Aniztasuna Andoain herrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 26a, 01:00

Kultur aniztasunaren aldeko festa ospatu zen azaroaren 11n, Andoainen. Ospakizun bikoitza izan zen, gainera. Bizilagunak egitasmoa alde batetik,eta Ongi Etorri Eskolara bestetik. Helburuen artean daude aurreiritziekin amaitzea eta elkarbizitza sustatzea.

Sei familik eta bi gazte kuadrilak erantzun zioten Bizilagunak ekimenari. Andoaingo jatorria dutenez gain, Maroko, Nigeria, Aljeria, Kolonbia eta Mongoliako herritarrak bertaratu ziren Zumea plazara. Dinamizatzaileek lagunduta, mintzakide izango zituzten pertsonekin lehen harremana eduki zuten. SOS Arrazakeria eskubide berdintasunaren aldeko giza mugimenduak bultzatu zuen ekimena, eta berarekin bat egin dute Andoaingo Caritas elkarteak eta Andoaingo Udalak.

Anbrosia Olabide Gizarte zerbitzuetan jarri zuten bigarren hitzordua, Ongi Etorri eskolara izenekoa. Hiru ikastetxeetako haurren familien arteko topaketa antolatu zuten. Andoaingo Udala izan zen ekimenaren bultzatzailea, eta Elkarrekin kooperatiba, hitzorduaren dinamizatzailea. Elkarrekin bazkari ederra partekatu zuten Anbrosia Olabideko egoitzan. Venezuela, Honduras, Maroko, Errumania, Nikaragua, Aljeria eta Argentinakoak dira orain gutxi Andoainera bizitzera heldu direnak.

Bizilagunak

Larraitz Otamendi
“Koadrila ezberdinetako hamar bat neska bildu gara bazkarirako, deialdia ezagunen artean ahoz aho zabaldu eta gero. Bazkaria gure kontu doa, goizean aritu gara prestatzen Irunberri elkartean. Menuan, besteak beste, entsalada ahuntz gaztarekin, arrain-paella..., Gurekin elkartzeko erabakia hartu dutenei buruz ezer gutxi dakigu, Sorabillako harrera etxekoak direla besterik ez. Kanpotik datorrena nahiko galduta egoten da etorri berritan, erabat arrotza egiten zaiolako jendea, hizkuntza, kultura, ohiturak... Gauzak horrela, geuri dagokigu haiei ateak irekitzea. Horretarako ez dago denok mahai batean bazkari baten bueltan esertzea baino jarduera naturalagorik. Ezin diogu ezetzik esan Bizilagunak ekimenari”.

Noe Zoubairi
“Nigeria, Aljeria eta Marokoko gazteak gara eta sorlekua halabeharrez utzi behar izan genuen oso gaztetan. Inondik ere ezagutzen ez genuen Euskal Herrian amaitu dugu. Caritasen harrera programa berezi bati esker bizi gara Andoainen. Egia esanda, nahiko betea edukitzen dugu eguna, ikastaro ezberdinetan-eta parte hartzen baitugu, eta ia ez zaigu denborarik geratzen Andoaingo kaleetan ibiltzeko, eta gutxiago bertako herritarrekin tratuan jartzeko. Horrexegatik, Sorabillako hezitzaileek Bizilagunak ekimenaren berri eman zigutenean, bi aldiz pentsatu gabe eman genuen izena”.

Natalia Hurtado
“Senarra euskal herritarra da, baina Bizilagunak ekimenean parte hartzeko premia ikusi nuen, beste kulturetako jendea aurrez aurre edukitzeko bidea ematen duelako. Gaurkoan Mongoliako familiarekin bazkaria daukagu. Zoragarria da, ezin urrunago gugandik, kulturaren eta hizkuntzaren ikuspegitik! Nire senarrak aspaldi honetan Mongolia eta inguruko herrialdeen gainean asko irakurri izan du, eta beraz, ez dut uste hizketarako gaiak topatzeko inongo arazorik edukiko dugunik. Bazkaria, geure kontu doa: Kolonbiako patakoiak hogoarekin eta arepak, marmitakoa eta arroz esnea”.

Munkhzul Mokharaa
“Duela hiru urte etorri ginen. Amara auzoan bizi gara, eta gozotegi batean egiten dugu lan. Maiz galdetzen digute zer dela-eta etorri garen hona. Egia esan, Europa osoan Espainian kokatzen da mongoliar komunitaterik handiena. Senide baten bidez izan genuen hiriaren berri. Bertan 200 mongoliar inguru bizi gara. Kolonbiari buruz ez dakigu ezer, baina gozotegiari esker badaukagu haien nortasunaren gaineko ideia txikiren bat. Emazteari eta bioi berebiziko ikusmina piztu digu gaurko bazkariak; horren hitzordu berezia ez zaigu suertatu etxetik kanpo daramagun denbora osoan”.

Ongi Etorri Eskolara

Neida Prieto
“Camila nire alaba eta biok abuztuan heldu ginen Andoainera, Venezuela atzean utzita. Gutxira, alaba Ondarreta ikastetxean hasi zen. Andoainen oso pozik nago. Abegikorra da jendea. Udala eta bere gizarte zerbitzuak, Ondarreta ikastetxea, Caritas, Lanbide... denek ere esku zabalik jokatu dute gurekin, gizarteratzeko orduan izugarri lagundu digute. Atzerritik etortzen zarenean zaila egiten da bertaratzea, eta traba horiek gainditzeko horrelako ekimenak primerakoak iruditzen zaizkit. Oso ekimen ludikoa da bertakoekin harremanetan jartzeko”.

Josune Irulegi
“Senarra, alaba eta hirurok gatoz topaketara. Beti tentatu izan gaitu Sahara edo Ukrainako umeak etxean hartzeko ideiak, baina denbora falta zela eta, atzera egin izan dugu beti. Oraingoa geure ekarpentxoa egiteko aukera polita iruditu zaigu. Ahalegin berezirik egin gabe, kanpotik datorrenari goxotasuna erakusteko eta gizaki eta kulturen arteko ezagutzan sakontzeko aukera dugu. Gaur munduko leku askotatik Andoainera etorri den jendearekin lehen kontaktua egiteko aukera eduki dugu. Beren gora-beherak kontatu dizkigute, eta berehala ohartu gara ez daukatela batere bizimodu samurra”.

{{IMG-42317}}

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!