Bertsolaritzaren historia luzean, sortzailerik bikainenetariko bat izan da Pello Mari Otaño Barriola, bertso-paper lehiaketako esku liburuak dioen moduan. “Amuriza etorri arte, beharbada gehienik eragin duen maisua izan da Otaño bertsolaritzan”, Juan Mari Lekuonaren aburuz.
Haren oroimenean egiten da Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketa eta jadanik bosgarren ediziora iritsi da sariketa.
Bertso-paper lehiaketa
Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketak bere bosgarren edizioko irabazleak saritu zituen pasaden larunbatean Zizurkilgo Iriarte kultur etxean. Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldea eta Zizurkilgo Teodoro Hernandorena Kultura Elkartea dira sariketako antolatzaileak eta aurten berrikuntza moduan, sari banaketa bertso afaritik atera, eta modu formalagoan egitea erabaki dute.
Hau horrela, irabazle, bertsozale eta irabazleen gertukoenez bete zen kultur aretoa. Bertara gerturatutakoek, gaztetxoen (15 urtera arte), gazteen (15-18 urte bitartekoak) eta helduen (18 urtetik aurrera) bertso-paper hoberenak entzun eta kantatzeko tartea ere izan zuten. Epaimahaiak gainera, aurtengo edizioan aurkeztu diren lanen kalitatea azpimarratu nahi izan du. Neurri, gai eta estilo ezberdinetako lanak jaso baitituzte eta beraientzat maila bakoitzean bi bertso sorta bereiztea lan zaila izan dela ere azpimarratu nahi izan dute. Irabazleen artean, gai ezberdinetako bertsoaldiak aurki ditzakegu; bulimia, helduen sexurako grina, Euskaraldia eta futbola, besteak beste.
Bi asteasuar sarituen artean
Sei izan dira bertso-sorta sarituak eta horietatik bi, asteasuarrek sortuak. Gaztetxoen mailan, Beñat Mateos Zeberio izan da “Futbola ekonomia bilakatu da” izenpean bertso-paperen bigarren saria irabazi duena. Epaimahaiaren hitzetan, “bertsoetan ematen duen mezuagatik eta sortari ematen dion egitura egokiagatik”.
Helduen mailan, Haritz Mujika izan da txapela jantzi duena “Sex-usariyuak” bertso sortagatik. Epaimahaiaren hitzetan gainera, “gaiaren aukeraketan izan duen originaltasunagatik, hura tratatzeko erabili duen umore finagatik eta deskribatzaileagatik, eta erabili dituen esamoldeen egokitasuna eta dotoreziagatik. Baita bertsoak puntuz-puntu osatzeko erabili duen modu naturalagatik ere” hautatu dute Mujika txapeldun.
Mikaela Elizegiren esaldiaren baitan
Haritz, urtero saiatzen da sariketan parte hartzen. Aurten sorkuntza prozesuaren hasieran zahartzaroaren inguruan idaztea pentsatu zuen baina ideiak zehazten joan ahala, Mikaela Elizegik zuen esaldi famatu bat hizpide hartzea erabaki zuen asteasuarrak. “90 bat urte zituela, sexurako grina noiz joaten den galdetu zioten, eta berak zaharragoa den bati galdetzeko erantzun zion, berak oraindik ez zuela galdu eta”. Behin abiapuntua bilatuta, bertsoak idazteari ekin zion. Haritzen hitzetan, “bertsoak neurri errazean egitea erabaki nuen, hamarreko txikian alegia. Sinplea neurri aldetik, baina bertso doinu eskertua loturak egiterako garaian”.
Bestalde, Haritzek, helduen mailan jasotzen duen lehen saria dela aipatu du eta honek sorrarazi dion pozaren berri ere eman du. “Sekulako poza hartu nuen, aspaldian bertsorik idatzi gabea nintzen eta helduen sariketa batean lehen postua lortzen dudan lehen aldia da hau”. Bera bat-batekoan aritzen da normalean eta horrek bertso idatzietan konfiantza pixka bat galtzera eraman badu ere, gustura geratu da bertso-paper hauetan lortu duen biribiltasunarekin. “Azken aldian aurkeztutako lehiaketetan, ez nuen gustora geratutako sortarik aurkeztu eta egia esan, bertso sorta hau lotura aldetik osoagoa geratu zaidala sentitu dut. Bertso mordo bat da, eta ondo etorri zait, gehienezko kopururik ez egotea”.
Saria etxetik gertu irabaztearen xarma
Gainera, saria etxetik gertu irabazi izanak beste xarma baduela ere aipatu digu Haritzek. “Sekulako poza hartu dut, gehienbat etxetik gertu delako. Egia da kanpoan zerbait irabazteak ere poz handia ematen duela, baina bertso eskolarekin ere hemen elkartzen garenez, badu esanahi berezia”. Garaipena konfiantza berreskuratzeko erabiliko duela aipatu du asteasuarrak, eta baita bertso-sortak idazten jarraitzeko motibazio modura ere.
HELDUEN MAILA
Lehen saria: Sex-usariyuak. Doinua: Esnesaltzailearena
Haritz Mujika Lasa
1.
| 6.
| 11. 12. |
GAZTETXOEN MAILA
Bigarren Saria: Futbola ekonomia bilakatu da
Doinua: Pello Joxepe
Beñat Mateos Zeberio
1.
Munduan jainko bihurtu dira
Cristiano ta Icardi
asteburutan jendea dago
begira telebistari
ume guztiek izan nahi dute
handitzean futbolari
baloia ostikoz jotzeagatik
lortzen da diru ugari.
2.
Jende gehienak iten du zortzi
ordu egunean lana
mila eurokin ordaindu behar
ura, gasa eta jana
futbolariek erdia eginda
dute sekulako fama
ta nahi dute guk futbola ikusten
gastatzea diru dana.
3.
Udaran zehar zenbat fitxaje
eta zenbat txeke kolpe
ta bitartean pertsona asko
goseak hiltzen, arlote
futbolariek euren etxean
urrezko mila lingote
milioi horiek banatu ezkero
pobrezirik ez legoke.