Adunako mendi duatloia, lehendabizikoz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 22a, 01:00

Mendi Duatloien Zirkuituan parte hartu ohi dute Imanol Otermin eta Liher Etxeberria adunarrek. Aurten, herrian bertan antolatuko dute Zirkuituko azken froga.  Ikuskizun polita eskainiko dute kirolariek Adunan, azaroaren 24an

Kirolariz beteko da Aduna azaroaren 24an. Arratsaldeko 15:00etan hasita, Mendi duatloia jokatuko dute bertan, lehen aldiz. Duela zenbait hilabete hasi zituzten antolaketa lanak eta eguna iristeko gogotsu daude Imanol Otermin eta Liher Etxeberria adunarrak.

Mendi duatloiean ibiltzen dira bi ak, “kirol honetan aritzen garenok lagun taldea osatzen dugu eta bazkaloste batean bota ziguten erronka. Adunan mendi duatloi bat antolatzeko aukerari buelta batzuk eman, eta aurrera egin genuen”.

Babesa

Mendi duatloien Euskal Herriko Zirkuitua egiten dute urtero Oterminek eta Etxeberriak, “herrian froga bat atolatzeko ardura hartu genuenean, Udalarekin hitz egitea izan zen lehen pausoa. Izan ere, Udalaren babesik gabe ezin izango genuke ezer egin. Euren laguntza eskaini ziguten, eta hortxe hasi ginen gainerako pausoak ematen”. Ibilbidea aukeratu, garbiketa lanen bat edo beste egin, box-ak jartzeko tokia aukeratu, beharrezko azpiegiturak lortu, babesleak bilatu…, zeregin asko izan dute azken hilabetetan. Lanik handienak amaituta, eguna iristea besterik ez da falta. Eskertuta ageri dira bide honetan jaso duten laguntzagatik: “Udalak diruz lagundu du duatloia eta prestaketa lanak egiteko ere erraztasunak eman dizkigu. Horrez gain, herriko zenbait eragileren laguntza jaso dugu. Lasterkarien artean banatzeko produktuak eman dizkigute askok, froga antolatzeko beharrezkoa dugun materiala beste askok. Erantzun polita jaso dugu, eta oso eskertuta gaude, noski”, azaldu dute.

Bolondresen beharra

Urtean zehar, eginkizun bat baino gehiago burutu dute adunarrek auzolanean, eta mendi duatloiean ere izango dute zereginik. “Bolondresak beharko ditugu egunean bertan bidegurutzeak eta ibilbidea zaintzeko. 30 lagun inguru beharko ditugula uste dugu, baino gehiago gerturatzen badira ere, osatuko dugu denentzeko adina lan. Zirkuituan zehar zenbat eta jende gehiago egon, hobe. Kirolariak seguruago sentitzen dira bidean jendea ikusten badute, eta erorikoren bat gertatuz gero, komenigarria da laguntzeko moduan dagoen norbait bertatik bertara egotea”, azpimarratu dute.

Zirkuituko azkena

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko azken froga izango da Adunakoa. “Urtero, zirkuituko azken froga amaitzen dugunean elkarrekin afaltzen dugu. Aurten, triki-poteoa egingo dugu arratsaldean, eta ondoren afaria”, azaldu du Liherrek. Afalostean egingo dute sari-banaketa. Zirkuituko irabazleek merezitako txaloak jasoko dituzte orduan. Aurtengo Zirkuituko garaileak erabakita daude dagoeneko. Imanolek aipatu duenez, “emakumeen mailan Zuriñe Frutos bikain ibili da denboraldi osoan zehar eta gizonezkoen artean, Alain Santamaria izango da garaile. Bigarren eta hirugarren posturako, Eneko Gurrutxaga eta Alexander Ordeñanaren arteko lehia oraindik ere bizirik dago”.

Erdibideko gogortasuna

Ibilbide polita antolatu dute Adunako duatloirako. Korrika ekingo diote probari. 3,66 kilometro egingo dituzte, ibilbide berari bi itzuli emanez. Elizaren alboko pilotaleku txikian izango dituzte bizikletak. Haiek hartu, eta 14,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute mendian barrena. Belkoain inguruko pistetan barrena ibiliko dira bizikletaz. “Ez da oso ibilbide teknikoa, nahiz eta baduen eskakizun gehixeagoko jeitsieraren bat. Mendi-pistetan barrena ibiliko dira kirolariak probaren zatirik handienean. 580 metroko denibel positiboa gainditu beharko dute”, azaldu dute.

Plazara itzulita, bizikletak utzi eta azken sektoreari egingo diote aurre kirolariek. 1,83 kilometroko korrikaldia egin ondoren zeharkatuko dute helmugako marra. “Ez da Zirkuituko probarik gogorrena izango. Denboraldiko azkena izanda, ez genuen gehiegi kargatu nahi. Herrigunean jarri nahi genituen irteera eta helmuga puntuak, eta ibilbidea mendi aldera eramanez gero, luzeegia geratuko zela iruditzen zitzaigun. Tarteko zerbait prestatu dugu”.

Bakarka edo erreleboka

Zirkuituko proba guztietan bezala, Adunako duatloian ere erreleboka parte hartzeko aukera izango da. “Bikoteko kide batek korrikako sektoreak egiten ditu, bizikletako sektorea beste bikotekideak. Modalitate horretan oso maila onean dabiltza Axier Aburuza adunarra eta Enaitz Roteta asteasuarra. Zirkuituko lehen postuan doaz”. Adunako duatloian ere parte hartzekoak dira. Haiekin batera arituko dira beste zenbait adunar ere; bikoteka batzuk, banaka beste batzuk. Herrikideen txaloak eskertuko dituzte, zalantzarik gabe.

Izen-ematea

Adunako mendi duatloian izena emateko aukera zabalik dago Kirolprobak.com webgunean. Banaka parte hartuko duten kirolariek 15 euro ordaindu beharko dituzte. Bikoteka parte hartzeko asmoa dutenek, 25 euro. Egunean bertan ere, izango da izena-emateko aukerarik. Eguerdiko 13:00etatik 14:00etara zabalduko dute horretarako aukera. Kasu horretan, 20 euro ordainuko dute norbanakoek, 30 bikoteek.

15:00etan hasiko da lehia Adunan. Bakoitzak bere erronkari eutsi beharko dio probak irauten duen bitartean. Helmugara iristea izango da batzuen helburua, lehen postuetan ibiltzea beste batzuena. Proba amaituta, jai giroan murbilduko dira guztiak, triki-poteoa egin, eta elkarrekin afalduz.
 


Ibilbidea
{{IMG-42288}}

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!