Musikazuzenean, talde txiki askoren aterpea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 6a, 01:00

Durangoko Azokan Musikazuzenean egitasmoak postu ipini du, dozenaka talderen diskoak saltzeko. Koldo Otamendi andoaindarra da egitasmoaren aurpegi ezagunena.

Elkarrizketa:

Durangoko azokan postua ipini duzu, hainbat autoekoizpenei bidea emanez. Lan handia al da dena antolatzea?

Sei urte daramatzagu Durangoko Azokan Stand-a jartzen. Bertan, autogestioaren bidez ateratzen diren diskoak jartzen ditugu salgai. Gaur egun ordea asko aldatu da egoera eta talde handi asko beraien Stand propioekin ageri dira azokan. Gu ordea, talde txikiak eta autogestioa bultzatzen saiatzen gara, hauek ere azokan beraien tokia izan dezaten.

Eskertzekoa da euren alde egiten duzuna. Haietako askorentzat bestela oso zaila da azokan egotea.

Bai, Durangoko Azokan postu bat jartzeak dirutza balio du eta talde askok ezin dute hori permititu. Orduan geu gara azokan, talde horien eta publikoaren arteko zubi lana egiten dutenak. Kuota bat jartzen diogu talde bakoitzari gure Stand-ean bere diskak salgai jartzeagatik. Beraz gure Stanean, badira 4 kopia saltzen dituzten taldeak, 20 kopia saltzen dituztenak edo ta 400.

Talde bakoitzak erabakitzen du zenbat disko jarriko dituzten salgai?

Bai guk azkenean izena ematen duten talde guztien diskoak jartzen ditugu salgai.

Hainbeste autoekoizpen zer da seinale txarra edo ona?

Autogestioak hiru alderdi ezberdin dituela esango nuke nik. Lehenengo, gaur egun, disketxerik behar ez duten eta beraien salmentak gestionatzen dituzten talde handiak egongo lirake. Hala nola, Esne Beltza, Gatibu edo Berri Txarrak. Bigarrenik, disketxe batean egon nahi duten baina diskoetxeak interesatzen ez diren taldeak egongo lirake eta hirugarrenik, benetako bidea autogestioa dela pentsatzen duten taldeak.

Izaro kantariaren CDak izan ziren lehen zure postuan, arrakasta handiarekin.

Bai, Izaroren lehen diskoa izan genuen orain dela hiru urte. Ikus entzuleek ezagutzen zuten eta disko dezente saldu genituen. Orain gainera, berak bere postu propioa du. Beraz, gure Stand-a, artista eta talde txiki edo hasi berrien diskak ezagutzeko parada polita dela esan genezake.

Zuen egitasmoa (webgunea) zabaltzeko ere tresna egokia da azoka?

Bai, erreferentzia bezala, azokan jende asko ibiltzen da eta ondo dator gure lana eta urtean zehar ere egiten ditugun ekitaldiak jendeari iristarazteko.

Hamaika telebistan zabiltza musika programarekin zer nolako esperientzia izaten ari da?

Oso ona, gu webgunearen filosofia telebistara eramaten saiatzen gara, talde ezagun zein ezezagunei (beti ere oreka mantenduz) elkarrizketak egin eta ezagutzera eramanez. Saio musikalak egiten saiatzen gara, musikaren sorkuntzan sakonduz. Elkarrizketa askotan ez baita musikaren inguruan hitz egiten eta gu musika protagonista izaten saiatzen gara.

Durangoko azokan aurten ze lan nabarmenduko zenituzke?

Hiru diska aipatuko nizkizuke. Lehena, Urgatz taldearena izango zen, bigarrena, Eskean Kristo talde bizkaitarrarena eta baita Voltaia taldearena ere. Talde txukunak dira eta lan dezenteak dituzte. Gainera, kontzertuak ere eskaini dituzte eta oso talde interesgarriak direla esango nuke nik.

Zer esango zenioke jendeari Durangoko Azokara eta zuen Stand-era gerturatzeko?

Edozein dendetan eta urtarotan erosi al diren ohiko diskoak alde batera uzteko, eta talde berriak ezagutzera joateko esango nieke. Aprobetxa dezatela, urte batzuk barru indarra hartuko duten taldeak gertutik ikusteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!