‘Andoain Truchuelo anaien objetiboan’ erakusketa Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 23a, 01:00

Truchuelo anaiek mende erdi luzez argazkigintzan Andoaingo ibilbidearen irudiak jaso zituzten, eta orain, horiek Andoaingo herriaren kultura-ondarea dira.

Erakusketa azaroaren 23tik abenduaren 29 bitartean egongo da zabalik, Basteroko erakusketa gelan. Argazkiek makina bat gai jorratuko dituzte, eta guztietan andoaindarrak izango dira protagonista nagusiak.  

Udal Artxiboak antolatu du erakusketa, Emilio eta Ramon Truchuelo Palomerok Andoaingo Udalari dohaintzan emandako irudi sorta baliatuta; negatibo multzotatik zati handi bat antolatu, hautatu eta digitalizatu dituzte horretarako. Itxaso Mendiluzek egin ditu komisario lanak.

Antolatzaileen esanetan, Andoaingo herriak Truchuelo anaiei aitormena adierazteaz gain, eskerrak emateko modua izan daiteke erakusketa hau.

Dohaintza

2017an Andoaingo Udalarekin sinatutako dohaintza hitzarmenaren bitartez, Truchuelo anaien borondatea bete zen, beren argazki ondarea Andoaingo herriari uztea, alegia. Emilioren hitzetan, “Dohaintza ez genuen egin aitormen berezirik jasotzeko asmoz; iruditu zitzaigun horixe izan zitekeela herriari egin genizaiokeen eskaintzarik zentzudunena. Nolanahi ere, biziki estimatzen dugu jaso dugun erantzuna eta Udalak erakusketa honekin eskertu nahi izatea”.

Hain zuzen, 1953tik 1999ra bitarteko irudiekin osatzen da dohaintza. Guztira, 138.000tik gora negatibok eta 7.000tik gora plakek osatzen dute funts hori.

Dohaintza ekitaldi hartan Ana Carrere alkateak adierazi zuen bezala, Andoaingo herriak egundoko altxorra dauka 50eko hamarkadaz geroztikako historia osatzeko. Izan ere, ez da ahaztu behar Udalak beste argazkilari profesionala izan zen Moises San Jose-ren ondarea ere jaso zuela 2011n, bere familiaren eskutik.

1953an abiatutako zaletasuna

Andoainen jaio ziren Emilio eta Ramon, 1928an lehena, 1934an bigarrena. Gaztetan, hamalau urterekin, Laborde lantokian hasi ziren lanean. Txikitatik zekarten argazkirako zaletasuna, eta 1953ko urriaren 14-15ean gertatu ziren uholdeak erabakiorrak izan ziren zaletasun hori ogibide bihurtu zezaten. Izan ere, orduan erabaki baitzuten argazkilaritzan jardutea bi anaiek. Egundoko txikizioez gain, uholdeek gauza onik ere ekarri zuen Andoainera, ikusten denez.

Hona nola izan zen hasiera horiek, 2013ko urrian Emiliok Aiurri-ri kontatuta: “14an ekin zion gogor, euria goian beheran izugarri eginez. Gauez egin zuen gehiena. Hurrengo eguneko goizaldean, pixka bat behera egin zuten Leitzaran eta Oria ibaien ur-mailak, eta argazki kamera txiki bat hartu, Txitibar parean zegoen gure etxeko (Larramendi 2) teilatura igo, eta argazki mordoa atera nuen alde batera eta bestera. Egundokoa zen, edonor atsekabetzeko moduko paisajea! Kaleak ubide bihurtuta! Metro batera iritsiko zen Zumea kalean!”. Kaleetan barrena ere, argazkiak atera eta atera aritu ziren Emilio zein Ramon.

Jendearen eskariari erantzunez, Emiliok argazkiak erakusgai jarri zituen, Juanito Nabarrok Bastero ondoan zeukan dendako erakusleihoan hain zuzen. “Herritar askok kopiak eskatu zizkieten, eta horrek zer pentsatua eman zidan. Horrela, argazkilaritzan murgiltzera animatu nintzen. Anaiak ere bat egin zuen nire asmoarekin, eta lehenbizi, etxean moldatu genuen argazki estudioa; 1962an, berriz, Kale Nagusian denda ireki genuen”.

