Elkarretaratzea egin dute eraso matxista salatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 13a, 01:00

13:00etan izan da elkarretararatzea hilaren 11n gertatutako eraso matxista gaitzesteko. Udal ordezkariekin batera zenbait herritar ere hurbildu dira, eta txalo artean amaitu dute elkarretaratzea.

[Bideoa]

Adierazpen instituzionala:

URNIETAKO UDALAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA HERRIAN GERTATUTAKO ERASO MATXISTA GAITZESTEKO ETA ARBUIATZEKO

Urnietako Udalean ordezkaritza dugun alderdi politiko guztiok gure gaitzespen eta arbuiorik irmoena adierazi nahi dugu azaroaren 11n, Urnietan gertatutako ERASO MATXISTAREN aurrean.

Erakunde bezala  eta Urnietan bizi garen pertsona guztien eginbeharra da:

  • Indarkeria mota guztiei, eta tokatzen zaigun kasu honetan indarkeria matxistari arbuioa adieraztea.
  • Indarkeria mota horren erroetan dauden egiturak eraldatzeko beharrezkoak diren neurriak abiaraztea.
  • Bereziki, biktimarekiko gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi dugu.

 Horregatik, Bozeramaileen Batzarrak:

1.- Oinarri matxista duen indarkeria berekin daraman edozein ekintzaren aurrean bere arbuio eta gaitzespen irmoena adierazten du.

2.- Bere babesa, elkartasuna eta maitasuna adierazi nahi dizkie emakume honi, bere familiartekoei eta lagunartekoei, eta Udal honek dituen arreta baliabide eta zerbitzu guztiak euren esku jartzen ditu.

3.- Indarkeria matxistaren edozein motatako adierazpenen aurrean esku-hartzeko konpromisoa azpimarratzen du, eta berau ezabatzea sustatzen duten neurriak babesteko eta bultzatzeko bere borondatea berresten du.

4.- Modu berezian, erasoa gertatzen ari zen lekuan aurkitzen ziren herritarrei  eskerrak eman nahi dizkie, haien jardunari esker, eraso horrek ondorio larriagoak ez edukitzea lortu delako.

Testuinguru honetan, Udalak herritar guztien inplikazioa eskatzen du, adin guztietako gizon eta emakumeena, gutako edonorren jarrera aktiboa eraso bat saihesteko erabakigarria izan daitekeela jabetu gaitezen.

Aldi berean, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu eraso hau arbuiatu eta gaitzesteko egingo den elkarretaratzera bertaratu daitezen, astearte honetan, azaroaren 13an, 13:00etan Urnietako Udaletxearen aurrean.

Mikel Pagola Urnietako Euzko Abertzaleak EAJ/PNV                                             

Ixiar Artola EH Bildu                      

Consuelo Frutos Grupo Municipal PSE-EE

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!