Magdalena Moujan Otañoren ‘Gu ta gutarrak’

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 5a, 01:00

Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren biloba izan zen Magdalena Moujan Otaño. Izen handiko zientzialaria izan zen eta idaztea ere gogoko zuen.

Zizurkilgo Teodoro Hernandorena Kultur Taldearen ekimenez, MagdalenaMoujan Otañok  Argentinan sortutako ‘Gu ta gutarrak’ ipuinak, argia ikusi du berriz ere. Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren biloba zen Magdalena. Lanbidez sona handiko zientzielari, eta zaletasunez idazle. Hernandorena taldeko kide den Joxin Azkuek eman ditu azalpenak: “Otañoren familiak hala erabakita, Hernandorena taldeak jaso zuen Pello Mari Otañoren dokumentazio osoa. Dokumentu garrantzitsuenak Koldo Mitxelenan daude egun, baina gauza gehiago ere baziren, eta besteren artean, Gu ta gutarrak ipuina azaldu zitzaigun. 2006an familiak ipuinaren edizio bat egin zuen, Argentinan, eta guk bagenuen edizio hura”.

Xalbador Garmendiak euskaratua

Jatorriz gaztelaniaz idatzitako ipuina da ‘Gu ta gutarrak’. Joxin Azkuek harremana zuen Xalbador Garmendiarekin. “Euskara batuaren inguruko Arantzazuko bileratan egondakoa zen Xalbador Garmedia, eta berea izan zen euskal deklinabidearen ardura. Garrantzia eta jakinduria handiko pertsona zen, eta egun batean, Gu ta gutarrak ipuina erakutsi nion. Asko gustatu zitzaion, eta itzultzeko erronka bota nion. Denbora pixka batera deitu zidan, itzulpena emateko. Euskara zoragarria darabil, oso polita”.

Maria Altunaren ilustrazioak

Gaztelaniazko eta euskarazko bi bertsioak eskuan, ipuina argitaratzea erabaki zuten Hernandorena taldeko kideek. “Euskaraldiari lotuta, gure ekarpentxoa egin nahi genuen, eta egokia iruditu zitzaigun ‘Gu ta gutarrak’ ipuina argitaratzea. Maria Altuna artista zizurkildarrari eskatu genizkion ipuina ilustratzeko marrazkiak. Oso ilustrazio bereziak sortu ditu, asko jantzi du argitalpena”, azpimarratu du.

Etxe guztietan

Dagoeneko prest dute Gu ta gutarrak ipuina, eta “gure argitalpenekin beti egiten dugun bezala, Udalaren esku uzten dugu argitaratutako, herriko etxe guztietan bana dezaten. Zizurkilgo etxe guztietan jasoko dute, beraz, Gu ta gutarrak ipuinaren ale bat”.

Aiztondon, Aiurriko harpidedunek ere jasoko dute ipuina, hamaboskariarekin batera. “Aiurritik proposamena egin zigutenean, ez genuen zalantzarik izan. Izan ere, lanak ahalik eta zabalpenik handiena izatea da gure nahia”.

Bi hizkuntzatan

Gaztelaniaz sortu zuen ipuina Magdalenak eta jatorrizko bertsioa errespetatu nahi izan dute Hernandorena taldeko kideek. “Egileari errespetoa zor genion, horregatik bi bertsioak jasotzen ditu argitaratu berri dugun liburuak. Gainera, Argentinara ere bidali nahi ditugu ale batzuk. Hango familiako kideentzat, eta Euskal etxeetara bidaliko ditugu, baita La Platako unibertsitatera ere.

Pello Mari Otañoren ondareari eusteko ahalegin berezia egin zuen Magdalena Moujanek. “Hiru biloba bereziki maitean zituen Otañok. Hiruei ezizenak jarri zizkien. Magdalenari ‘Beltxa’, Susana Ardanaz Otañori ‘Txuri’ eta Hector Ardanaz Otañori ‘Nere’”. Gu ta gutarrak ipuinean, bere jatorriari aipua egiten dio Magdalenak umorez, bertan ari diren hiru txakurrei Beltxa Txuri eta Nere izenak jarriz. Hernandorena taldeko kideek libururako prestatutako hitzaurrean jasotzen dute hiru bilobei egindako aitorpena: “Aitortu, amaitzeko, Otañoren itzala guregana tinko iritsi bada, Beltxak, Txurik eta Nerek Pello Mari aitonaren oroimena jasotzeko ahaleginei zor diegula. Eskerrak bihotzez”.

Umore berezia darie ‘Gu ta gutarrak’ liburuko orrialdeei. Joxinek aipatu duenez, “oso tonu bereziko ipuina da. Umore bitxia darabilena, eta bere jatorriaren inguruko keinu ezberdinak egiten dituena”.

