Mikel Pagola izango da Urnietako EAJ-PNVko alkategaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 14a, 01:00

"Ardurak eta konpromisoak jarraitzera animatu nau", horixe da egungo alkateak egindako adierazpena.

Elkarrizketa:

2015ean bigarren agintaldiari baiezkoa ematea kosta egin zitzaizula antzeman nizun. 2019ra begira badintza hobeak ikusten dituzu? Edo aldartea hobea da?

Nekatuago nago, baina argi dago 2015ean aurkeztu ginenetik hainbat proiektu ezin izan ditugula bukatu. Arduraz eta konpromisoz, egitasmo horiek hurrengo agintaldian burutu nahi ditugu. Horrek jarraitzera animatzen nau.

Komunikazioan irudiak garrantzia du, eta azken bi urteetan bereziki Udal komunikazio gehienetan Seguradoren alboan agertu zara. Batek baino gehiagok pentsatzen genuen bera zela alkatetzarako zure alternatiba.

Jorge Segurado oso ondo ezagutzen dut eta hautagai ona izan daiteke. Denbora beharko du udal dinamika erabat menderatzeko, eta espero dut datozen urteetan gurekin udalgintzan jarraitzea. Herritar modura, hautagai ona eta egokia dela deritzot.

Errealzale amorratua zara, baina adi Athleticeko Urrutia lehendakariak agurrean esan zuenari: “Lau urteko agintaldia ondo dago, hamabi urte gehiegi da, eta zortzi egon beharra dago”. Zer erantzungo zenioke?

Arrazoirik ez zaio falta. Hamabi urte egotean arrisku hori egon daiteke, eta jendearengana iristeko zerbait berria aurkeztea komeni izaten da. Udalgintzaren egungo egoeran, arduraz jokatzea erabaki dut. Alderdikideei eskertza adierazi nahi diet, bide batez, nigan konfiantza osoa jarri dutelako.

Zer da EAJ-PNVk urnietarrei eskaintzen jarraitu nahi diena?

Konpromisoa. Etorkizuneko Urnieta diseinatzeko legegintzaldi honetan hartu diren erabaki garrantzitsuenak epe luzerakoak izan dira. Erabaki asko hartu dira, eta beste asko hartzeko daude: inbertsio estrategikoak, kiroldegiko lanei ekitea, hirigintza garapena, gizarte mailako neurriak, Babiloniko etxebizitzekin batera Egapeko DBHko eraikina garatzea, 3. eta 4. adineko behar berriei erantzutea...

Gehiengo osoan agindu duzue, egitasmo handiak bidean jarrai dituzue eta ez da zuenganako aurkakotasun handirik ikusten kalean... 2019ko hauteskundeetan besteek bezala lehiatu beharko duzue. Abstentzioa izan daiteke zuen aurkaririk handiena?

Aurreko deialdietan, bereziki 2015ean, herritarren motibazioa piztea lortu genuen. 2019an ere ilusioa mantentzen eta, abian dauden egitasmoez gain, proiektu berriak eskaintzen ahalegindu behar dugu. Abstentzioa saihesteko herrikideen motibazioa landu beharko dugu. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!