Andoain eta andoaindarren irudien erakusketa, zabalik dago

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 27a, 01:00

Ostiralean egin zen Truchuelo anaien argazki erakusketaren irekiera ofiziala. Jendea erruz agertu zen ekitaldira. XX. mendeko Andoain eta andoaindarrak erretratatzen dituzten milatik gora irudi ageri dira bertan. Arrakasta handiko erakusketa bilakatu da ireki zenetik. Abenduaren 29a bitarte bertaratzeko aukera edukiko dute ikusleek.

[Argazkiak]

[Bideoa]

Ana Carrere alkateak Udalaren eta Andoaingo herriaren izenean Emilio eta Ramon Truchuelo anaiei eskertza adieraziz eman zion hasiera ekitaldiari. Esan zuenez, 50 urtetako ibilbidean bi argazkilariek Andoain eta andoaindarrak erretratu dituzte, eta besteak beste, herri baten eboluzioa markatzeko ezinbestekoa ondare historikoa da eurek sortu dutena. “Batetik, argazkiek herriaren hirigintza nola joan den aldatzen adierazten digute, eta bestetik gizarteak ekitaldiak ospatzeko moduak edo ta janzteko erak eta modak islatzen dizkigute”.

Karmele Otaegi Udal artxiboko arduradunak zehaztu zuen 150.000 negatibo eta plakek osatzen dutela Emilio eta Ramon Truchuelo anaiek Udalaren esku utzi duten funtsa, 1953tik 1999rako epe historikoa hartzne duena. “Erakusketan, ikaragarrizko funtsa horren “kata” txiki bat baizik ez dute jarri, beste erremediorik gabe”.

Argazki funtsa antolatzeko ardura daukan Marta Trutxuelo Udal artxiboko langilea izan zen hitza hartzen azkena, ekitaldian. Erakusketaren izenburua hartu zuen ahotan, “Andoain Truchuelo anaien objektiboan” alegia. Objetiboa hitza aukeratu dugu esanahi bikoitza duelako: objetiboa, argazki kamerarena, eta objetiboa, helburu bezala. Are gehiago, kamerak ere bi alde ditu: atzean argazkilaria dago eta aurrean irudikatzen duena dugu (gauza bat, leku bat, pertsona bat...)”.

 

Familian egindako lana

Erakusketa hainbat zatitan banatu dela adierazi zuen Marte Trutxuelok. Sarrera gisa, bi argazkilarien jatorri eta ibilbide profesionala jorratzen dira. Atal hori ondo ezagutzen du Marta berak, familiako kide izanik. “Familiako kide askok egindako lana jasotzen du atal horrek; gogoan daukagu Txitibar baserrian pareko etxebizitzan nola zegoen estudioa eta laborategia hasieratan. Andoaindarrak joaten ziren igandeetan hara, argazkiak ateratzera. Familiaren laguntzari esker egin ahal izan zen eginkizun hori, aitona-amona, Juani eta Maite izeba eta Santos osabari esker. Gerora Andoaingo eta Villabonako dendak heldu ziren, bi emazteen laguntza zutela, Tere izeba eta Kale, ama. Urteen poderioz, alabei ere eginkizun horietan parte hartzea egokitu zitzaigun”.

Marta Truchuelok maila pertsonalean sentitzen duen satisfazioa azaldu zuen: “Nola diren gauzak, zirkulua itxi ahal izan da, niri egokitu baitzait gure familiaren lana antolatu eta zabaltzea! Erronka eta erantzukizuna da bai, baina baita ere plazerra”.

 

Atal eta gai ugari

Erakusketaren beste zenbait atalei buruzko azalpenak eman zituen ondoren Marta Trutxuelok: “Andoaingo leku batzuen irudiak ditugu, bitxiak batzuk, ezezagunak besteak, edo desberdinak kasu batzuetan. Omenaldi, inaugurazio eta ekitaldi politikoek, beste kapitulu bat osatzen dute. Baina erakusketaren atal nagusia, zuek atsegin handiz hartuko duzuena, jaietakoa da: Erregeak, kaldereroak eta inauteriak, Santakrutzak, Sanjuanak eta auzoetako jaiak. Horrekin batera erakusketan pertsonak nabarmendu nahi izan ditugu hainbat arlotan: ikastetxeak, sariak, musika, kirola, familiak, lagunak, lankideak… jaunartzeak, ezkontzak... hitz batean esanda, andoaindarrak. Eta ezin ahaztu ere ezbehar batzuk, adibidez, uholdeak eta istripuak”.

Erakusketak ikuslea ariketa ugari egitera gonbidatzen duela gaineratu zuen Marta Trutxuelok: “Ikusi, entzun, oroitzapenetan murgildu, beste pertsonekin komentatu…”.

Ziurtatu zuenez, lehenbiziko ikustaldia eginez gero, erakusketak gehiagotan itzultzea eskatzen dizu, “pertsona, gauza eta xehetasun berriak topatuko baitituzu. Zeure burua, laguna, ezagunak, familiarrak…”.

Azkenik, erakusketaren komisarioa den Itsaso Mendiluzeri eskerrak eman zizkion: “Argazki pila banatzen, antolatzen eta atalei forma ematen lagundu digu; baliabide berriak eman dizkigu, album dotore batzuk erabiliz, adibidez. Bera izan da “Objetiboaren” ideia hori gorpuztu duena azken batean”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!