Eleuterio Tapia, bera zen festa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 4a, 01:00

Eleuterio Tapia trikitilariaren inguruko liburua aurkeztu berri du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Joxean Agirrek bildu ditu Asteasuko trikitilariaren bizipenak.
Soinu-jotzaile aparta, kirolari bikaina, hizlari trebea, jendatekoa…, Eleuterio bera zen festa. Hala dio Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak aurkeztu berri duen liburuaren izenburuak. Joxean Agirrek idatzi du trikitilari asteasuarraren biografia, hainbat eta hainbat pertsonen testigantzak jaso ondoren.

Errotaberrietakoa

Asteasuko Errotaberrieta baserrian jaio zen Eleuterio 1926ko irailean. Eleuterio mutil-koskorra zela, ordea, Asteasu eta Zizurkil arteko mugan dagoen Mutegia baserrira etorri zen familia osoa. Hantxe hazi zen 15 seme-alabako familia handia. Maria Luisa Amenabarrek, Eleuterioren amak piztu zien seme-alabei musikarekiko zaletasuna. Luis Tapia anaia gazteenak liburuan azaltzen duenez, “gure etxean amak harmonika jotzen zuen, ahoko soinua. Ni gazteenetakoa naiz eta gutxitan ikusi nuen jotzen, baina amak ahoko soinua jo eta umeok larunbat afalondotan dantzan egiten genuen”. Amaren musika-zaletasuna txertatuta, Eleuterio eta Juanito, bi anaia izan ziren soinu-txikiari heldu ziotenak, eta biak maila bikainean.

Lehen soinua erosi

Hamalau urterekin erosi zuen Eleuteriok lehen soinua. Luis anaiak liburuan azaltzen duenez, “ekarri zuen etxera eta ez zuen jotzen ikasi arteko onik izan. (…) Soinua jotzen sekulako borondatea jarri zuen, baina berezkoa ere bazuen. Billabonan bazen Patxi izeneko soinujole bat, kromatikoaren jotzen zuena. Harekin hasi zen ikasten eta Tolosako beste batekin jarraitu zuen. (…) Eta ondoren ekarri zuen Elgeta etxera. Astebeteko egonaldiak egiten omen zituen. Goizean saio bat eta arratsalden beste bat. Eguneko hamar pezeta eta mantenua ematen zizkioten”. Soinuarekin abilezia aparta zuen Eleuteriok, eta baita entzundako piezak buruan gorde eta ateratzeko ere.

Herri kiroletan

Kirolaria ere bazen Eleuterio. Herri kiroletan maila bikainean ibili zen. “Euskal Herriko sega txapelketako txapelduna izatera iritsi zen eta hiru apustu ere irabazi zituen segan”, azaldu du Joxean Agirre idazleak. Harrijasotzailea ere izan zen Eleuterio. “Liburua egiteko eskatu zidatenean, oso zaila ikusi nuen bi arlo horiek bateratzea. Soinua beti lotu izan dut parrandarekin, gauarekin… eta kirola berriz diziplina eta entrenamentuekin. Eleuteriok bi mundu horiek uztartu zituen. Eleuterioren seme Juanekin elkartu nintzen liburuaren inguruko plangintza egiteko, eta berehala konturatu ginen trikitixarena aro pre-moderno horretan, mandiotako erromerien garaian, dena bat zela; gaztetasuna, sasoia, indarra, izerdia… Mundu horretan ez zegoen horrelako bereizketa izugarririk kirola eta soinuaren artean, eta hortik abiatu ginen liburua osatzen”.

Profesionalizazio bidean

Soinu-jotzaile erdi-profesionala izan zen Eleuterio. Diru-iturri garrantzitsua zen berarentzat, eta saio asko eskaintzen zituen urtean. Juan Tapia semeak azaldu eta liburuak ere jasotzen duenez, abuztu batean 28 saio eskainitakoa zen. “Andoaingo Sanestebanetan propio gure aitak egun bat libre noiz edukiko egoten ziren festak antolatzeko. Auzora eraman eta hiruzpalau egun edukitzne zuten bertan eta leku askotatik hurrengo urterako hitzordua eginda itzultzen zen etxera. (…) Nire irudipena da ez ziotela soinua jotzeagatik bakarrik deitzen, giroa jartzen oso ona zelako baizik”, aipatzen du Juan semeak liburuan. Kontalari ona zen Eleuterio, pasadizoak, txisteak…, umorea jartzen trebetasuna zuen, eta bertsotan ere moldatzen omen zen.
{{IMG-42378}}

Joxean Agirrek liburuan jaso duenez, “eboluzio handia bizitu zuen Eleuteriok bere garaian. Hasi, mandioko erromeria haietatik, irratiko saioetara iritsi, handik txapelketatera, jaialdietara… Garai bateko erromeria haietan denek hartzen zuten parte; batzuk jotzen, besteek dantzan. Gerora ordea, trikitilarien saioak eserita entzuteko joera sortzen da. Eleuteriok aldaketa hori bizitu zuen”.

