“Kirolarekiko neskek duten konpromisoa da garrantzitsuena”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 5a, 01:00

David Sierra Urnietako gorengo mailako nesken entrenatzaileari egin diogu elkarrizketa. Lidergotzan sendo ekin diote bigarren itzuliari. Emaitza onak lortu dituzte, bikainak, baina entrenatzaileak joko onari erreparatu dio. Joko onari, eta jokalarien konpromisoari.

Bigarren itzuliari ekin diozue garaipen argiarekin: 7-0. Indartsu zaudetela dirudi! Zein da sekretua?
Emaitza aldetik oso gustura gaude bai, baina emaitza horrek ez du partida islatzen. Azken 15-20 minutuak gure aldekoak izan baitziren eta, gol gehienak ere denbora horretan iritsi ziren.

Ez dago sekreturik, aurreko urteko taldearekin alderatuz, aurten sortu dugun taldea oso gaztea da. Hogei jokalarirekin hasi genuen denboraldia, eta baita ondo bukatu ere. Nire ustean oso denboraldi polita egin genuen. Baina, jokalarien erdia geratu zen taldean, besteek ikasketak eta gauza pertsonalak zirela medio, taldea utzi behar izan baitzuten. Beraz, aurten taldea birsortzen hasi dugu denboraldia. Bigarren urteko kadete eta jubenilekin 16 jokalarik osatzen dute taldea. Talde txikia da, baina garrantzitsuena neskek kirolarekiko duten konpromisoa da. Badakite nondik datozen, non gauden eta euren konpromisoari esker, gauden tokira iritsi gara. Dudak genituen, eta hasiera gogorra izan bada ere, erritmoa hartu dugula esango nuke.

Bigarren sailkatuari 7 puntuko aldea ateratzen diozue. Hainbestekoa al da besteekiko diferentzia?
Emaitza aldetik, ondo goaz eta puntuak lortzen ari gara. Baina 5-2 irabazi genuen partidan, adibidez, azken bost minututan hiru gol sartu genituen. Emaitzak ez dira beti partiden isla. Halere, oso gustura nago taldearekin eta baita alboan dudan laguntzailearekin ere.

Askok esaten dute garrantzitsuena entrenatzailea dela, baina ni ez nago guztiz ados horrekin. Momentu honetan neskak dira taldea ondo joatearen arrazoia. Gauza asko esan baititzaket, baina eurak dira kasu egiten didatenak ala ez.

Gustura zaude, beraz?
Bai, taldearekin oso gustura. Eta beraiek ere konpromisoa erakusten ari dira. Egia da emaitzek ere laguntzen digutela konpromisoari eusten, eta hori ere positiboa da.  

9 partidatatik 7 partidatan ez duzue golik jaso, hutsean utzi duzue atea. Defentsa ona al da erasoari ekiteko onena?
Kontrara sei gol sartu dizkigute. Partida batean lau, eta beste batean bi. Aukerak ere izaten dituzte guri golak sartzeko, baina batzuetan ez dute zorterik eduki.

Mailari begiratuta, kalitate eta gaitasun aldetik gauzak aldatzen ari direla esango nuke. Lehen Gipuzkoan Oiartzun, Añorga, Erreala eta Eibar bezalako taldeak izaten ziren talde indartsuenak, baina hori orain aldatzen ari da. Geroz eta herri gehiagotan baitaude nesken taldeak.

Eskualdean aurkaririk ez duzuela dirudi: Hernaniri 3-0, Euskaldunari 4-0…
Eskualdean ere maila polita dago. Ez da berdina gure kategoriaren maila edo Euskal Ligak duen maila, baina talde guztien maila goraka doala nabaritzen da. Bi urte daramatzat taldea entrenatzen eta nabaritzen dut gure taldeak bezalaxe, inguruko taldeek ere maila polita dutela. Oraingoak txikitatik ari dira entrenatzen eta hori nabaritu egiten da.

Zer nolakoa da nesken taldeko entrenatzailea izatea?
Lehen jokalari moduan aritzen nintzen, titulua atera eta nesken taldeko entrenatzaile postua eskaini zidaten. Bertan lanean hasi nintzenean, beraiek nitaz ikasten ari ziren bezalaxe, neuk ere haietaz ikasten nuela ohartu nintzen. Horrez gain, gaur egun, nesken futbola telebistan zein zuzenean ikustea mutilen futbola ikustea baino gehiago gustatzen zait, eta ez dut ondo geratzearren esaten.

Gipuzkoako futbol talde guztiei, nesken futbola bultzatu beharra dagoela esango nieke, hemendik gutxira ikusiko baita nesken futbolak bizi duen garapena.

Jokalari izan zara, eta orain entrenatzaile lanetan zabiltza. Zer da zuretzat UKE?
Orain arte dena eman didan elkarte bat da. Hernaniarra naiz baina futbolari moduan UKEn ibili naiz beti, eta orain entrenatzaile lanetan nabil bertan. Klubak, gainera, nire entrenatzaile hasieratan laguntza handia eman dit. Euren balioetan lehenengo postuan baitago bertako taldeak herriko jendearekin osatzearena. Gauza ez da kanpoko jendeari ateak ixtea, baina bai lehentasuna herriko jendeari ematea. Nesken taldean, adibidez, bi andoaindar ditugu gure artean, baina etxekoak bezala dira, sei urte baitira gure artean futbolean dabiltzala.

Zein ibilbide egin nahiko zenuke?
Entrenatzaile munduan segitzea gustatuko litzaidake, bigarren mailako titulua ateratzea eta ahal badut, nesken futboleko entrenatzaile moduan segitzea.

Orain mutilen talde bat entrenatzeko eskatuko balizute, nesken taldean geratuko al zinateke?
Bai, nesken taldean geratuko nintzateke. Zalantzarik gabe.

Nola adieraziko zenioke jendeari nesken futbola ikustera joateko?
Jendea, azkenean, emaitza onak ikustean soilik etortzen da gure partidak ikustera. Baina, bai, egunen batean gerturatzera eta partidaren bat ikustera gonbidatuko nituzke. Orain arte bederatzi partidatik bederatzi irabazi ditugu, baina oraindik ez dugu ezer lortu. Igoerarako bidean, ligako lehenengo postuan amaitu behar dugu eta hori oso zaila da. Baina, emaitzetatik at, zaletuak futbolaz disfrutatzera gonbidatuko nituzke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!