Kultur eskaintza bikoitza astebururako

Ostiralean, Aldaket-Art erakusketa aurkeztuko du Ander Ortiz de Muruak. Irekiera ekitaldirako, ikuskizun berezia prestatu du Ortiz de Muruak. Igandean, "Espacio disponible" antzezlana izango da ikusgai, 19:30etan hasita.

Amasa-Villabonako Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, "Kultur sailak azarorako prestatutako programazioaren barruan, asteburu honetan bi emankizun esanguratsu dauzkagu.

Alde batetik, Villabonako artista plastiko ezaguna den Ander Ortiz de Muruak bere “Aldaket-Art” erakusketa berria aurkeztuko du Gurea Zinemako Erakusketa Aretoan, ostiral honetan, azaroak 16, arratsaldeko 19:00etan, eta ikusgai egongo da hilaren 30era arte, astelehenetik ostiralera 18:00 – 20:30 eta larunbatetan 11:30 – 14:00era. Irekiera egunean, sortzaile honen lan berriaz, “Metamorfosis” deritzon ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dugu.

Bestalde, hilaren 18an, igandea, 19:30ean, “Perigallo Teatro” konpainiaren “Espacio Disponible” antzerkiaz gozatzeko aukera izango dugu. Erromantizismoa defendatzen duen eta onuraren gehiegizko balioa salatzen duen komedia da. Celia Nadal eta Javier Manzanera dira bertako protagonistak eta beraien seme kooperantearen zain dauden bi jubilatuen papera egiten dute. Antzerki honek izugarrizko arrakasta izan du Madrilgo Lara Antzokiko publikoaren artean"

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!