Argazkilaritza jardueran pauso bat aurrera emanez, 1970ean, Villabonan bigarren denda ireki zuten; eta 1984an Ramonek hartu zuen denda horren ardura.

Negozio familiarra

Andoainen argazkigintza pertsona bakan-bakanen kontua zen garaietan, argazki denda ireki zuten lehenak izan ziren truchuelotarrak. Dena den, sekula ez dute pentsatu herriko argazkilari “ofizialak” izan zirenik, eta ezta ere horrexegatik “estatus” berezirik lortu zutenik herritarren aurrean, Emiliok zehaztu duenez. “Lehenak izateak eta legez argazkilarien ogibidea hartu izanak ez du esan nahi “herriko argazkilari ofizialen”en titulua lortu genuenik. Ez gindoazen herrikideen balorazio pertsonalen bila. Gure helburua, hasieratik, xumea izan zen: negozio txiki bat sortu, lantegiko soldataren osagarri izango zen diru iturria lortzeko. Bestelako kontua da bezeroek gure zerbitzuekin asetuak sentitzea eta geure lana baloratzea”.

Ramonek, andoaindarrek eurengan zeukaten konfiantza nabarmendu nahi izan du: “Guregana jotzen zuten aparteko ospakizunekin (bataioak, jaunartzeak, ezkontzak, festak...) erreportajeak egin genitzan, edo eta herrian gertatutako gertakariren baten inguruko argazkien bila. Horrexek berak erakusten digu baloratzen eta eskertzen zela geure lana”.

Bi anaiek 2017ko dohaintza ekitaldian azpimarratu zuten bezala, negozio familiarra jarri zuten abian. “Gurasoek, arrebek eta gainerakoek estuki lagundu digute aldi eta zirkunstantzia ezberdinetan”, esan du Emiliok, eta Ramonek zera erantsi, “anaiok argazkiren bat ateratzera kalera irteten ginenean, Juani gure arrebak hartzen zuen dendaren ardura. Berak ere bazekien karnetetarako argazkiak edo erretratu familiarrak ateratzen. Bestalde, geure emazteak ere prest egoten ziren bezeroekiko lanak betetzeko arratsaldeetan”.   

Argazkiaren lanketa artesanala estudioan

Teknologia berrien eta digitalizazioaren arotik ikusiz gero, kosta egiten da irudikatzea zer nolako baldintzetan egiten zen argazkigintza orduan. Emiliok dioenez, zuri-beltzeko hasiera haietan, dena zen eskuz egin beharrekoa. “Negatiboen eta positiboen errebelatua, plakak xasisetan muntatzea, argazkien lehortzea... Urteetan aurrera, dena modernizatzen joan zen poliki-poliki, eta kolorea heldu zen errelebatze eta positibatze industrialarekin batera”.

Estudio-gela ilunean egiten zituzten lanak ditu bereziki gogoan Ramonek. “Errebelatu behar ziren hamar erroiluekin sartzen ginen gelan, eta bageneukan egun guztirako! Tarteka, argazkiak etxera eraman eta lurrean zabaltzen nituen, lehor zitezen. Seme-alabek laguntzen zidaten horretan. Dena azkar-azkar aldatzen ari da azken aldian, eta iraganean burutik pasa ere ez zitzaigun egiten egunen batean posible izango zenik 500 argazki di-da batean inprimatzerik!”.

Photoshopik ez zen garai haietan, eskuz egindako ukituak maiz praktikatzera ohitu zen Emilio. “Batez ere plakekin egindako estudioko argazkietan zikinuneak edo akatsak agertzen ziren batzuetan, eta horiek kendu behar izaten ziren. Horretarako, punta zorrotzeko arkatzak erabiltzen genituen. Halaber, positiboei ere ukituak egiten genizkien, erretratuetan agertzen ziren pertsonen okerrak zuzentzeko, eta batik bat neska zein mutilen itxurak edertzeko”.

Andoaingo bizitzaren kronikalariak

Ia 50 urteko ibilbidean Andoaingo gizarte-bizitzaren lekuko pribilegiatuak izan ziren bi anaiak, makina bat kronika grafiko eginez. Herriko historia osatzeko eta ezagutarazteko ezinbesteko agiriak, utzi dizkigute ondorengo belaunaldikoei.