Grabaketa

Grabaketa gutxi ditu Eleuteriok, eta Juan semeak eman ditu azalpenak: “aita oso perfekzionista zen, bere buruarekin oso zorrotza. Denean zen horrelakoa. Sorora joaten baginen, gauzak zuzen egin beharra zegoen, halaxe gustatzen zitzaion. Soinuarekin ere asko eskatzen zion bere buruari. Grabaketak egiteko garaia iritsi zenean, adinean aurrera zioan. Momentu hartan baino hobeto jo izan zuela esaten zuen. Ez bazuen bere maila gorena emango, ez zuen grabatuta geratzerik nahi. Grabaketa apur batzuk egin zituen, baina ez gehiegi”. Zorte txarrak ere eragin zuen Eleuterioren grabaketa gehiago ez egotea. Bartzelonan diska bat grabatzekotan zela, segadorarekin min hartu, eta joan ezinik geratu zen. “Ebaki handia egin zuen hatz batean eta ezin izan zuen joan. Aitak askotan esaten zuen hatz hura ez zitzaiola sekula bere onera etorri”, gaineratu du Juanek. Liburuarekin batera, Eleuterioren grabaketak biltzen dituen Cd bat ere argitaratu dute. Juanito anaiak grabatutako piezaren bat ere sartu dute bilduman.

Irakasle

Trikitixa jotzen erakusten hasi zen lehendabizikoetakoa izan zen Eleuterio, Elgetaren ondotik. Ikasleen etxeetara joaten zen, edo berera ere gerturatzen ziren batzuk. Usurbilen jarri zuen lehen trikitixa eskola. “Kale Zaharreko etxe batean jarri zuen. Sukaldea eta logela erabiltzen zituen ikasgela gisa”, oroitu du Juanek.

Anastasia Arzallus

Errezilgo Anastasia Arzallusekin ezkondu zen Eleuterio eta sei seme-alaba izan zituen bikoteak. Haiek behin eta berriz eskatu bazioten ere, alabei ez zien soinua jotzen erakutsi. “Ikasiko nukeela esaten zidan, buru ona nuela eta belarri hobea, baina emakume batek zertarako behar duen soinua, galdetzen zion bere buruari”, dio liburuan Ana Mari alaba gazteenak. Alabei ez zien erakutsi, baina Eleuterio izan zen emakume bati soinua jotzen erakutsi zion lehendabizikoa. Usurbilgo maistra bat izan zuen ikasle. Pazientzia handiko irakaslea omen zen Eleuterio, goxoa eta ikasleak motibatzen bazekiena. Bere eskutik pasa ziren izen handiko trikitilariak.
{{IMG-42377}}
Eleuterio Tapia zenaren alarguna, Anastasia Arzallus, sei seme-alabaz inguratuta

Umorea

Eleuterioren umorea nolakoa zen ere jasotzen du liburuak, Arantxa alabaren ahotik: “Umore oso oneko gizona zen. Beti txistua joaz agertzen zen etxean. Piezaren bat buruan zuela ibiltzen zen eta soinuarekin orduak ematen zituen piezak ateratzen”.

Agurra eta omenaldiak

1988ko irailean hil zen Eleuterio, gaixoaldi baten ondorioz. Bost urte lehenago Guardia Zibilak atxilotu eta torturatu egin zuen, zortzi egunez. Madrilgo epaile batek aske utzi zuen, kargurik gabe, baina Eleuterio ez zen inoiz lehengora itzuli. Atxiloaldiaren ondoren, berehala gaixotu zen, eta bost urteren buruan hil zen, 62 urterekin. Omenaldiak egin zizkioten Asteasun eta Zizurkilen eta geroztik, eskultura bat dago Asteasuko plazan bere oroimenez. Eleuterioren trikitiaren doinuek, haren umore eta jendearekin egoteko zuen abileziak, bizirik diraute ezagutu zutenen bihotzean.

Non eskuratu

‘Eleuterio Tapia, bera zen festa’ liburua, trikitixa.eus webgunean eskura daiteke. Horrez gain, Asteasuko Iturri-Ondo tabernan ere eskuragarri dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!