Santa Zezilia musika zikloa
Ziklo horren baitan, ostegunean, Olagain txistulari elkartea kalejiran irtengo da kaleak txistuaren hotsarekin alaituz, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.
Ostiralean, Landarbaso abesbatzaren txanda izango da, “gaur egun Euskal Herriko abesbatzarik garrantzitsuenetakoa da, eta ohorea da guretzat”. Basteron arituko dira, 21:30etatik aurrera.
Larunbaterako, 20:00etan hasita, ez ohiko kontzertua iragarri dute San Martin elizan. Ana Belen Garciak eta Jose Inazio Ansorenak organo eta txistu kontzertua eskainiko dute.
Ospakizun gehiago
Udalak antolatutako ekitaldiez gain, badira pare bat hitzordu gehiago. Ostegunean, 18:00tan hasita, Soinuak Musika Eskolako ikasleek Andoaingo Zahar egoitzan musika emanaldia eskainiko dute, Susana Cencillo zuzendaritzapean.
Larunbatean, berriz, Gora Kaletxiki txarangak kalejira egingo du Andoaingo kaleetan barrena, 12:00etatik aurrera. 15 urtetako ibibidean txarangako kide izan diren 40 musikarik hartuko dute parte.
Igandean omenaldi ekitaldia
Basteron omenaldi ekitaldian parte hartuko duten eragile guztien ordezkaritza zabala bildu zen: Esti Mujika (Kultura zinegotzia), Jon Zulueta (Andoaingo udal ordezkaria), Josune Orbegozo eta Lourdes Pagola (Olagain txistulari elkartea), Garazi Albisu (Urki dantza taldea), Katrin Iturralde (Udal musika eskolako abesbatza), Mirari Irurtzun (Udal musika eskolako zuzendaritza) eta Mikel Emezabal (Udal musika eskolako banda). Alberto Agirre abesbatzako Joxean Pascual eta Jexux Mari Otamendi ere bertan izan ziren. Omenaldiko protagonista nagusi bilakatzeaz gain, kantari ere arituko baitira.
Esti Mujikak oso berezitzat jo zuen igandeko kontzertua, “andoaindarrek Alberto Agirre abesbatzari bere ibilbide luzeagatik esker ona adierazi diezaion. 36 urte daramate kantuan eta herriko kultur jarduera sustatzen, eta aitortza merezi dute”.
Mikel Emezabalek kontzertuaren antolaketan koordinazio lanak egin ditu, eta berak eman zituen kontzertuaren inguruko xehetasunak. Italiar bat kenduta, euskal kantutegiko piezak izango dira nagusi, beraz.
Ikusmin handia piztu du omenaldiak, gonbidapen gehienak jada agortu baitira. Bakar batzuk geratzen dira oraindik, eta kontzertuaren aurretik leihatilan eskuragarri jarriko dituzte.
Abesbatzaren poza
Joxean Pascualek eta Jexus Mari Otamendik poza agertu zuten Andoaingo herritarren eta musikarien aitormena jasoko dutelako. Aldi berean, inoiz galtzen ez duten umorea erabiliz, “arrisku” txiki bat ikusi zioten omenaldiari: "zer pentsa eman digu, kantagintzatik erretiratzeko ordua iritsi ote zaigun, alegia".