Ondo merezitako aitortza ekitaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 30a, 01:00

Alberto Agirre abesbatzaren 36 urteko ibilbide nekaezin eta oparoari ohore egin zioten Basteron, joan zen igandean. Aurtengo Santa Zezilia zikloari amaiera dotorea eman zioten, ekitaldi jendetsuan.

[Bideo sorta] Kronika:

Abesbatzak Andoaingo herriari eta euskal kantagintzari erakutsi dien eskuzabaltasuna aitortu zioten. Basteron agerian geratu zen musikak herritarrak batu eta andoaindar nortasun kolektiboa indartzen duela. Ekitaldian parte hartu zuten musikari, abeslari eta dantzariek, denek bat eginik, musikaren historia garaikidean gogoratuko den ospakizun dotore horietakoa osatu zuten, azaroaren 25ean.

Alberto Agirre abesbatzako egungo kideak irten ziren lehenbizi oholtzara, eta Bastero lepo jarri zuen ikuslegoak txalo zaparradarekin hartu zituen, protagonismoa ondo merezita dutela adieraziz bezala. Ondoren, Ixiar Oreja aurkezleak Olagain txistulari elkarteko kideei festara batzeko gonbitea luzatu zien, abesbatzarekin batera Mendigoizale abestiari ekiteko.

Kontzertua aurrera joan ahala, eszenatokia txiki geratu zen, han bildu baitziren Alberto Agirre abesbatza eta txistulariez gain, Udal Musika eskolako banda eta abesbatza eta Urki dantza taldeko June Miner eta Unai Barrutia dantzariak. Emanaldian euskal kantutegiko hainbat pieza eskaini zituzten: Maite, maite maitia, Oi Pello, Nere herriko, Txoria txori, Euskal musikaren gorespena, eta, bukatzeko, Txanton Piperri. Hainbeste musikari elkarrekin bilduta, gozatzeko modukoa izan zen. Emozioz beteriko aurpegiak ikus zitezkeen emanaldian zehar. Ospakizunaren azkenerako utzi zuten Alberto Agirre hitzez eta txaloz zoriontzeko tartea. Lehenbizi, 36 urteko ibilbidea irudi bidez jarraitu ahal izan zen pantailan. Eta abesbatzako lehen zuzendarietako batek, Junkal Gerrerok, bideoz egindako mezua eskaini zuten.

Kultura zinegotzi Esti Mujikak hartu zuen hitza, jarraian, eskertza adierazteko: “Herriko ekintza ezberdinetan zuen doinuekin gure belarriak goxatu dituzuelako, abesbatza batean parte hartzea kantatzea baino gehiago delako, herri baten aniztasuna eta batasuna azaleratzen baitira”.

Ondoren, Ixiar Oreja aurkezleak, Alberto Agirre abesbatzaren kide edo kolaboratzaile izan diren hainbat pertsonari oholtzara igotzeko dei egin zien. Pilar Txopeitia, Begoña Tolaretxipi, Ramon Beraza edota Joxe Mari Oiartzabal igo ziren omenaldiarekin bat egitera

Carrere alkateak eta Mujikak, abesbatzako kideei oroigarriak eman zizkieten. Eta abesbatzari Nerea Uralde artistak egindako margoa. Denek batera, Guk euskaraz kantatuz, ekitaldi gogoangarriari amaiera eman zioten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!