Emeek emana, emakume borrokalarien bizipenen erakusketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 28a, 01:00

Emeek emana erakusketaren irekitze ekitaldia egin zen Lekakio kultur etxean astelehenean. Frankismoaren testuinguru historikoan zenbait emakumeen bizipenak jasotzen dira erakusketan, euren irudi, biografia eta adierazpenekin hornituta. Abenduaren 5a bitarte zabalik egongo da 17:00etatik 20:00etara.

[Argazkiak]

[Bideoak]

2016an Debagoienako Intxorta 1937 elkarteak antolatuta, frankismo garaian ekintzaileak izan ziren hainbat emakumeri omenaldia eskaini zitzaien Elgetan, eta ekitaldi hartan dauka jatorria erakusketak. Emakume haiei egindako elkarrizketak eta Mauro Sarabiaren argazkiak hartu dira oinarritzat erakusketa osatzeko.

Erakusketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik heldu da Urnietara. Maribel Vaquero Bizikidetzako eta Giza Eskubidetako zuzendariaren hitzetan, “legegintzaldiaren hasieran, ohartu ginen memoria historikoaren alorrean, emakumearen figura oraindik ere ezezaguna izaten jarraitzen zuela, etxean isil-isilik geratu izan balitz bezala, sufrituz eta era pasibo batean”. Horrela, intepretazio horrekin hausten zuen Intxorta 1937 elkartearen proiektua aurkeztu zen, eta laguntzea erabaki zuen Aldundiak zalantzarik gabe.

Vaquerok adierazi zuen erakusketan ez direla Urnietako emakumeak agertzen, baina berari, adibidez, Maria Arizmendi eta bere ahizpak gogora etortzen zaizkiola. “Emakume Batzakoak ziren, eta euren ideologiari tinko eutsi zioten, erresistentziazko pasarteak bizi zituzten, eta zigorra jasan zuten horreexegatik”.  

Intxorta 1937 elkarteko Julia Mongek adierazi zuenez, “erakusketaren helburu nagusia emakumea ikusgarri egin eta bere alde ekintzailea eta duintasuna agertzea da; izan ere, oraindik ere emakumeak “intzidentzia” moduan ageri dira historia liburuetan. Ikuspegi sinboliko batetik, epikoa izango du lubaki batean dagoen gizonaren argazkia. Baina batzuetan lapikoak ezer gutxirekin prestatu izan zituen emakumeak, eta ekintza hori ere politikoa da”. Mongek garrantzia eman zion belaunaldien arteko transmisioari, “gaurko gazteei erakutsi behar zaie euren aurretik ere izan zirela emakumeak eragileak, borrokalariak”.  

Ondoren, Julia Mongek, elkarteko kiden duen Juan Ramon Garairekin batera, erakusketaren gaineko azalpenak eman zituzten, emakumeen irudien atzean dauden istorio txiki eta handiak azpimarratuz.

Bestalde, Urnietako alkateak gogoratu zuenez, Urnietako 1936-1945 epeko hainbat emakumeren bizipenak jasoko dituen ikerketa lana burutzen ari da Aranzadi Elkartea eta laster plazaratuko da liburu formatuan.

Ekitaldian zehar, Hernaniko Ainara Ortegak (ahotsa) eta Joana Ortegak (teklatuak) musika emanaldia eskaini zuten. “Hiru Damatxo”, “Alfonsina y el mar” eta “Konplize ditut eta”. Lehendabiziko abestiari kopla batzuk gehitu zizkioten, erreferentzia eginez berriki Hernanin kale bati Andre Kalea izendatu izanari.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!