Laida Pilota ikuskizun berezia, abenduaren 15ean Olaederran

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 11a, 01:00

Pilotak Euskal Herriko kulturan betidanik izan duen garrantzia islatzen du Laida Pilota ikuskizunak. Pier Paul Berzaitz abeslari zuberotarrak aurkeztu du.

Nolakoa izan da Laida Pilotaren sorkuntza prozesua?

Hiru elkarteren laguntza izateaz gain, pilotarien batzordearekin ere harremanetan ibili naiz. Beraiek aipatu zidaten ea posible izango zen pilotaren inguruan arituko zen emanaldi bat sortzea. Pilota mundua ezagutu eta aspalditik jarraitzen dut; ez naiz jokalaria, baina gustuko dut partidak zein txapelketak ikustera joatea. Hortik dator pilotaren inguruan dudan jakintza.

Egia esateko, bada emanaldi hau egitera eraman nauen beste arrazoi bat ere, beti egin nahi izan dut emanaldiren bat Landarbaso abesbatzarekin, Iñaki Tolaretxipi ondo ezagutzen dudalako gehienbat. Berari emanaldiaren gaia komentatu nionean gaia interesatzen zitzaiola esan eta gaiarekin eta emanaldiarekin aurrera egitea erabaki genuen.

Zein da emanaldi honekin zabaldu nahi duzuen mezua?

Alde batetik, pilota Euskal Herriarentzat kirol bat baino gehiago dela erakutsi nahi dut.  Kirol askotan ikus dezakegu, baina kirola beti ez da kirol hutsa, bizitzeko modu bat baizik, eta ispilu bat euskaldunontzat. Mundu guztian zehar alderdi askotan, Euskal Herriari izaera ematen dio kirolak eta hori da jendearengana iritsiarazi nahi dudan mezua. Iraganaz gain, gaurkotasuna ere badu pilotak. Ez da ahaztua geratu den kirola, oraindik ere gure egunerokoan presente dagoen kirola baizik. Gainera, aspalditik egin nahi nuen gazte zein helduak agertzen diren emanaldi bat. Horregatik, garrantzitsua iruditu zait Oinkari dantza taldearekin lan egitea. Alde batetik, taldean dituen dantzari gazteengatik eta bestetik Villabonan pilota beti izan da presente bai esku zein sestarekin eta ongi etorri zaigu hori guri emanaldiari osotasuna eman ahal izateko garaian. Gainera, Oinkariko dantzariekin ere oso ondo moldatzen gara. Beraz esan dezaket iparralde zein hegoaldeko artisten arteko lotura egotea ere lortu dugula, eta hori beti da garrantzitsua.
{{IMG-42397}}

Nola egin duzue artisten hautaketa prozesua?

Lehenik eta behin, emanaldian bi zuberotar dantza talde sartzeaz gain, hegoaldeko dantza talde bat ere emanaldian egotea erabaki nuen. Honek, emanaldiari modu positibo batean lagunduko ziola pentsatuz eta pilota Euskal Herri osoan lehiatzen den pilota denez, bi alderdietako dantzariak agertzeari ere eman nion garrantzia.

Ondoren, ni txikia nintzeneko garaiak oroituz, pilotari zein herritarrek jai egunetan kantatzen zutela oroiturik, eta pilota, kantua zein bertsolaritza aspalditik lotuak direla ikusirik, abesbatza batek eta bertsolariren batek proiektuan parte hartzea garrantzitsua zela iruditu zitzaidan, eta horiek ere emanaldira ekartzea erabaki nuen.

Jende askok hartzen du parte ikuskizunean. Nola bideratu dituzue lanak?

Imanol Arabaolaza eta Elixabet Jauregi amasarra izan dira taldeak kudeatzeaz arduratu direnak eta oso ondo eraman dute dena. Oso pozik nago egin duten lanarekin. Jende asko da emanaldian parte hartzen duena, baina nahiz eta asko izan, aipatu beharra dut, guztiak errespetu handia erakusten dutela eta profesionaltasun handiz egiten dutela lan.

Zer azpimarratu zenuke orain arte egindako bideaz?

Niri garrantzitsua iruditzen zait, kultura mailan ikuskizun asko egiten badira ere, kalitatea duten ikuskizunentzat tokia badagoela azpimarratzea. Landarbaso abesbatza adibidez oso profesionala da eta profesionalismoa eta lan egiteko gogoa batzea garrantzitsua da emanaldiak aurrera eramaterako garaian. Gure ikuskizun zein sorkuntzak beti baitaude kalitatea hobetzeko bidean, horregatik garrantzitsua da hobetu nahi duten artistekin lan egitea.
{{IMG-42398}}

Dagoeneko eskaini dituzuen emanaldietan, zein da jendearen erantzuna?

Donapaleu, Senperen, Hazparnen, Miarritzen eman dugu, eta hurrengo emanaldia abenduaren 15ean izango da, Villabonan.  Ondoren besteak beste, Hendaian zein Parisen ere eskainiko dugu ikuskizuna.

Jendea oso gustura atera da orain arte eman ditugun emanaldietatik. Alde batetik, pilotak badu bere publikoa zein mundua, beraz pilota abiapuntu duen ikuskizunak badu tokia Euskal Herrian. Pilota oso maitatua da, eta publiko horrek oso ondo sentitzen du.

Ikuskizunean, bestalde, kontalari den Koldo Amestoy ere badugu gure artean eta berak bere euskara politarekin, poetikoki egiten du emanaldiko zati ezberdinen arteko lotura. Koldoz gain, Xabier eta Aner Eguzkitze ere emanaldiaren parte dira eta hauek Euskal Pilota eta Euskararen arteko lotura egiten dute emanaldian zehar.

Abenduan Villabonan eskainiko duzue emanaldia. Nolako harrera espero duzu?

Oinkari dantza taldearen herria izanik, eta bertako gazteak ezagututa, beraiengatik bada ere jendea gerturatuko dela espero dut. Bestalde gainera, lehen aipatu bezala, Villabonak badu pilotarekin lotura bat eta espero dut gure lana apreziatuko dutela bertara gerturatzen direnek.

Inguruan beste emanaldiren bat lotzeko aukerarik ikusten al duzue?

Oraintxe bertan Gernikan emanaldia lotzeko prozesuan gabiltza baina hegoaldean ez dugu beste emanaldirik lotu oraingoz. Espero dut beste aukerarenbat izatea inguruan emanaldia eskaini ahal izateko.

Zer esango zenioke jendeari zuen emanaldia ikustera gerturatzeko?

Edozeinek barneratzeko moduko emanaldia eskaintzeaz gain, bertan parte hartzen duten artista zein aktoreak kalitatezkoak direla eta beraiei esker emanaldia ere kalitatezkoa dela. Gainera, pilotaren mamiek zirrara berezi bat eransten diotela emanaldiari. Euskaldunok pilota maite dugulako eta hori erakusteko euskaraz baliatzen garelako. Hori da gure mezua; euskara, pilota eta poesia.
{{IMG-42399}}

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!