Pentsio duinen alde, manifestazioa Donostian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 13a, 01:00

Pentsiodunek eta erretiratuek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak deitu dituzte. Donostiakoa Alderdi Ederretik abiatuko da larunbat honetan, arratsaldeko 16:30ean. Andoaingo asteleheneko bilkuran, manifestaziora joateko deia luzatu zuten.

Astelehen eguerdian jende asko bildu zen Goikoplazan, asteroko pentsio duinen aldeko deialdiarekin bat eginez. Elkarretaratzean Xabier Etxeberria pentsiodunen aldeko ekintzaileak hitza hartu zuen. Adierazi zuenez, alargunen pentsioen inguruan administrazio ezberdinak “ankerkeriaz” jokatzen ari dira. “Azken aldian, hedabideetan jakin dugunez, KGEE kooperazio eta garapen ekonomikorako erakundeak gomendioak egin dizkie hainbat herrialderi, tartean Estatu espainiarrari, pentsio kostuak gutxitu ditzaten. Betiko argudioa erabili dute: pentsioen kostua handia da eta segurtasun sozialeko sistema publikoak ezin dio aurre egin kostu horri. Estatuko diru kutxa hobetu dadin diru sarrerak bilatu edo fiskalitatea aztertu ordez, betiko neurriak aipatzen dituzte berriro ere pentsio baxuenak zigortuz, alargunenak bereziki, eta ondorioz, emakumeak dira kaltetuenak”.

Inkesta
Sita Pereira: “Senarra 53 urterekin hil zitzaidan, eta 1969az geroztik lanean jardun izan naiz. Orduz geroztik kotizatu dudanarekin eta alarguntzagatik egokitzen zaidanarekin pentsio kaskarra geratu zait. "Pertsona batentzat ez da nahikoa bizimodu duin bat egiteko, eta ahal dudan bezala moldatzen naiz. Niregatik ez ezik, nire seme-alabekin eta geure atzetik datozen belaunaldiekin kezkatuta etortzen naiz Goikoplazako elkarretaratzera”.

Bonifacio Muñoz: “Aurrejubilazioa hartu ahal izan dut, eta ingurura begira jarriz gero daukadan pentsioarekin ezin naiz kexatu. Nolanahi ere, ezin gaitezke geurekoiak izan. Denon eskubideak daude jokoan; guztion ongizatea aldarrikatu behar dugu, eta horretarako antolatzen dira astelehenetako kale protestak. Gaur ohiukatu ditugun leloetako batek erreakzionatu gabe begira-begira geratzen diren pertsonei zera ohartarazten die: guztioi egiten digutela lapurreta”.

Gregori Bereziartua: “Astelehenetako elkarretaratzera etortzeko ohitura hartuta daukat. Larunbateko Donostiako manifestazioan ere parte hartuko dugu, senarrak eta biok. Geroz eta eskubide gehiago ari dira murrizten, eta hori ez da onargarria, denon artean galdutakoa berreskuratzea dagokigu. Senarrak lantokian egin izan du lan, eta bien bitartean, neu arduratu izan naiz etxeko lanekin. Oraindik ere hor gabiltza bilobekin gora eta behera! Niri oraingoz ez dagokit pentsiorik, baina beharbada helduko zait eguna. Lotsagarria da alargunekin gertatzen dena; ahizpa daukat horrela, eta eskerrak semeek laguntzen dioten, gainerakoan jai edukiko luke”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!