Emilianoren egurrezko haize-orratzak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 13a, 01:00

Emiliano Mateos andoaindarrak egurrezko haize-orratzak egiten ditu, eta zeregin horretan igarotzen ditu eguneko makina bat ordu. Egin dituen horietako tramankulu batzuk erakusgai jarri zituen joan den igandean, Plazaola kaleko plazatxoan. Lagunen, auzotarren eta herritar ugariren jakin-mina piztu zuen, helduena bezainbat haurrena.

[Argazkiak]

[Bideoa]

 

Gaia aukeratu, eta egurrezko figura txikiak egiten ditu lehenbizi: Orioko arraunlariak, Sanfermietako korrikalari eta zezenak, zaldi lasteketako jockeyak eta zaldiak, artzaia eta artaldea... Figura horiei helizea itsasten die ondoren. Azkenik, mekanismoa egiten du, figurak eta helizea batzeko.

Behin haize-orratza bukatuta, haizea behar izaten da egurrezko figura horiek denak mugitzen has daitezen eta bizia hartu dezaten.

Horrexegatik, sentimendu kontrajarriak bizi izan zituen Emilianoak igandean. Poza batetik, bere etxean bakarkako lan arretatsuaren emaitza jendearen begietara jarri zuelako. Eta pena bestetik, igande goizean haizeak ez zuelako behar bezainbat jo, horrek bere figuren distira galeraziz.

Kalean jarritako erakusketak eduki duen arrakasta ikusita, bigarrengo bat dauka buruan Mateosek, Zumea Plazan egiteko. Haizea dabilenean, plaza hartan gogoz jotzen duenez gero. “ez da askorik behar, bizpahiru hesi baizik ez, eta alkateak udalaren laguntza agindu dit”.

Orain arte bezala, Imanol (sare sozialetan MeteoAndoain ezizenez ezagutzen den herritarra) izango du laguntzaile, ekimena antolatzeko eta herrian jakinarazteko orduan.

 

Autobiografia idazten

Eskulanetan iaioa dela erakutsi du Emilianok, baina azken aldian bestelako kontuetan ere pasatzen du denbora. Bere bizitzako oroitzapen eta bizipenak pilatzen ari zaizkio, eta horiek denak idatzita utzi nahi ditu. Asko ez dela ordenagailua erabiltzen ikasi du, eta dakien gutxi hori nahikoa zaio teklatuetara eta pantailara eramateko burura datozkion istorio eta pasadizuak.

Izan ere, Emilianok adierazi du kontatzeko gogoa edukitzeaz gain, ba daukala zer kontatua, “gauza gogorrak tartean”. Salamancako herrixka batean jaio zen, Guijuelon, eta ofizio askoko gizona izan da. Oso gaztetatik ikasi zuen lurra goldatzen, baina “16 urterekin lagun bat eta biok Gipuzkoa aldera heldu ginen, ikusita han zegoela bizimodua ateratzeko aukera handirik. Denetik egin izan du Euskal Herrian erretiroa hartu bitarte: eraikuntzan, altzarigintzan, goi-tentsioko linea han-hemen zabaltzen... Adierazi duenez, heriotza gertu eduki zuen azken ogibide horretan ari zela. “trenbidean goi tentsioko kableekin ari ginela, argi-indarrez betetako kable bat ukitu nuen, eta dardara kendu ezinik utzi ninduen egun batzuetarako”.

Gaztetan Aranon jarri zen bizitzen bolada batean, eta Goizuetan bizi zen Aurora Moreno ezagutu zuen orduan, Hernaniko Tiloetan ospatzen ziren dantzaldietan. Biok ezkondu eta Andoainera etorri ziren 70eko hamarkadan. Bertan bizi dira harrezkero, eta seme-alabak eta bilobak dauzkate bertan.   

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!