Otsailean hasiko dira Legarretako zubia zabaltzeko lanak

Amasa-Villabonako alkate Maite Izagirre eta Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek iragarri dutenez, otsailean hasiko dituzte Legarretako zubia zabaltzeko egin beharreko lanak. 5,6 metroko zabalera du egun, eta oinezkoek zein ibilgailuek erabiltzen dute. Ibilgailu astun asko ere bertatik igarotzen da, arriskua areagotuz. Zubia zabaltzearen helburua, segurtasuna bermatzea izango da. 501.000 euroko aurrekontua dute lanek, eta 4 hilabeteko iraupena aurreikusten dute.

Foru Aldundiaren eskumenekoa da Legarretako zubia. Herritarrek Sacem-go zubia gisa ezagutzen duten hori, 1930eko hamarkadan eraiki zuten. 5,6 metroko zabalera du, eta horrek arazoak sortzen ditu, oinezko eta ibilgailuen joan-etorrietarako.

Maite Izagirre alkateak azaldu duenez, "alkate kargua hartu eta denbora gutxira, Arteca enpresaren urteurrenean parte hartu nuen eta, Markel Olanori proposamen bat egin nion; Legarretako zubia birmoldatzea. Ibilgailuen zirkulazioari eta oinezkon pasabideari arazo asko ekartzen dizkien zubiaren moldaketaren beharraz hitz egin nion. Guztiok Sacem izenez ezagutzen dugun industrigunerako irisgarritasuna batere errazten ez duen azpiegitura da eta haren egoera txarrak sorrarazten dituen segurtasun arazoez ere hitz egin nion Olanori. Arazoari irtenbidea emateko beharraz hitz egin genuen, eta bere konpromisoa hartu zuen". Erakundeen arteko harremana sortu zen modu horretan, Izagirrek azaldu duenez.

"Amasa-Villabonako Udalak eta Azpiegituren departamentuak gai asko dugu oraindik hitz egiteko eta konpontzeko. Ziur nago garatu dugun elkarlanerako sistemak emaitza onak emango dituela zintzilik ditugun gai ezberdinetan", gaineratu du Maitek. Foru ALdundiaren lana eskertuz amaitu du bere agerraldia Maite Izagirrek.

Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek ere hartu du hitza zubiaren alboan egindako agerraldian: "Gaur egun ikusten dugu ibilgailuek eta oinezkoek partekatu egiten dutela zubia, modu arriskutsuan. Zubiaren zorua zabaldu egingo da. Horretarako, altzairuzko egiturak jarriko zaizkio bi aldeetan. Alde batera, oinezkoentzako ibilbidea jarriko da, bi metroko zabalerakoa. Haien  segurtasuna hobeto bermatzeko, barandilla bat jarriko da errepidetik banatzeko". Itxura berria ere emango diote zubiari: "Gaur egungo hormigoizko barandilla horiek desagertu egingo dira, eta altzairu erdoilduzko berriak jarriko dira". Argiztapena ere izango du Legarretako zubiak, lanak amaitzen dituztenean.

Zubiaren egitaura egoera onean dagoen arren, hobekuntzak ere egingo dizkiotela iragarri dute: "Nahiz eta sendo egon, zutabeetan indargune berriak jarriko zaizkio".

Ia bi urteko lana izan da zubiaren proiektua garatzeak, baina dagoeneko aurreratuta daude, eta otsaileak hasiko dituzte lanak. Aintzane Oiarbidek azaldu duenez, ez dute aurreikusten obrak irauten duten bitartean zubia itxi beharko dutenik. "Baliteke egun solteren batean itxi behar izatea, baina paso alternoa emanez moldatuko da gehienean".

Otsailean hasiko dituzte lanak, eta lau hilabete inguruz luzatzea espero dute Foru Aldunditik jakinarazi dutenez. Guztira, 501.000 euroko aurrekontua dute lanek.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!