"Andoain hobetzen jarraitzea, horixe da gure helburu nagusia"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 9a, 01:00

Andoaingo EH Bilduk Andoni Alvarez Lete proposatu du alkatetzarako. Berarekin hitz egin dugu albistea nola jaso duen jakiteko, eta Andoainerako dituen aurreikuspenak zeintzuk diren jakiteko.

EH Bilduk aste honetan alkatetzarako proposatu zaitu. Zeintzuk izan dira hautagaitzari baiezkoa emateko arrazoiak?
Maila pertsonalean hausnarketa prozesua izan da, ez da egun batetik bestera alkategai izateko erabakia hartzen. Aldi berean, guztiok ere Andoainen alde zer egiterik badugula iruditzen zait. Talde-lanean aritzera ohituta nago, eta nire ekarpena alde horretatik doa. Azken urteotan ideologia ezberdineko pertsonen artean eraiki diren zubiak indartu eta bide horretan urrats sendoagoak eman ditzakegula uste dut. Udalgintzatik kanpoko beste esparruetan pilatu dudan esperientzia etorkizuneko Andoain hobe baten alde baliatu nahi dut.

Ana Carreren lekukoa hartuko duzu. Zein da bere aroaz egin dezakezun hausnarketa?
Balorazioa oso ona da, bi norabidetan. Urte zailak izan zituzten, egoera ekonomikoa txarra zelako benetan. Arazo handi hori bideratzea eta premiazko beharrak konponbidean jartzea lortu dute. Era berean, zortzi urte hauetan gizarte mailako alor askotan sinergiak landu dira. Udalak, zorionez, zerikusi zuzena izan du.

Ezustekoa izan da askorentzat zure hautagaitza. Era berean, pertsona ezaguna zara Andoainen. Zer nolako harrera nabaritu duzu lehen egunetan?
Astelehenean albistea zabaldu zenetik harrituta geratu naiz jaso dudan mezu piloarekin, eta batez ere oso pozik nago nire hautagaitzak ideologia ezberdineko pertsonen artean oso harrera ona izan duelako.

Eskerrak eman nahi dizkiet ere EH Bilduren barne prozesuan nigan konfiantza osoa ipini duten kideei ere. Haien eskutik bide oparoa egiten hasteko gogoz nago.

Aurkariak zure esperientzia falta leporatu diezazuke. Zer erantzungo zenioke?
Gizarte sarea ehuntzen ari da Andoainen, ekimen ugari eta parte-hartzaileekin. Jendaurreko ibilbidea hortxe egin dut, eta aurrerantzean nire eskarmentua herritarren eta herri ekimen guztien zerbitzura ipini nahi dut.
Ez naiz, bistan da, alderdi politikoen mundutik natorren norbait. EH Bilduk, ordea, urteak daramatza Andoainen ardura postuetan erantzukizun handiena hartzen. Era berean, EH Bilduren barne prozesuan talde sendoa topatu dut, tartean bi alkate eta zinegotzi eta zinegotzi ohi ugari ere. Oso lasai nago, oso babestuta.

2019rako zein da zure aurreikuspena?
Udal gobernutik Andoain hobetzen jarraitzea, horixe da gure helburu nagusia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!