Martin Ugalderen grabaketei esker

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 2a, 01:00

Andoaingo gordailutik atera zuen Josu Martinez zuzendariak 'Jainkoak ez dit barkatzen' dokumentala egiteko oinarria: Martin Ugaldek Lezo Urreiztietari egindako grabazioak, hain zuzen. Abenduaren 4an eskainiko dute Basteron, 19:30ean hasita.

"Milaka arma erosi zituen euskal antifaxistentzat. Bere bizia arriskatuz, ehunka pertsonarena salbatu zuen. Franco hil zuen, ia. Lezo Urreiztietak bere bizitza harrigarria kontatzen digu, hil eta 40 urtera", horixe da hurrengo asteartean arratsaldeko 19:30ean Basteron eskainiko duten dokumentalaren sinopsia.

“Jainkoak ez dit barkatzen” filmak Lezo Urreiztieta zenaren bizitza harrigarria aurkezten du. Josu Martinez zuzendariak berak Zuzeu agerkari digitalari aitortu dio filmaren protagonista definiezina dela: "Gudari bat zen, ameslaria, utopiaren gudaria, euskal abertzale bat. Horrez gain, itsasgizona, kontrabandista, bihurria, katolikoa, bon vivant samarra eta askea erabat, heterodoxoa eta batez ere eskuzabala. Indalecio Prieto sozialistak zioen eskuzabala zela, erotzeraino. Denentzat dena, eta neretzat deus ez".

Lezo Urreiztieta 1907an Santurtzin jaio zen, eta haur zenetik gertutik ezagutu zuen itsasoaren eta estraperloaren arteko lotura estua. 

Bigarren errepublika garaian ELA sindikatuko eta EAJ-PNV alderdiko Yagi-yagi mugimenduko kidea zen. Korronte independentista zen hura, jeltzaleen barruan.

Gizonak bere bizitzan izan zituen abenturak, denboraren ikuspegitik, harrigarriak dira. Askoren artean, bizpahiru gertaera hurrengo lerroetan. 

1934an, Asturias aldean, fusilatzeko beldur ziren dozenaka lagun itsasoz ateratzeko enkargua egin zioten sozialistek. Gauez iritsi zen, eta bere barkuan 826 pertsona sartu zituen. Enbata gogor bati aurre eginez, Donibane Lohitzuneraino iristea lortu zuen.

1936ko Gerra piztu zenean, 8.000 fusil erosi zituen Txekoslobakian eta Poloniako Danzig portutik Santanderrera ekartzea lortu zuen. Arma horiek guztiak Bizkaiko frontean erabili ziren.

Franco erailtzea helburu zuen,  eta 1950eko hamarkadan Pazifikoan Euskal Herria irla batean sortzeko urratsak eman zituen.

Ibilera horiek guztiak gaur arte iritsi badira, Martin Ugalderi esker izan da. 1975 eta 1978 artean hainbat grabazio egin zizkion, 35 ordu denera. Andoaingo Udal artxiboetan kasetetan gordeta zeuden, Ugaldek berak herriari utzitako ondarearen artean. Josu Martinezek denbora eman zuen zinta horiek guztiak entzuten, ia obsesiora iritsi arte. Grabazioak entzunda, oso argi zuen filmaren audioak Lezo Urreiztietaren ahotsa izango zuela. Errealismoa indartzen du horrek. Abenduaren 4an Basteron eskainiko dute, eta aurkezle lanetan Josu Martinez zuzendaria eta Ainara, Martin Ugalderen alaba arituko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!