Behobia-Donostia lasterketan aritu dira azkenekoz lanean Atzegiko boluntarioak. Beren egitekoak sariak zaintzea, dominak ematea, korrikalariei janaria eta ura banatzea eta abar izan ziren. Boluntario izan nahi dutela aldarrikatu dute Atzegiren azken kanpainan. Aloña Agirre Atzegiko familia zerbitzuko ordezkaria da Buruntzaldean, eta adierazi duenez, “adimen desgaitasuna duten pertsonek ondo dakite laguntza pixka batekin gauza asko egin daitezkela, eta horietako asko gogotsu daude gizarteari laguntza hori bueltatzeko”. Beraiengandik ere laguntza jaso dezakegula ahaztu egiten zaigula gehitu du: “Gizarte gisa, argi daukagu adimen urritasuna duten pertsonek laguntza behar dutela eta lagundu egin behar diegula, baina ahaztu egiten zaigu beraiengandik ere laguntza jaso dezakegula, eta hori oso pauso garrantzitsua da”.
“Gure txanda da” leloa jarri diote kanpainari, eta entitate ezberdinei dei egin diete, boluntarioak behar izanez gero beraiekin harremanetan jartzeko. “Oraingoz erantzun oso ona eman digute. Hondarribiako Beñat Elzo lasterketan, sukaldari lanetan jardun ziren, baita sariak zaintzen edota korrikalariei poltsak banatzen ere. Gabonetan elikagaien bankuan lan egingo dute behar dutenei janaria banatzen”, azaldu du Agirrek.
1960 urtean sorrera
Orain dela 60 urte gizarteak ia erabat baztertzen zituen adimen urritasuna zuten pertsonak. Ez zituen onartzen. “Horrelako seme-alabak edukitzeko, gurasoek bekaturen bat egin zutela esaten zuten”, kontatu du Agirrek.
Bazterketa bortitz horren aurrean zenbait familia elkartu eta Atzegi sortu zuten, hiru helburu nagusirekin. Batetik, bakarrik ez egoteko eta beste familia batzuen laguntza edukitzeko. Bigarrenik, beren senideen eskubideak defendatzeko. Eta hirugarrenik, gizartea positibora aldatzeko. Helburu horiek lortzeko tresna bat kanpaina da, eta kanpainen bitartez zabaltzen zituzten beren mezuak.
1960az geroztik familiek lan handia egin dutela, eta horri esker Gipuzkoako gizartea “Atzegizalea” dela dio Atzegiko familia zerbitzuko ordezkari den Agirrek. Hobetzeko asko dagoen arren, lanean bide horretan jarraitu behar delakoan dago.
“Atzegi familien elkartea da. Familiek egin behar dute lan euren senideen eta gizatalde guzti horien alde. Familiek ematen diete indarra. 1960. urtean bildutako familiek zer lortu zuten ikusita, jarraitu dezagun lanean hemendik 20 urtera datozen familiek bestelako egoera hobea aurki dezaten”.
Atzegiko familiara batzeko mezua
Egun, 9.000 Atzegizale pasatxok bultzatzen dute Atzegi. “Gure helburua Gipuzkoa osoa Atzegizale izatea da” dio Agirrek. Atzegizale izatea zera da, adimen urritasuna duten pertsonak diren bezalakoak onartzea; momentu jakin batzuetan behar duten laguntza hori eskaintzen diena.
Aloña Agirrek argi utzi nahi du pertsona guztiok behar berdinak ditugula eta horregatik eskubide berdinak ditugula: “Desberdintasun guztien gainetik pertsonak gara guztiak. Pertsonak garelako behar berdinak ditugu. Ingurukoek garen bezalakoak onartzen gaituztela sentitu beharra daukagu, maite gaituztela. Goxotasun hori behar dugu, lagunak behar ditugu. Eta ondokoari laguntzeko gai garela ere sentitu behar dugu”.
Atzegik entitate desberdinekin kolaboratzen du boluntariotza lanak eginez. Esaterako, Lilatoia, Juneren Hegoak, Xaye atletismo taldea, Ehunmilak ultra-traila, Behobia-Donostia, janari bankuak... Horiek batzuk baino ez dira, beste hainbat batu baitira azken kanpainaren bitartez. Agirrek aipatu du adimen urritasuna dutenentzat oso garrantzitsua dela ondokoari laguntzea. “Esperientzia pertsonal gisa oso aberasgarria da, eta denok behar ditugu aberastuko gaituzten esperientziak”, gehitu du.
HARREMANETARAKO
“Gure txanda da” kanpainari buruzko informazio gehiago Atzegiko webgunean lor daiteke, hona helbidea: atzegi.eus/guretxandada.
Atzegi elkartearekin harremanetan jarri nahi izanez gero hemen zenbait kontaktu: posta elektronikoz atzegizale@atzegi.org edota telefonoz 943 423 942.
Atzegik Buruntzaldea eskualderako duen familia zerbitzuko ordezkariarekin ere jar zaitezke harremanetan. Aloña Agirre du izena eta hauxe da bere posta elektronikoa: alona@atzegi.org.