Sariak ipuinen idazle gazteentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 14a, 01:00

XXII. Martin Ugalde ipuin lehiaketaren sari banaketa ospatu zen asteartean Basteron. 136 ipuin aurkeztu dira aurten, eta maila onekoak izan direla nabarmendu nahi izan zuen Garazi Kamio, Karlos Lizanasoro, Juan Ramon Makuso eta Inaxio Mujikak osatu duten epaimahaiak.

[Argazkiak]

[Bideoa]

Sari banaketari ekin aurretik, Jon Zulueta behin behineko Kultura Zinegotziak ikastetxeei, irakasleei eta parte hartzaile guztien familiei eskerrak eman ostean, gogoratu zuen euskara eta euskal literaturako zaletasuna eta sorkuntza sustatzea dela literatur lehiaketaren helburu nagusia.

Euskarak eta euskarazko sorkuntzak espazioak behar dituztela gaineratu zuen. "Erakundeetan gaudenok badaukagu ardura handia xede horretan. Horrelako espazioak indartzen eta berriak sortzen saiatzen ari gara. Euskararen normalizazioa nahi dugunok berme guztiekin biziko den hizkuntza behar duela izan pentsatzen dugu, eta elkarlanean jarraitu behar dugu. Egiten dugunaz harro, gaurkoaren antzeko ospakizunak eginez, baina beti ere aurretik egin duguna hobetzeko helburuarekin”.

Irabazleak

Hona ipuin irabazleak eta beren egileak:

A mailako 2. saria: “Itsasoaren magia”. Nere Baron Arriet.

A mailako 1. saria: “Nork bahitu du Pepe hamsterra?”. Inge Igarriz Lizaso.

B mailako 2. saria: “Udazkeneko azken hostoa”. Miren Nieves Gomez.

B mailako 1. saria: “Kanpai hotsak”. Elaia Cayetano Montoya.

C mailako 2. saria: “Etxeorratzen artean”. Aner Alkain Aguado.

C mailako 1. saria: “Atzera pauso bat, aurrera bi”. Araitz Igerategi Lizarralde.

D mailako 2. saria: “Zainduz maite duzun hori”. Unax Abrego Candelario.

D mailako 1. saria: “Hezur eta haragizko oroigarriak”. Nahia Sarasola Fernandez.

Ekitaldiaren amaieran, Garazi Kamio aurkezleak saritu eta finalista guztiak idazten segitzera animatu zituen. Aholku bat ere luzatu zien: “ipuin bat ez hasi “behin batean” edo “bazen behin” batekin. Mesedez. Txikitako ipuinak dira kontu horiek, eta jada ez gara hain txikiak”. Euskaraldia ekimena hartu zuen ahotan azkenik, gogoratuz jada 1.000 andoaindarrek Belarriprest edo Ahobizi izateko konpromesua hartu dutela eta oraindik irekita dagoela epea izena emateko.  

Ekitaldian zehar Andoaingo Udal Musika eskolako ikasleek musika emanaldia eskaini zuten. Josu Mujika, Asier Arrikarte, Alex Castro, Oier Moreno, Ane Escribano, Oihane Telletxea eta Xindola Galak jardun zuten Mikel Emezabal irakaslearen zuzendaritzapean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!