2017.urteko urtarriletik abuztura bitartean, bilketa selektiboaren tasaren batez bestekoa %51,5ekoa izan zen, eta 2018ko urtarriletik abuztura bitartean berriz %69,2koa. Beraz, urte batetik bestera %17,7ko igoera eman da aipaturiko epean.
Ehunekoen igoera izan bada ere, badira gauzak hobetzeko. Hala nola, organikoaren edukiontzira botatzen diren hondakin desegokiak.
Hondakinen banaketa egokia
Hondakinen banaketa egiterako garaian garrantzitsua da banaketa egokia egitea eta, San Markos zabortegian Urnietako organikoaren zabor edukiontzietatik zuzenean jasotako hondakinen karakterizazio azterketa bat gauzatu zen urriaren 5ean, organikoaren edukiontzira botatzen diren edukietatik zeintzuk diren zuzenak eta zeintzuk diren desegokiak ezagutzeko.
Organikoaren edukiontziko 250 kg-ko lagin bat hartu zen horretarako eta bertako osagaiak sailkatu ziren bakoitzaren pisua eta ehunekoa kalkulatzeko. Ondorio nagusia ondorengoa da: organikoaren edukiontzira botatzen den edukien %94,74 zuzena den arren, gainerako %5,26 ez dagokio edukiontzi horri. Hondakin desegoki horien zati handi bat plastikozko poltsa desegokiak erabiltzeagatik sortzen da.
Hau horrela, Urnietako Udalak gogorarazi nahi du, organikoarentzako poltsa egokiak, doan jaso daitezkeela herritarren arreta zerbitzurako Bulegoan bertan. Gainera alor horretan arreta gehiago jartzea eskatu nahi die herritarrei. Hondakinak ondo sailkatzea eta bilketa selektiboaren tasak igotzea guztion onurarako izango baita. Udalak horretarako birziklapen gida bat banatu du etxe guztietara eta gida galdu edo jaso ez duen orok, bulegoan eska dezake beste bat.