“Has gaitezen erosketak herrian egiten”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 10a, 01:00

Sandra Vieira Salkin Merkatarien elkarteko dinamizatzailearekin aritu gara solasean. Zaila hitza behin baino gehiagotan aipatzen du, elkarrizketan zehar. Gakoa, ordea, herritarrengan dago. Andoainen bertan kontsumitzea herriari bizia ematea delako.

Zer moduz joan zen duela egun gutxiko Bono Pintxo egitasmoa? Zein izan da dendarien eta tabernarien balorazioa?
Pintxo lehiaketa Salkin elkarte barruko tabernarien artean egin zen, bereziki merkataritza ostalaritzarekin uztartzeko. Izan ere, elkartea ez baita soilik merkataritza, ostalaritza ere bada. Elkartean negozio asko daudelako: Ileapaindegiak, asesoriak, arropa dendak, tabernak,...

Epaimahaiarekin batera egon nintzen bi plazatan zehar, eta hitz egin dudan tabernariak oso gustura daude izan zuten harrerarekin. Jende dezente bildu zen herriko tabernetan eta eguraldi ona ere lagungarria izan zen. Kalean kanpainaren inguruan hitz egin dela ere iruditzen zait, gainera.

Salkin elkarteak ordaindu du guztia eta garrantzitsua da herritarrei hori jakinaraztea. Nire ustean, sentsibilizazio kanpainen bidetik, jendea Salkin elkarteaz gehiago hitz egiten hasi da. Garrantzitsua iruditzen zait herritarrak komertzioek eta ostalaritzak duten garrantziaz ohartzen hastea.

Pintxo lehiaketa izan zen. Nortzuk izan ziren irabazleak eta zer moduzko maila aurkitu zenuten?
Zumeatarra, Kotoi eta Ontza elkarteen botoekin, sari profesionala Hiru jatetxeak irabazi zuen. Herritarren saria, berriz, Muga tabernak.

Pintxoen maila oso ona izan zen. Hiru urte daramatzat Salkinen, eta hauxe izan da Salkineko tabernarien artean antolatu den lehen lehiaketa. Dena andoaindarren artean egin dugu. Andoainen, pintxoei dagokienez, maila handia dago eta tabernen lana handia izan da.

Abenduan zehar, eta Eguberriei begira, 50 lote zozketatu behar dituzue. Zer egin behar da parte hartzeko?
Abenduan hasi da Gabonetako kanpaina. Laster azaleratuko dugun sorpresa batez gain, denda ezberdinek produktuz beteriko loteak zozketatuko dituzte, Andoain Txartelarekin erosiz gero ere, Basterorekin elkarlanean, Ikuszirkus zikloaz gozatzeko sarreren zozketan parte hartu ahal izango da. Eta horiez gain, urtero zozketatzen dugu gabonetako apaingarria ere.

Salkinen dauden komertzio guztietako sariekin erakusleiho polit bat sortzen joan nahi dugu. Zozketan parte hartu ahal izateko, herriko komertzioetan erosi eta tabernetan kontsumitu beharko da.

Zenbat dendarik parte hartuko dute egitasmo horretan?
Andoain Txartelari dagokion zozketan, Salkinen parte diren eta datafonoa duen orok parte hartu ahal izango du. Loteen eta zozketa berezien zozketan, ordea, Salkinen partaide direnak.

Iraileko kanpaina ikusgarria izan zen. Denbora pasata, nola baloratzen duzu kanpaina ikusgarri hura?
Zaila da kanpainak izan duen zabalkundearen datu zehatza izatea, eta zaila da jendea komertzioetan erostera bultzatzea, baina guk kanpaina honekin lortu nahi genuena jendeak komertzioen inguruan hitz egitea zen, eta hori lortu dugula esango nuke. Jendea benetan ohartaraztea, garrantzitsua dela herriak bizirik irauteko, herriko komertzioetan kontsumitzea.

Andoaindarrei egitasmo hauetan parte hartzeko mezurik bidali nahi al diezu?
Zaila da ohiturak aldatzea. Gaur egun Internet bidez asko erosten da, eta zaila da inguruan ditugun multinazional handiekin lehiatzea. Baina Andoainen eskaintza zabala dugu, eta ez dugu zertan kanpora atera beharrik zerbait erostera. Ohiturak pixkanaka aldatzen hastean dago gakoa, eta erosi behar ditugun bost gauzetatik bi Andoainen erosten baditugu, aurrerapausu handia da niretzat.

Merkataritzari bizia eman behar zaio. Has gaitezen herriari bizia ematen, horixe esango nieke andoaindarrei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!