Urte zaharreko lasterketa Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 30a, 01:00

Zumea plazatik abiatuko da ospakizun kutsuko lasterketa, datorren abenduaren 31n goizeko 11:30etik aurrera. Antolatzaileek herrikrosa.eus webgunean aldez aurretik izena emateko aholkua luzatu diete parte-hartzaileei

Abenduaren 31ren zentzua aldatu egin da Andoainen, herritar talde batek 'Lasterka Itzuli' lagunarteko lasterketa antolatzeari  ekin zionetik. Eta aldatu, noski, onerako aldatu da.  Zumea inguruan eta herrigunean kirol hitzordua ospakizun bilakatzen baita: Errepidearen erditik doazenek jakin badakite lasterketa urteari amaiera emateko jarduera sanoa eta atsegina dela. Alboetan, aldiz, lagunak eta herrikideak animoak emanez izaten dira. Partaideen eta ikusleen artean halako batasuna ematen da, mozorroak tartean direnean areagotzen dena. Antolatzaileen asmoa horixe da: "Lasterketa herrikoi, koloretsu eta parte-hartzailearen bitartez agurtu nahi dugu urtea".

Aurretik izena emateko eskaera

"Lasterketak hartu duen tamainagatik eta egunean bertan sortzen diren ilarak ikusita, jendeak aldez aurretik izena eman dezan sustatu nahi dugu. Antolakuntzaren aldetik lehenagotik izena emateko aholkua luzatu nahi dugu, herrikrosa.eus gunean". 6 euro besterik ez dira izango, eta abenduaren 30eko 24:00ak arte izena emateko aukera izango da. Egunean bertan, ahalik eta izen-emate gutxienak egin nahi dituzte. Kasu horretan prezioa 8 eurokoa izango da.

14-16 urte artekoek egunean bertan izena eman beharko dute, "heldu batek bertan baimena sinatu beharko duelarik". Hilabete eskas falta da urtea amaitzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!