Ekimen ikusgarri eta parte-hartzailea azaroaren 25ean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 29a, 01:00

Emakumeen aurkako indarkeriaren nazioarteko egunean, Andoaingo Asanblada Feministak performance ikusgarri eta jendetsua eskaini zuen Goikoplazan. Lehenago, Andoaingo Udalak plazan bertan azaroaren 25ari lotutako adierazpena irakurri zuen.

[Argazkiak]

Adin ezberdineko 50 emakume, guzti-guztiak beltzez jantzita, gertaera historiko ezberdinen lekuko izan diren Goikoplazako eskaileratan ipini ziren goizeko 11:00ak aldera. Emakumeen aurkako indarkeriaren nazioarteko egunean, hitza eta gorputza baliatuz, indarkeria mota guztiekin nahikoa dela aldarrikatzeko plaza bereganatu zuten. Erailketa muturreko indarkeriaren adibide gordinena baita, baina ez bakarra. Performance ikusgarrian indarkeria maila ezberdinak gogora ekarri zituzten: ahozko indarkeria kasuak, jai giroan pairatzen dituzten jazarpenak eta ukipenak, mezpretxua lan munduan, edota egunerokoan etxe barruan maiz ematen den jokabide matxista. Jazarpen eta indarkeria zerrenda hori aipatzen hasita, Andoaingo Asanblada Feministak oso argi dauka indarkeria matxista egiturazkoa dela: "Zalantzarik gabe, emakumeenganako indarkeria gizonen eta emakumeen arteko desorekaren adierazpen nagusia da. Eta kasu batzuetan gu geu emakumeak ez gara jabetu ere egiten, desoreka horien normalizazioa eta asimilazio sistematikoa gure gizartean errotuta baitaude. Testuinguru gordin honetan, (in)justizia dugu jaun eta jabe, (in)justizia patriarkala".

Goikoplazako ekitaldian adierazi zutenez, emakumezko asko dagoeneko ez da elkarretaratzeekin eta minutuko isiluneekin konformatzen. "Egunak joan, egunak etorri, biolentzia matxistak presente dirau, baina, bien bitartean emakumeok ez gaude itsu, mutu edo gor. Jakin badakigu biolentzia matxistari aurre egiteko alor askotan borroka egitea dagokigula. Sisteman eragin nahi dugu, eta patriarkatua astindu. Horretarako gizarte osoaren inplikazioa behar dugu, bakoitzak bere erantzukizuna bete dezan".

Hiru eskaera nagusi: Justizia, hezkuntza eta komunikabideak
Erakunde eta gobernuetan funtsezko lehentasuna izatea eskatu zuten, "behar diren baliabideak eskura jarriz, salaketen kasuan erasotuen integritate fisiko eta psikikoa bermatuz, eta beharrezko baldintzetan erreparatuz".

Heziketa partekatuaren aldeko defentsa egin zuten, "harreman afektiboak eta sexualak sanoak sustatuz, printzesa babesgabeak eta matxito biolentoak bazterrean utzita".

Hedabideei eskaera zehatza egin zieten: "Indarkeria matxistaren inguruko berriek trataera zorrotz bat izan dezaten, bizilagunen aitortzetatik harago, eraso ezberdinen errealitatea oinarritik azalduz eta kontestuaren larritasuna aintzat hartuz".

Eskaera horiek egin ondoren, performancean parte hartu zuten emakumeekin batera borobilean jartzeko gonbitea luzatu zitzaion ikuslegoari. Dozenaka ziren, eskutik helduta, plazan elkartutakoak. Ekitaldi ikusgarri eta parte-hartzailea txalo zaparradarekin amaitu zen.


{{IMG-42336}}

Udal adierazpen bateratua

Azaroaren 25eko ekitaldi nagusian, Ana Carrere alkateak adierazpen osoaren atal nagusienak irakurri zituen: "Emakumeen kontra burutzen den indarkeria mota oro guztiz onartezina dela baieztatzeko eguna da; indarkeria sortzen duten eragile eta egitura guztiak errefusatzen ditugula esateko eguna da, eta gure herrian ez dugula ez bakerik ez normalizaziorik izango emakume izateagatik emakumeak hiltzen eta erasotzen jarraitzen den bitartean.

Urteak daramatzagu lanean emakumeek gizonen eskubide eta aukera berberak izango dituzten gizarte bat eraikitzeko. Alabaina, egunez egun biolentzia matxistaren egoerak bisibilizatzen ditugu, egiturazko biolentzia existitzen dela erakusten diguna, gizartearen arlo guztietan dagoena.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da, emakumeontzat eguneroko ogia. Tamalez, ezkutuan mantentzen da askotan, baita justifikatu ere. Indarkeria matxistatik libre egongo den gizarte igualitario baten eraikuntzan beharrezkoa da indarkeria matxista kasuak ezagutzea, eta horrela, biktimak bisibilizatu, indarkeria mota horren deslegitimizazio sozialean lanean jarrai dezagun. Baina ez da nahikoa bisibilizazio eta sensibilizazioarekin; beharrezkoa da interbentzioaren fase guztietan esku-hartzea: prebentzioan, detekzioan, arretan, babesean, justizian, eta nola ez, baita erreparazioan ere. Indarkeria matxistaren biktimak genero eta jabekuntza ikuspuntutik behar bezala artatuak izan daitezela bermatu behar dugu.

Gaur emakumeen erreparazioan zentratu nahi dugu, baita indarkeria sufritzen duten haurren erreparazioan ere. Biktima errekonozimendu horretatik harago, ez da hitz egiten erreparazio sozial eta ekonomikoaz, edota zerbitzu ezberdinetan eskaini beharko litzatekeen artatzeaz –esaterako, polizia etxeetan, epaitegietan, ospitaleetan, gizarte zerbitzuetan...–.
Andoaingo Udalean honetan sakondu nahi izan dugu, eta horregatik, indarkeria matxista kasuetako interbentzioaren urrats guztiak jasoko dituen protokolo batean ari gara lanean, arreta berezia jarriz prozesu honen azken urratsean, alegia, emakumeen erraparazio osoari dagokionean.

Horregatik guztiagatik, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, Andoaingo Udalak ondorengo konpromisoak hartu nahi ditu:

•    Andoaingo Udalak konpromezua hartzen du indarkeria matxistaren biktima guztiak artatzeko bere urrats guztietan, momentu honetan sektore ezberdinekin lantzen ari den protokoloaren baitan, eta horretarako beharrezko baliabide tekniko eta ekonomikoak jarriz.
•    Andoaingo Udalak, izatea eta izendapena orekatzeko asmoz, hemendik aurrera “indarkeria matxista” terminoa erabiliko du, hauxe baita pertsona adituek modu arruntean darabilten kontzeptua".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!