Kontzertu ederra Aspanogiren alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 17a, 01:00

Andoaingo herriak bikain erantzun zion Aspanogiren alde Basteron antolatu zen jaialdiari. Bastero jendez gainezka agertu zen, eta jaialdia osatu zuten bertako musikari, abeslari eta dantzariek emanaldi entzungarria eta gozagarria egiten badakitela erakutsi zuten oholtza gainean.

[Argazkiak]    [Bideoa: Agurra]

Minbizia duten haurrekin lan egiten duen Aspanogi elkartearen alde antolatu zen kontzertua, eta elkarte horren lehendakari Bittor Andonegik, kontzertuaren amaieran adierazi zuen hunkituta sentitzen zela Andoainen topatu duen harrera beroagatik. Kontzertuan parte hartu zuten guztiei zera adierazi zien: “Kontzertua goxotasunez eta maitasunez egingo zenutela agindu zeniguten, eta benetan, harrigarria da eskaini duzuen ikuskizuna”.

Azkenik, Andonegik eskarrak eman zizkien jaialdia antolatzen buru belarri jardun duten Triana elkarteko eta Gora Kale Txiki Bandako kideei eskerrak eman zizkien, minbizia duten haurren aldeko kausari erakutsi dioten enpatiagatik.

 

Kolore askotako ahots eta instrumentuak

Joxe Ramon Berrondok aurkeztuta, hainbat musikari joan ziren igotzen oholtzara: Gora Kale Txiki Banda, Soinuak musika eskola, Alberto Agirre abesbatza, Olagain Txistularien Elkartea, Urki eta Triana dantza taldeak.

Gora Kale Txiki Bandak eraman zuen musikaren haria kontzertuan zehar, Joxe Mari Oiartzabalen zuzendaritzapean. Esan beharra dago, Andoaingo Banda, Hernaniko Musika Bandako zenbait kiderekin indartuta agertu zela igandeko emanaldian. 

Kontzertuari hasiera emateko, tradiziozko agurra egin zen, baina modu oso berezian, Urki taldeko Sonia Antolinez (euskal dantza) eta Amaia Gonzalezen (Andaluziako dantza) eskutik.

Handik aurrera, kantutegi euskaldunaz eta mundu zabalekoaz osatu zen kontzertua: Tribute to Louis Armastrong, Xalbadorren heriotzean, Maitea, non zira?, Lau teilatu, Gospel train, Joxe Ramon, Triana ereserkia... Marife Nogales mezzo-soprano andoaindarrak laupabost abesti interpretatu zituen.

Egitarauaren arabera Andoaingo ereserkiak kontzertuari amaiera eman behar bazioen ere, publikoaren eskaerei kasu eginez, jaialdiko parte hartzaile guztiak oholtzara igo, eta Xalbadorren heriotzean-en doinua nagusitu zen Basteron beste behin. Publikoak bat egin zuen haiekin, eta emozioak gainezka egin zuen guztiengan, urrezko akabera emanez kontzertu solidarioari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!