Eraso matxisten aurkako elkarteratzera astearte honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 13a, 01:00

Azaroaren 11n, Urnietan gertatutako eraso matxistaren aurrean, Urnietako Udalak, ordezkaritzan dituen alderdi politiko guztiekin batera, gaitzespen eta arbuiorik irmoena adierazi nahi du. Elkarretaratzea deitu dute astearte honetarako. 

Azaroaren 13an, 13:00etan Urnietako Udaletxearen aurrean.

 

  • Indarkeria mota guztiei, eta tokatzen zaigun kasu honetan indarkeria matxistari arbuioa adieraztea.
  • Indarkeria mota horren erroetan dauden egiturak eraldatzeko beharrezkoak diren neurriak abiaraztea.
  • Bereziki, biktimarekiko gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi dugu.

Horregatik, Bozeramaileen Batzarrak:

1.- Oinarri matxista duen indarkeria berekin daraman edozein ekintzaren aurrean bere arbuio eta gaitzespen irmoena adierazten du.

2.- Bere babesa, elkartasuna eta maitasuna adierazi nahi dizkie emakume honi, bere familiartekoei eta lagunartekoei, eta Udal honek dituen arreta baliabide eta zerbitzu guztiak euren esku jartzen ditu.

3.- Indarkeria matxistaren edozein motatako adierazpenen aurrean esku-hartzeko konpromisoa azpimarratzen du, eta berau ezabatzea sustatzen duten neurriak babesteko eta bultzatzeko bere borondatea berresten du.

4.- Modu berezian, erasoa gertatzen ari zen lekuan aurkitzen ziren herritarrei  eskerrak eman nahi dizkie, haien jardunari esker, eraso horrek ondorio larriagoak ez edukitzea lortu delako.

Hau horrela, Udalak herritar guztien inplikazioa eskatzen du, adin guztietako gizon eta emakumeena, edonorren jarrera aktiboa eraso bat saihesteko erabakigarria izan daitekeela jabetu gaitezen.

Aldi berean, herritar guztiak gonbidatu nahi ditu eraso hau arbuiatu eta gaitzesteko egingo den elkarretaratzera bertaratu daitezen, astearte honetan, azaroaren 13an, 13:00etan Urnietako Udaletxearen aurrean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!