Aurkezpena

Azaroaren 29an egin zuten liburuaren aurkezpena Plazida Otaño liburutegian. Liburua bera aurkezteaz gain, hernandorena.eus webgunean aurki daitekeen dokumentazioaren inguruko azalpenak eman zituzten. Kultur taldeak urteotan egin duen lana aurki daiteke bertan, interesa duen edonork eskura izan dezan. Ordu askotako lana egiten du Hernandorena taldeak webgunea eguneratuta mantendu eta elikatzeko. “Ia 25.000 argazki dago webgunean. Bakoitza bere fitxarekin”, azaldu du Joxinek. Lan hori guztia, herritar guztien eskura dago internet sarean.

Urte amaiera indartsua dute Hernandorena taldeko kideek. Pasa berria da Pello Mari Otaño bertso-paper sariketa, eta Gu ta Gutarrak liburuak ere azken asteotan ikusi du argia. “Elkartearen diru-poltsa hustuta geratu zaigu, eta hura betetzea dagokigu orain. Foru Aldundiarekin Mezenazko hitzarmena dugu sinatuta, eta Zizurkilgo Udalak ere diru-laguntza ematen digu. Beste diru sarrera batzuk ere izaten ditugu urtean zehar eta horiek baliatzen ditugu ekimen ezberdinak aurrera ateratzeko”, azaldu du Joxinek.

Hernandorena.eus

Teodoro Hernandorena taldearen webgunean aurki daiteke Gu ta gutarrak ipuinaren inguruko informazio osatua. “Argitaratu dugun liburua jarri dugu, nahi duenak jaisteko moduan. Horrez gain, zentsurak bere garaian zentsuratu zuen liburua ere ikus gaiteke bertan, baita zentsuratzeko eman zituzten arrazoiak ere. Magdalena Moujanen figuran gehiago sakondu nahi duenak, bere inguruko erreferentzia ugari aurkituko ditu”. Webgune osatua da hernandorena.eus. Teodoro Hernandorena taldeak urte hauetan zehar egin duen lan eskerga bertan dago edonoren eskutik: toponimia, Bartolome Auzmendiren argazki eta bideo bilduma, Pello Mari Otañoren inguruko informazioa.
 


Magdalena Moujan Otaño, Beltxa
{{IMG-42375}}

Magdalena Moujan Otañok sortua da ‘Gu ta gutarrak’ ipuina. Pello Mari Otaño bertsolari zizurkidarraren biloba, Argentinako Pehuajo herrian jaio zen, 1926an. Aitonak ezizenak jarri zizkien bere bilobei eta Magdalena ‘Beltxa’ezizenarekin ezagutzen zuten bere ingurukoek.

Matematikari

Matematika ikasketak egin zituen Beltxak eta1950an doktoretza ere eskuratu zuen. Maila handiko zientzialaria zen Magdalena, eta ardura handiko lanak egin zituen bere ibilbidean zehar. Besteak beste, Energia atokikoaren Batzorde Nazionaleak, Buenos Aires probintzeako Energia Zuzendaritza…, eta hainbat unibertsitatean ere aritu zen, irakasle eta ikerlari. Honoris causa izendapena ere jaso zuen hainbat unibertsitatetan.

Joxin Azkuek jakinarazi duenez, “ezagutu zutenen iritzizi, langilea, euskalduna eta handi bezain apala zen”.

Zientzia fikziozko ipuinak idaztea gogoko zuen Magdalena Moujan-ek, “ez zuen asko idatzi, baina bere idatziak nabarmendu egin ziren. Bere sorkuntzen artean, ‘Gu ta gutarrak’ ipuinak sona handia lortu zuen. 1968an, Argentinako zientzia fikzio alorreko ipuinen Sari Nagusia eskuratu zuen”.

Mar del Platan

2005ean hil zen Magdalena. Mar del Platan. Pello Mari Otaño aitona zuenaren alboan lurperatua izatea eskatu zuen eta Mar del Platako hilerrian daude gorpuzkinak, baita Malen amona eta Teresa amarenak ere.

Inork gutxi zekien Pello Mari Otañoren gorputza non zegoen. “Izan ere, Rosarion hil zen, bertan lan bat egiten ari zelako. Rosarioko hilerrian lurperatu zuen, baina bertako Euskal Etxean galdetuta, familiak lekuz aldatu zuela jakin genuen. La Platako hilerrian hasi genuen bilaketa. Pello Mariren inguruko erreferentziarik ez genuen aurkitzen, ez genekielako zein datatan eraman zuten hara. Magdalena bilobaren ilobia aurkitu genuenean aurkitu genuen aitonarena ere”, azaldu du Joxin Azkuek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!