"Ilusioa pizteko Andoaingo jokalarien alde egin behar da"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 24a, 01:00

SD Euskaldunak Gorengo mailako lidergotzari eusten dio, jardunaldiz jardunaldi. Partidak irabaztera ohitzen ari dira jokalariak eta talde teknikoa. Astekarian elkarrizketa taldeko entrenatzaileari. Larunbat honetan partida dute Ubitarten, 16:00tan hasita.

Elkarrizketa:

 

Iker Dorronsoro Euskaldunako lehen taldeko entrenatzailea


Jokalariek meritu handia dute, baina baita lemazainek ere. Bestela esanda, Iker Dorronsoro eta bere lan taldea: Xabier Ezkurdia, Carlos Peris eta Asier Legorburu.
 

Zein da taldea punta-puntan ibiltzeko formula edo sekretua?
Iazko denboraldian hasitako planifikazioaren emaitza jasotzen ari garela esango nuke. Izan ere, 2017-2018 denboraldiko 30 partidak, eta aurtengo 10 kontutan hartuz gero, hiru porrot besterik ez ditugu izan. Nolanahi ere, iazko denboraldian berdinketa ugari lortu genituen, kosta egiten zitzaigun golak sartu eta irabaztea, eta aldiz, geuri nahi baino errazago sartzen zizkiguten.
Egokitzapen denboraldia izan zen iazkoa. Denbora hartu genuen, besteak beste, prestatzaileak eta jokalariak elkar ezagutzeko, lanketa defentsiboa egiteko eta joko estilo bat finkatzeko.
Gainera, ondo definitu nahi izan genuen kirol proiektua. Ilusioa pizteko, etxeko jokalarien aldeko apustua egin behar zela argi genuen. Profesionalizaziorik ez dagoen beheko maila hauetan funtsezkoa da jokalarien inplikazioa. Aurten 26 jokalarietatik bakarra da kanpokoa; Hernanikoa da baina urteak daramatza Euskaldunan. Denen konpromisoa eskatzen ari gara zelaian, denak ari dira jokatzen gutxi edo asko, eta esango nuke hamaikakoa ez dela bi aldiz errepikatu inoiz. Gainera, ahaztu behar ez dugun beste datu bat: oso gaztea da taldea, batez besteko adina 22 urtekoa da.

Zelaian zertan ari dira asmatzen jokalariak?
Dena ematen ari dira, talde jokoa eginez. Ez dugu 20 gol sartuko duen jokalaririk, edo jokoa desorekatuko duen izarrik. Denak garaipenen protagonista sentitzen dira. Erritmo bizia jartzen dugu lehen minututik azken minuturaino; baloiarekin zein baloirik gabe jokatzen ikasi dugu. Intentsitateari eusten diogu partida osoan, eta horri esker markagailua kontra eduki arren egoera iraultzea lortu dugu azken unean maiz.

Gozatzen ariko zarete, beraz.
Bai, eta jokalariak dira lehenbizikoak gozatzen. Merezita daukate. Mezu hori luzatu diegu hasiera-hasieratik: “Zuek futboletik ez zarete bizi, eta futbolarekin gozatzea egokitzen zaizue, baina horretarako lehenbizi konpromisoa eskatzen zaizue”.
Nolanahi ere, kontziente gara olatu baten gainean goazela eta halako batean erorketa helduko zaigula. 30 kilometroko lasterketa da, eta 10 baino ez ditugula egin. Goiz ala berandu kalanbreren bat edukiko dugu zangoetan. Une horretarako mentalizatuta egin behar dugu, burua altxatzen jakiteko. 

Zuzendaritza talde berria dauka Euskaldunak.
Oso gogotsu sumatzen ditut, eta etxeko gazteekin lan egiteko ideia oso argi dute. Euskaldunak eredugarri izan behar du maila guztietan jokatzen ari diren gazte guztiekin, eta balio batzuk transmititu. Zelaian joka-
tzen eta gozatzen ikasi behar dute, baina baita zelaitik kanpo ere.

Jarraitzaileak atzean dauzkazue, zintzo demonio.
Bai. Ubitarteko harmailak zaletuz betetzen ari dira hamabostero, eta kanpoan ere sentitzen dugu haien berotasuna. Esate batera, ikustekoa izan zen azken jardunaldian, Santo Tomas Lizeoaren aurka, garaipeneko gola sartu eta harmailetatik zer nolako burrunba heldu zitzaigun!
Egia esanda, zaletuak oso inplikatuta sumatzen ditugu. Normala izan daiteke hori, jokalariak bertakoak baitira, eta denek baitaukate ezagun, lagun edo senideren bat taldean. Dena kate bat da: taldeak garaipenak lortu eta ikuskizuna eskaintzen badu, futbol zaletuek ere gertutik jarraituko dituzte taldearen gorabeherak, Ubitartera hurbilduko dira, kalean hizpide hartuko dute...

Dunboa da zuen hurrengo aurkaria...
Real Unioneko jokalari beteranoz hornitu da. Oso plantilla ona dauka, eta behetik gora dator; denboraldia gaikaldean amaituko duela iruditzen zait. Zaletuei gonbidapena luzatu nahi diet, larunbat arratsaldean Ubitartera hurbildu daitezen. Beren animoak ederki etorriko zaizkigu.

Euskaldunako entrenatzailea izateaz gain, Andoaingo ikastolan irakaslea zara. Igeldon jaio eta bizi arren, andoaindartzen ariko zara honezkero...
Hala da, Andoainen bizitzen jarri beharko dudala esaten dit jendeak! Kalean nabilela, “iepa” honek eta “iepa” hark, jende askok egiten dit diosala; Euskalduna osatzen duen jendea (jokalariak eta horien gurasoak, zuzendaritzakoak, jarraitzaileak…) ez bada, ikastetxeko haur eta gurasoak dira. Egia esan, asteko egun asko eta ordu asko igarotzen ditut Oria ibaiaz bestaldeko eremuan.
Pozik nago lantokia eta futbola uztartzeko aukera topatu dudalako Andoainen, eta pozik nago bertan topatu dudan jendea jatorra delako. Hamabi urtez   kilometro ugari egin ditut entrenatzaile gisa Elgoibarren, Mutrikun, Hernanin, Ondarrun, Tolosan... eta eskertzen da Andoaingo herriak ahalbidetzen didan bizimodua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!