konponbiderik ba al da? Tapia baiezkoan: “Ez nintzateke erabat katastrofista izango. Frankismoan gure gurasoek zera esaten ziguten: ‘ikasi ezak castellanoa munduan barrena ibiltzeko. Ez hadi beldurrarekin bizi Donostiara joateko’. Euskarari tinko eusteko ere esaten ziguten, baina gaztelaniarena kementsuago. Horrek euskararen gainbehera ikaragarria ekarri zuen. Oraingo egoera hobea da, nire ustez. Garaiz gaude, badauzkagulako osagaiak, egoera hobetzeko. Euskara dakien gazteria dago, egitura egokia ere bai, transmisioa eman dadin, baina osagaiak falta zaizkigu, prozesua legamiatu dadin”. Metafora
ezin egokiagoa erabili du: “Masa daukagu, baina ezin ogia
egin”.

1.000 ahobizi, 300 belarriprest

Patxadaz, duela bi aste, abenduak 5 zituela egin zuen taldeak Euskaraldiako balantzea. “Balantze ona, ez baitzen erraza egun batetik bestera sortu den taldeak halako emaitzak lortzea”. Emaitzak onak izan baitira. 1.000 ahobizik eman zuten izena, eta 300 belarriprest-ek. “Portzentualki oso kopuru ona da”, dio Tapiak. “Taldeak sorpresa hartu du. Mahai gainean helburuak jarri genituenean, zenbakietan, ez ginen gai izan zenbaki zehatz bat botatzeko. Herritarren erantzuna oso positiboa izan da. Mahaiak jartzean, aktiboak izan behar genuen, jendeari pegatina edo txapa jartzeko. Lata eman. Ba gu joan beharrean, jendea etorri egiten zen mahaira, gure sorpresarako. 200 bat parte-hartzaile batu genituen mahaia jarri genuen egun batean, eta gure helburua ze kopuru zen galdetu zuen norbaitek. Nik 1.000 bota nituen, zenbaki bat esate aldera, eta denok barrezka hasi ginen. Bueno, 600, adostu genuen. Eta kopurua biderkatu dugu. 1.300 izen-emate dira, pasiboak, eta aktibo izaten lagundu behar ditugunak. Baina pasibo baditugu behintzat. Borondatea badago, behintzat”.

“Euskarak liskar kontrajarririk ez eragitea sekulako aurrerapausoa da, zeren eta herri honetan gai guztietan gara bi, beti daude bi ikuspuntu. Eta herriak sumatu egin du euskararen aferan ez garela bi, bat baizik. Hori herritarrek sumatu egin dute, jaso, eta bultzada handia eman”. Urnietako jendartea ezagutzen dute Tapiak eta Argiñarenak. Gure Esku Dago ekimeneko kide ere izan ziren. “Sumatu dugu Gure Esku Dago ekimenean herritarrek Euskaraldian baino askoz errezelo gehiago eduki zutela. Euskaraldiak askoz ere harrera adeitsuagoa izan du herritarren artean. Euskaraldian ez da kontrajarritako debate politikorik izan. Gure Esku Dago ekimenean, aldiz, bai. Gure Esku Dago-k sortzen du errezelo hori. Egitura politikoetan gatazka existitzen da, euskararen aferan ez”.

Inork ez omen du zalantzan jarri euskara sustatu, lagundu behar dela. Argiñarenak xehetasun hau eman du: “Euskaraldirako jendea batzen hasi ginenean, baiezkoak jaso genituen, baina izan ziren esan zigutenak ‘ados, baina nik ez diat politikan sartu nahi’”. Eta bere buruari galdetzen dio, “non hasten da politika, non bukatu? Zer da politika, zer ez? Euskararen defentsan egotea politikan sartzea bada… Badirudi euskararen kontua egitura politikotik harago dagoela, sentsibilitate anitz biltzen dituela”. 

Hori esanda, Tapiak argi du “euskararen erabilera, etorkizuna eta eremu politikoa esku hartuta doazela. Euskara hautu pertsonala da, bai, baina hizkuntza gutxitu garen neurrian kolektibo gisa iraun nahi badugu, politikoki lotu beharko gara. Borondate soilen metaketa ez da eraginkorra izango. Herri elebidun edo hiru eledun izango gara, baina eremu politikoa aintzat hartuta”.

Etorkizuna

Euskaraldia-k mesede egin al dio euskarari? Baiezkoan biak, nahiz eta oraindik goiz den ondorio ziurrik egiteko. Ekitaldi batzuetako argazki polita nabarmentzen dute". Azaroaren 18koa, adibidez, non plazan egin zuten ekitaldian jende dezente eta anitza bertaratu ginen, 100 bat lagun. Bestelakoan, ‘buenos dias’ esaten zuen norbaitek, orain ‘egun on’ esaten duela". “Barrika behar bezala bete dugu, edo gero alferrik husten utziko dugu? Ikusiko da. Euskaraldia izan daiteke inflexio puntu bat”, Tapiaren ahotan. “Erakunde eta herri mugimenduek orain arte izan duten enfrentamenduak beste norabide bat har dezake, biak norabide berean jarri, eta bakoitzak bere tokitik lana egin”.

Nondik jo behar da orain? “Guk urtarrilaren 23rako beste bilera bat deitu dugu taldean, sua bizirik mantentzeko. Ze eten bat ematen bada, akabo. Ez naiz, dena den, jendea aspertzearen aldeko. Ez da herritarra nekatu behar. Eutsi egin behar zaio, baina neurriz”. Koldo Tapiarena, hausnarketa. Eta beste metafora interesgarri bat, Argiñarenaren eskutik: “Otordu fuerte bat ondo etortzen da noizean behin, baina egunero txuleta jan baino, noizean behin komenigarria da porru patatak dastatzea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!