Azpiegitura eta zerbitzuei loturiko erabakiak hartu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 9a, 01:00

Udalaren osoko plenoak urrats berriak eman ditu Etenetako igogailuari eta kiroldegi berriari dagokionez.

Urriaren 29ko Udal batzarraldian hainbat erabaki hartu zituzten, horien artean, Eteneta-San Juan eremuko igogailuari dagokiona. Eraikitzeko egin beharreko obraren pleguak onartu ziren bilkuran, eta ondorioz, gero eta gertuago dago eraikuntza lanak hasteko eguna.

Kiroldegi berriari lotutako erabakia
Igerilekuko uraren zirkulaziorako tresneria epe laburrean botako duten eraikinaren barruan aurkitzen da. Eta horri irtenbidea eman nahian, Udalak  obra hori gauzatzeko plegua prestatu eta onartu du. Udalak adierazi duenez, azpiegitura hori tokiz aldatzea kiroldegia eraberritzeko lehenengo pausotzat har daiteke.

Ordenantza fiskalak 2019rako
Tasa eta zerga berriak ezarri dituzte 2019rako. Uraren kontsumoan ez da igoerarik ezarriko. Zaborrei dagokienean ere, birziklatzen duten familiek diru kopuru berdina ordaintzen jarraituko dute. Autokonposta egiten dutenek, ordea, aurrerantzean hiru hilabetez behin 25 euro ordaindu beharrean 22 euro ordainduko dituzte.

Beste zerga batzuetan igoerak izango dira, beti ere IPCa edo KPIa aintzat hartuta. Estolderia %2 igoko da. Trakzio mekanikoko ibilgailuen kasuan, %2,2. Auto elektrikoa, hibridoa eta familia ugarien kasuan hobariak edo beherapenak ezarriko dira.

Ikastaroetan ere hobariak aplikatuko zaizkie familia ugariei, izena emango duten kide bakoitzeko, %20koa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!