Durangoko Zugaza Zineman izango da DANTZA filmaren aurre estreinaldia arratsaldeko 20:30etan. Filma 2018ko Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialeko hautagai izan da eta Greenpeacek emandako Lurra Saria ere irabazi du.
Telmo Esnalen fikziozko hirugarren filma da hau eta film honek, dantza tradizionalen unibertso hipnotikoa irudikatzen du. Telmo Esnalek zuzenduta, Txintxua Filmsek ekoitzita, eta Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia, Lapurdi eta Zaragozan grabaturiko filma, zinematan estreinatuko da datorren abenduaren 21ean BTEAM PICTURESen eskutik.
250 dantzaritik gora hartu dute parte bertan eta dantzari horien artean daude Urki dantza taldeko 6 andoaindar. Telmo Esnal zuzendariaren aspaldiko nahia zen dantzari lotutako filma egitea, eta Koldobika Jauregi artista eta Iñaki Urbeltz izan ditu bidelagun filma osatzeko. Bizitzaren zikloa irudikatzen duen filma osatu du, dantza ezberdinak sinbolo gisa hartuz.
Horretaz gain, abenduaren 8an, Durangoko Azokaren programazio barruan, mahai inguru bat antolatu da Telmo Esnal zuzendaria, Juan Antonio Urbeltz koreografoa eta Iñaki Arregi dantza maisua partaide izango direlarik. GEREDIAGAko Antzoki Nagusian izango da 15:00etatik 15:30etara. Egun berean, IRUDIENEA gunean 19:00etan “Dantza Urratsak”en lehen pieza proiektatuko da, Telmo Esnalek zuzendutako 25 minutuko 7 kapituluko serie dokumentala. “Dantza Urratsak” JUAN ANTONIO URBELTZ dantzari, koreografo eta folkloristaren, ikerketa, berreskurapen eta sortze lanak jasotzen dituen serie bat da. Dantza filmeko sortze prozesuak aukera eman dio Telmori, Juan Antonio eta bere ekipoko jendearekin batera serie dokumental hau egiteko, non Urbeltzek bizi osoan zehar egin duen lana jaso, erakutsi eta balorean jartzen den.