Elkar ezagutzea, estereotipoak hautsiz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 12a, 01:00

Kultur aniztasunaren aldeko festa ospatu zen igandean Andoainen, bi ekimenen eskutik, Bizilagunak eta Ongi Etorri Eskolara izenekoak hain zuzen. Aurre-juzguak eta estereotipoak hautsi nahi dira atzerritik etorritako familiek zein autoktonoek mahai baten inguruan egiten dituzten otordu horien bitartez.

[Argazkiak]

Sei familiek eta bi gazte kuadrillek erantzun zioten Bizilagunak ekimenak Andoainen Zumea Plazan jarri zuen hitzorduari. Andoainen jatorria dutenez gain, Maroko, Nigeria, Aljeria, Colombia eta Mongoliako herritarrak bertaratu ziren plazara, eta dinamizatzailearen bitartez, denek ere hurrengo orduetan mahai baten bueltan mintzakide izango zituzten pertsonekim lehen harremana eduki ahal izan zuten.

SOS Arrazakeria eskubide berdintasunaren aldeko giza mugimenduak bultzatu zuen ekimena, eta berarekin bat egin zuten Andoaingo Caritas elkarteak eta Andoaingo Udalak.

Anbrosia Olabide Gizarte zerbitzuetan jarri zen bigarrengo hitzordua. Honako honetan, atzerritik etorrita Andoaingo hiru ikastetxeetan haurrak eskolaratu berri dituzten familien eta bertako familien arteko topaketa antolatu zen. Andoaingo Udala izan zen ekimenaren bultzatzailea eta Elkarrekin Kooperatiba Elkarte Txikia dinamizatzailea. Elkarte horrek urteak daramatza antzeko topaketa antolatzen beste zenbait herrietan.

Aita Larramendi, Ondarreta eta La Salle Ikastetxeetako familiak alde batetik, eta bestetik mundu zabalean jatorria duten familiak elkartu ziren, eta elkarrekin bazkari ederra partekatu zuten Anbrosia Olabide egoitzan bertan. Venezuela, Honduras, Maroko, Errumania, Nikaragua, Aljeria eta Argentinakoak dira orain aurretik Andoainera bizitzera heldu diren familiak, Ongi Etorri Eskolara ekimenean parte hartzera animatu zirenak atzo.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!