Andoain Laburrean bideo lehiaketa abian da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 3a, 01:00

Jada bideoak aurkez litezke Andoain Laburrean izeneko lehiaketara. Gazteen euskarazko sorkuntza ikus-entzunen sektorean bultzatzea du helburu lehiaketak. Ainara Rodriguez euskara zinegotziak eta Ainhoa Aiertza ESCIVI Zine eta Bideo eskolako irakasleak aurtengo edizioaren inguruko xehetasunak eman dituzte.

[Bideoa]

Lehiaketa Andoaingo Udalak eta ESCIVI eskolak elkar lanean antolatu dute hasieratik, 2015etik.

Rodriguezek halako lehiaketa antolatzearen zergatia azaldu du: “Bizi garen gizarte hau neurri handi batean ikus-entzunezkoen eta irudiaren gizartea da. Eskuko telefonoak, tabletak, ordenagailuak, era guztietako ikus-entzunezkoak eta euskarri ezberdinetako komunikabideak… horiek guztiak geure egin ditugu, tresna horiek guztiek osatzen duten munduan bizi gara. Euskarak, geure hizkuntza biziago bada, sasoitsu izan behar du eremu horietan ere. Eta kontu hau bereziki da garrantzitsua gaztetxoei eta gazteei dagokienez. Aipatu ditudan eremu horietan naturaltasunez aritzeko makulu sendoa izan behar dute euskara gazteek, eta bereziki euskara eskolan ikasi duten gazteek. Hori guztia da Andoain laburrean bideo lehiaketa antolatzeko dugun arrazoi nagusia. Hori guztia da Andoain Laburrean bideo lehiaketa antolatzeko dugun arrazoi nagusia”.

16 urte edo gehiago duen profesionala ez den eta Andoainen bizi, ikasi edo lan egiten duen edozeinek parte har dezake lehiaketan, Ainhoa Aiertzak esan zuenez. Gaia librea da, eta ez du zertan mugaturik Andoainera edo beste ezein eremu geografikora. Nolanahi ere, Andoaingo herriari edo Andoaingo pertsona edo gertakari ezagun bati buruzko erreferentziaren bat jasotzea hobetsiko da.

Nahi duten generoetan aurkeztu ahal izango dira lanak: filma, publizitate spota, elkarrizketa, dokumental laburra, bideoklipa, bideo-artea, animazioa… Urtarrilaren 31 da azken eguna lanak aurkezteko.

Oinarriei buruzko informazio gehiago jakite aldera, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren www.andoaindarraeuskaraz.eus web orrira jo daiteke.

Sari banaketako ekitaldia 2019ko otsailaren 14an izango da, Basteroko kulturgunean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!