Tarteka bezeroen eskariari jarraituz aritzen ziren, eta familiako edo gizabanaen erretratuak, bataioak, ezkontzak…, egitera mugatzen ziren. Besteetan, ekitaldi publikoak izaten ziren euren kameren objektu. Ramonek adierazi duenez, “adi-adi egoten ginen herrian gertatzen ziren gertakizunekin. Erlijioa, kirola, kultura edo politikarekin zerikusia zuten ekitaldietara hurbiltzen ginen ahal genuen guztietan, erreportajea egiteko asmoz. Noski, bat-batean gertatutako ezbeharrak (suteak, istripuak, uholdeak…) ere jorratzen genituen”.

Aparteko zirrara eragindako irudiak

Argazkilari gisa zirrara berezia eragin dien egoera zehatz bat edo beste aipatzeko eskatu zaienean, nork bereak mahairatu ditu. Ramonek, uholdeak ditu gogoan lehenbiziko eta behin. “Apartekoak izan ziren 1953ko eta 1983ko uholdeak. Gogorra izan zen ur emanak guzti-guztia nola eramaten zuen islatu beharra; gogorra bertan egon beharra konstantzia grafikoa uzteko, baina egin behar zela iruditu zitzaigun”. Urtain boxeolaria ezagutu zuenekoa aipatu du ondoren. “Bere baserrian argazkiak atera nizkion. Gero argazki horiek esne marka baten iragarkietarako eta estatu mailako aldizkari baten azalerako erabili ziren”. Zirrara eragindako egoeren atalari amaiera emateko, Ramonek, zenbaitetan jorratzea egokitu zitzaizkien hiletak aipatu ditu.

Emiliok, egun eta gertaera seinalatu bat dauka iltzatuta buruan: 1977ko urtarrilaren 19an, ikurriña udaletxean ofizialki zintzilikatu zenekoa, eta horrekin, aldaketa politiko bat sinbolizatu zutenekoa.



Hainbat pasadizu

Ramon

“Hasi berritan, ume txiki bati argazkia ateratzea eskatu ziguten, baina lehendik zeukaten beste argazki baten igual-iguala izatea nahi zuten, tonalitateari zegokionez, zuri-beltzarekin lan egiten baitzen orduan. Krema-paperean zegoen erakutsi ziguten lagina, eta krema koloreko 100 kartulinako kaxa bat erosi genuen. Eginahalak egin arren, ezin izan genuen laginaren antzeko emaitzarik lortu. Kaxa guztia xahutu genuen saiakeran. Hurrengo egunean, laborategia zeukan Olabe jaunari laguntza eskatu nion, eta hark esan zidan “tonu beroko krema” zela guk behar genuen papera, ez krema-papera. Horrelaxe ikasten genuen noizean behin, aritzeak ematen dizun eskarmentuaz baliatuta”.
 

Emilio

“Argazkiak ukitu eta muntatzearekin zerikusia daukan pasadizua kontatuko dut. 1957ko abenduaren 4an, pertsona batek ziurtatu zuenez, errusiarrek egun batzuk lehenago espaziora bidalitako satelite bat Belabietako parajeetan ikusi zuen.

Biharamunean, zenbait agintari, kazetari eta argazkilari Belabietara abiatu ginen, “lekuko pribilegiatu” horrek gidatuta. Amasako mendietan zehar pare bat orduz ibili ostean, lekura iritsi ginen. Han ez genuen satelitearen arrastorik topatu, ordea. Hantxe egonean, halako batean, Villabonako alkateak hamaiketakoa eskaini zigun; une hori probestu nuen argazkia ateratzeko.

Bilatze lanak porrotean amaitu ostean, Labordera itzuli nintzen. Han, lankideei gertatutakoaren berri eman, eta txantxaren bat egiteko aukera aipatu nien. Alegia, jendeari sinestaraztea satelitea benetan erori zela, baina “arrazoi militarrak” zirela medio dena isilpean mantendu behar izan zela. Gogoz hartu zuten txantxa lankideek. Hartu, eta argazkian “satelitea” marraztu nuen tinta txinaz. Gero, ukitutako argazki hori Belkoain elkarteko zenbait kideri erakutsi nien. Eta hara non, horietako batek hor adierazten digu “satelitean” errusieraz idatzitako letrak irakurtzen zituela.

Azkenean, dena ziri sartzea izan zela argitu behar izan nien”.
{{IMG-42290}}

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!