Iragan gatazkatsua aztergai duen txostena aurkeztu dute Basteron, jendetzaren aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 13a, 01:00

Andoaingo Udalak eta Argituz erakundeak “Memoria partekatu baterantz” txostena aurkeztu dute, ia berrehun lagun bildu dituen ekitaldian.

[Argazkiak]

[Bideoa]

Kronika:

Udaleko bake eta bizikidetza mahaia modu diskretuan ari da lanean azken urteetan, eta iaztik Argituz erakundeak 1956tik 2018ra bitarte izan diren giza eskubideen urraketei eta indarkeria ekintzen txostena lantzen jardun du. Gaur egin da txosten horren aurkezpena, txalo artean hartu dena.

Talka handia sortu da Andoainen azken hamarkadatan, gatazka politikoaren harira. Hildakoak, mehatxatuak, eskoltatuak, erasoak jasandako pertsonak, kalte psikologikoa hainbatengan.... Eta beste aldetik ere hildakoak, torturatuak, espetxeratuak eta gero absolbituak, jazartutakoak... Biolentziaren ertz guztiak Andoainen aise isladatzen dira. Hori dela eta, gaurko ekitaldia berritzailea izan da.

Inoiz ez bezala, iraganean alde batean eta bestean egondako pertsonek bat egin dute espazio berean eta ekitaldi berean. Batzuk eta besteak "Memoria partekatu baterantz" txostenean solaskide aritu dira, eta gaur denei batera aurkeztu zaie.

Ana Carrere alkatearen eta ordezkari politiko guztien babesarekin hasiera eman zaio ekitaldiari. Bideoan, lekukotza zirraragarriak entzun dira etorkizunerako itxaropen izpia izan daitekeena.

Segidan, Argituzeko kide diren Jokin Esnaola, Aintzane Gamiz, Sabino Ormazabal eta Maitena Salinasek denbora honetan guztian landu duten txostenaren nondik norakoak xehetasun handiz azaldu dituzte. Eta bukaeran Jon Mirena Landa Zuzenbide Penaleko Katedradunak Europan, estatu mailan eta Euskal herrian biktimekiko prozesua nolakoa izan den azaldu du.

Ekitaldia txalo artean amaitu da. Bildu diren ia berrehun lagunen artean gizarte, kultur eta politika mailako ordezkaritza zabala bildu da. Baita familia politiko ezberdinetako kide ugari ere.

Bertan izan direnek liburu mardula eskuratu ahal izan dute. A4 tamainako liburua da, bi hizkuntzatan denera 500 orrialdekoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!