Herrien jaia, etorkizunari begira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 10a, 01:00

Zumea plazan Hogar Extremeño eta Triana Andoaingo taldeek "Herrien jaia" ospakizuna antolatu zuten. Dagoenetik abiatu eta etorkizunari begira jarri dira, mundu zabaleko kultur aniztasunari tartea eman nahian.

Herrien jaia ospatzen ari zarete, elkarlanean.
Jose Manuel Rey: Urtero antolatzen den jaialdia da eta normalean Andoaingo taldeok parte hartzen dugu. Lastima talde gehiago ez egotea, eta ohikoan Triana eta Hogar Extremeño taldeen artean antolatzen dugu.

Zein talde gehiagori buruz ari zarete?
Luis Gil: Andoainen kultur ordezkaritza zabala dago, munduko jatorri ezberdinekoa. Aurtengorako ez digu denborarik eman, baina hurrengoetarako nazioarteko kultura horiei tartea eskaini nahiko genieke.

Ekainean Udalak nazioarteko jakiei buruz antolatu zuenaren antzekoa?
J. M. R.: Bide horretatik doa baina zoritxarrez nazioarteko ordezkari horiek ez daude elkarte bezala antolatuta. Gipuzkoako ordezkaritzak baldin badira, adibidez, ez genuke arazorik ikusiko.

L. G.: Datorren urteko ospakizunean dibertsitate hori gurera ekarri nahiko genuke, Andoaingo Herrien jaira. Ea kultur ordezkaritza zabala biltzea lortzen dugun. Bi elkarteon aldetik adostuta daukagu etorkizunerako erronka hori. Ea lortzen dugun.

Zer da zuretzat, zehazki, Triana?
L. G.: Hainbeste denbora da Andaluziatik hona etorri ginela…, gure sustraietara lotuta jarraitzeko modua da. Eta, bide batez, tarteka gure kulturaren berri ematea nahiko genuke. Errenteria, Arrasate, Irun, Lasarte-Oria... Euskadin zehar ospakizun askotan parte hartzen ari gara.

Eta zuretzat Hogar Extremeño?
J. M. R.: Nondik gatozen ez ahazteko bidea da. Arbasoak, gurasoak,... haien ondorengoak gara. Dagoeneko hirugarren belaunaldia da Andoainen bizi dena, haietako batzuk ez dute Extremadura ezagutzen. Euskaraz hazi eta hezi da alaba, baina elkartearen bitartez sustraiak ez ahazteko modua lantzen ari gara. Dibertsitatearen garrantziaz ohartarazi nahi diegu. Kultura bakoitzaren gauzarik onena har dezala.

Zuetako askok “el pueblo” hortxe duzue eskura.
J. M. R.: Nire kasuan ez dut “pueblo”rik. Guk dagoeneko ez dugu ezer Extremaduran. Baina erroak hor daude, eta ez ditugu ahaztu nahi. Gure elkartean jende askok herriarekin duen loturari eutsi dio, gogoko dute, eta egonaldiak amaituta berriro Andoainera itzultzen dira.

L. G.: Emazteak esaldi bera errepikatzen du oporraldiari hasiera ematen diogunean. Baños de Montemayor herritik igarotzean “iritsi gara” esaten hasten da. Etxeko gazteenak urtero joaten dira. Eta aiton-amonak bizi zirenean, seme zaharrenak 4 urte zituela, paparrean txartela ipini eta bakarrik bidaltzen genuen Sevillara. Aiton-amonek jasotzen zuten hara iristean. Lotura horiei eutsi nahi diegu oraindik.

Etorkizunean, nazioarteko kulturei tokia eman nahi diezue, bien bitartean herriko kultur taldeak parte-hartze handia izaten ari dira.
J. M. R.: Talde guztien parte-hartzea eskatu ohi dugu, eta txistulariak, txaranga eta bestelako taldeak gure eskaeragatik daude hemen. Ez dadila gure jaia tono bakarrekoa izan, kolore aniztasuna nabarmendu dadila.

L. G.: Urte batzuetan, egitaraua Trianaren eta Hogar Extremeñoren eskaintzarekin bakarrik osatzen zen, eta pobre samar geratzen zen. Aukera berriak aztertzen gabiltza, eta zorte pixka batekin lortuko dugulakoan gaude.

Bakoitzak bestearen kulturatik zer azpimarratuko zenukete?
J. M. R.: Andaluziar herriak duen bizipoza nabarmenduko nuke.

L. G.: Extremadurako kultura aberatsa da, oso. Eta gastronomia primerakoa da.


{{IMG-42138}}
Hogar Extremeñoko lantaldea, goizeko txandan.

Auzolana: Herrikide askoren lanari esker atera zen aurrera ospakizuna. Asko eta asko barraren atzean lanean, eta beste batzuk antolaketa lanean. Goizeko lehen taldean aritu zirenak pozarren agertu ziren kamara aurrean.

{{IMG-42139}}
Trianako lantaldea, azoka ireki berritan ateratako argazkian.

Egun osoko ospakizuna: Goizez eta arratsaldez luzatu zen ospakizuna Zumea plazan. Lanik handiena oholtza prestatzen eman zuten. Beharginek orduak behar izan zituzten Zumea plazan jartzeko.

{{IMG-42140}}
Trianako dantzariak, arratsaldeko saioan.

Kultur Aniztasuna: Triana, Olagain, Alberto Agirre abesbatza..., herriko eragile ezberdinek bat egin zuten "Herrien jaia" ospakizunean. Nazioarteko kulturei tartea zabaldu nahi diote etorkizunean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!