Kultur ekitaldi sorta zabala asteburuan zehar

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 22a, 01:00

Santa Zezilia egunarekin bat eginik, Lourdes Iriondo musika eskolak kalejira egingo du ostegun honetan, 17:30ean hasita. Honakoa izango da ibilbidea: Musika eskola, San Juan plaza,  Plazido Muxika plaza, Etxeberri plaza eta musika eskola.

Asteburuko hitzorduak:

Ostiralean, berriz, Euskaraldiarekin bat eginik Kantazaun taldeko kideekin kantujira abiatuko da San Juan plazatik arratsaldeko 18:30ean.

Gauean "Erradikalak gara” ikuskizuna. Bertsoa, musika eta antzerkia uztartzen ditu Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek osatutako bikoteak. Saroben izango da, dohainik, 21:30ean hasita.

Asteburuari amaiera emateko, igandean 19:00tan “Mami Lebrun” antzezlana ikusteko aukera izango da Saroben. Donostia Antzerki Saria jaso duen obran Ane Pikaza eta Kepa Errasti aktore lanetan arituko dira. Antzezlanak hil berria den amonaren etxeko ganbaran aurkitutakoa du abiapuntu gisa. Tartean sekreturen bat edo beste.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!