Bordaberrin lursail zabala nekazaritzarako bideratuko dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 7a, 01:00

Behemendi Elkarteak, Sorabilla-Bordaberri eremuan, agroalde ekologikoa eraikitzeko lursaila egokituko duela iragarri du, Ekimena nekazaritza bere lanbide bezala ikusten duen edonori zuzenduta dago.

Lehen sektorean lanean hasteko gogoa duenari aukera interesgarria zabaldu zaio Andoainen bertan. Beterri-Buruntzako Behemendi landa-garapenerako elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, lanean hasteko behar diren oinarrizko azpiegiturekin lur saila egokituko du: “Lursail osoa mekanizagarria da, ur hornidurarekin egokitua dago eta tresneria eta generoa gordetzeko biltegi txiki batekin osatuko da. Gutxienez hamar urterako lagapena egingo da. Bordaberrikoa baratzegintzarako 8173 m2-ko lur eremu oso egokia da, eta bi lanpostu sortzeko aproposa. Informazio gehiago nahi duenak 943 490 219 telefono zenbakira deitu edo behemendi@behemendi.eus helbide elektronikora idatz dezake. Andoaingo eta inguruko herrietako edonork bere burua aurkezteko aukera izango du. Helburua produktu ekologikoen ekoizpena eta kontsumoa sustatzea da, baratzegintzara bideraturiko proiektuak lehenetsiz. Lehiaketa edo konkurtsora aurkezteko epea dagoeneko zabaldu da eta abenduan zehar proposamenak aurkez daitezke”.

Errenta sinbolikoa
Partzela errenta sinboliko baten truke esleituko da. Nekazaritza suspertzea da helburu nagusia, nekazal jarduera lanbide aukera egokia izan daitekeelako.


{{IMG-42428}}
Juan Kruz Alberdi - Behemendi

"Bordaberriko lurra naturala da, nekazaritza ekologikorako egokia"
"Agroaldea kontzeptua duela 25 urte edo sortu genuen, industriguneen logika nekazaritzara aplikatu nahian. Gure eskualdea oso urbanoa da. Lur gutxi dago, eta hirigintza alorretik presio handia jasotzen du. Joera bat dago orain, izan ere gune urbano horietatik nekazaritzarako interesa sortzen ari baita. Gure helburua lurrik ez zutenei lehen sektorean murgiltzeko lana erraztea da. Udalekin hizketan hasi ginen eta lurra aztertzen hasi ginen. Negutegi asko sortu zen horrela, baratzegintza sektorera bideratuta bereziki. Gaur egun lurra eskatzen duenak nekazaritza ekologikora bideratu nahi du bere negozioa. 30-40 inguruko pertsonak dira, bere bizitzako proiektua nekazaritzara bideratu nahi dutenak. Azken urte hauetan Udalekin eta lur jabe pribatuekin lanean hasi gara. Behemenditik lurra lantzeko oinarrizko azpiegitura ipini eta lehiaketara ateratzen dugu. Lurra landuko duenari errenta sinbolikoa ezarriko zaio, asmoa jende gaztea lehen sektorean murgiltzea baita. Horregatik Gazte plana egitasmoan sartuta daudenek lehentasuna izango dute. Andoaingoa, nekazaritza ekologikoa lantzeko aproposa da. Zehazki, baratzegintzari begira".

{{IMG-42429}}
Andoni Egia - Beterri-Buruntzako Udalak Garapen Agentzia

"Bertako produktuen kontsumoa sustatzen du KM0 ekimenak"
"Beterri KM0 gure baliabide propioekin abiatu genuen, eta gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren finantziazioa jasotzen du. Helburua lehenengo sektorearen dinamizazio lana egitea da. Horretarako egin dugun lehen lana eskualdeko ekoizpenaren kontsumoa sustatzea izan da, bi bide nagusi erabiliz: Lehena, jantoki publikoetan ingurugiro klausulak jartzea, bertako produktuak kontsumitzera bideratuz. Dagoeneko bertako produktuak kontsumitzen ari dira Andoaingo Galardi haurreskolan, Hernaniko zaharren egoitzan edota igerilekuan, eta Usurbilgo ikastolan. Bestetik, bertako produktuen kontsumoa sustatzeko kanpaina burutzen ari gara ostalaritzan.

Bestalde, ekoizleekin ere lanean ari gara. Ekoizleentzat egokia izan daitekeen distribuzio edo zabalpen gunea sortzen ari gara, sortu den eskaintzari erantzun bateratua eta koordinatua eman nahian. Dagoeneko eskualdeko hamabi ekoizlerekin lanean ari gara.

Azkenik, Behemendirekin batera, lursail berriak identifikatzen eta ekoizle berriei aukerak ematen saiatzen ari gara. Gure beste lan ildoa sentsibilizazio eta komunikazio lanetan jarraitzea da".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!