Film labur berria aurkeztear da Durangon

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 6a, 01:00

Zinearen xarmak jota bizi da Arrate Fernandez Itsaso azken urtetan, eta hainbat film laburretan agertu da. 'Begi ninien koreografia' da bere azkeneko sormen lana, abenduaren 7an Durangoko Azokako Irudienea gunean 17:30ean aurkeztuko duena.

“Hamar minutu pasatxoko film laburra da. Edorta Jimenezen Haragizko amoreak poesia liburuan agertzen den poesia batean inspiratuta dago, eta bi pertsonen arteko maitasun musikatua kontatzen da. Amaia Fernandez eta Ander Iruretagoiena antzezleek interpretatzen dituzten pertsonaiek ez dute hitzik egiten; sentimenduak begiratuekin, keinuekin eta musikarekin adierazten dizkiote elkarri. Hasieran txinparta hutsa dena, denboraren poderioz pasio bilakatzen da”. Maitasuna da, beraz, ardatza. Orain aurreko bere film laburraren gaiarekin bat egiten du, izan ere 2015ean aurkeztu zuen Maddi eta Patxi film laburrean brasildar baten eta euskaldun baten arteko harremana zuen aztergai, euskara izanik elkartzen zituena.

Begi ninien koreografiaren eskutik zinema, literatura eta musika batzeko ahalegina egin du. Durangoko azokan estreinatuko da, Irudienea euskarazko ikus-entzunezkoen gunean, datorren abenduaren 7an arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Egilea pozarren dago: “Pozik nago sormen lan bat egiten duzunean publikoak dastatzea nahi izaten duzulako. Eta, noski, Durangon aurkezteak ikusgarritasuna ematen dio lanari. Ikus-entzunezkoen merkatu txiki horretan agertzeko modua izan daiteke”.

Sorkuntza hutsaren ikuspegitik ez ezik, euskararen eta euskal kulturaren normalkuntzatik ere zinemagintzak daukan garrantzia azpimarratu nahi du Arrate Fernandezek: “Bultzada handiagoa behar luke administrazio publikoaren aldetik. Komunikazio kodeak asko aldatu dira, eta sare sozialetara eta irudiaren kulturara lotuta bizi diren belaunaldi gazteak ez dira konformatzen euskal mundutik eskaintzen zaienarekin. Hor ez dute kokatzen euren burua, eta gaztelaniaz zein ingelesez datorkiena kontsumitzen dute. Horrek ere badu eragina euskararen erabileraren jaitsieran”.

Film laburren ekoizpen zaila
Arratek onartzen du ez dagoela erraza film laburren zabalkundea: “Kultur etxeetan jakinarazi dut, eta zenbait lehiaketetan  ere (Errenteria, Leioa, Pasaia...) aurkeztu dut. Erantzunen zain nago. Bestalde, ilusio berezia eragingo lidake jaioterrian, Andoainen aurkeztea. Maddi eta Patxi film laburra Basteron aurkezteko aukera eduki nuen 2015ean, eta oroitzapen polita daukat, jendeak harrera beroa egin baitzion”.

Azkenaldian eskarmenturako balio izan dioten bi proiektuetan parte hartu du andoaindarrak. Izen handiko bi zuzendariren esanetara, gainera. Argazki zuzendaritzan jardun du Pablo Maloren Carnicas 45 film laburrean, eta ekoizpen ardurak hartu ditu Jose Mari Goenagaren Hasiera film laburrean. “Iruditzen zait punta-puntako euskal zinemagintzan murgiltzea egokitu zaidala, eta horrek ofizioan izugarri ikasteko aukera eman dit”.

Arrate Fernandez film laburren arloan ez da atzo goizean hasitako egilea. 2003an Ekintzen ispilu gardena egin zuen, eta 2005an Arbasoen argi iraunkorra.

Film luzea, erronka gisa
Amesten hasita, ez du baztertzen film luzerako jauzia ematea: “Egindako ibilbidearen ostean, zergatik ez?”. Baliabide tekniko eta giza baliabideekin batera, arlo ekonomikoan dago koska, "oso-oso garestiak izaten dira horrelako ekoizpenak. Hori guztia jakinda ere, eusten diot erronkari”. Egun hori iristen denerako prestatzen jarraitzen du. Bien bitartean, formakuntza teknikoetan murgilduta jarraitzen du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!