Fleming herri eskola, berdintasuna landuz

Azaroaren 25an ospatuko da Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna. Horrez harira, ekintza ezberdinak ari dira antolatzen eskualdean barrena. Amasa-Villabonako Fleming herri eskolako kideak buru-belarri murgildu dira lanketa horretan:

"Jakin badakigu hau ez dela egun bakar bateko lana, egunez egun landu eta ehundu beharrekoa baizik. Heziketa da, beste gai askotan bezela, gauzak aldatzeko dugun bidea, horregatik Villabonako udalak aurkezturiko “Berdintasuna ehunduz” egitasmoan parte hartzen ari gara Fleming-en.

HEZIKETA ezinbesteko bidea denez, eskolan ikasleekin gaia landu dugu, mataza horietako bakoitzaren esanahia zer den hitz eginez, hausnartuz eta josten dugun bitartean berdintasunaren sarea ehunduz.

3., 4., 5. eta 6. mailako ikasle bakoitza bere zatia ehuntzen ari da, ondoren zati guztiak elkartuko ditugularik, guztien artean gaiarekiko gure elkartasuna adieraziz. Josten dugunaren zati bat herrira jeitsiko dugu, udalean martxan jarririko “Berdintasuna ehunduz” proiektuan parte hartuz.

Proiektua martxan jarri aurretik ez genekien zein harrera izango zuen ikasleengan, eta benetan berezia izan da gertatu dena. Ikasleak erabat inplikatu dira ekintzarekin, ehuntzen ikasi dute eta gusto handia hartu diote. Baina haratago doa. Oso giro berezia sortu da.  Haurrek orratzak motxilan sartu eta edozein unetan hasten dira ehuntzen, kalean, eskolan, etxean,…hortxe daude jo ta ke ehuntzen, bakoitzak nahi dituen koloreekin bere zatia gogotsu egiten. Gainera amonak ere etorri zaizkigu eskolara haurrei ehuntzen erakustera, nortzuk beraiek baino hobe? Amonen goxotasun eta jakinduria, a ze altxorra, generazio berrietara traspasoa, neska zein mutilei, errespetuan eta berdintasunean.

Gaiaren garrantzia ikusita, ez genuke lanketa hau eskolan soilik geratzerik nahi. Zenbat eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta indar gehiago izango baitu gure adierazpen ahotsak. Horregatik, famili eta herritarrak gonbidatu nahi ditugu ere partehartzera. Bai beraien seme-alabei beraien zatia ehuntzen lagunduz, baita zati berriak josiz ere. Aitak, amak, aitonak, amonak, izebak, osabak, lagunak, bizilagunak,…zenbat eta gehiagok parte hartu, orduan eta tela zati luzeagoz josiko dugu herria!".

ARGAZKIAK:

https://www.flickr.com/photos/159542445@N04/albums/72157700337187872

BIDEOA:

https://www.youtube.com/watch?v=bsfX1i_F3EI&feature=youtu.be

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!