Hitzordu bikoitza bertsoarekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 14a, 01:00

Azaroaren 17an bi hitzordu potolo izango dira Zizurkilen. 19:00etan, Otaño bertsopaper lehiaketako sari-banaketa egingo dute. 21:00etan, bertso-afaria.

Zizurkilen bertsolaritzari lotutako urteko bi hitzorduk bat egin dute aurten. Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketako sari-banaketa eta bertso-afaria, azaroaren 17an egingo dituzte, Iriarte etxean. Bertso-zaleak, beraz, izango du gozatzeko tarterik.

Aurreko urteetan, ekainean egin izan dute bertso-afaria, Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarteak antolatuta. “Ekainean, ordea, ekitaldi asko pilatzen da, eta aurten bertso afari hori azarorako uztea erabaki genuen. Bestalde, Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketako sari-banaketa ekitaldia abenduan egin ohi da, euskararen egunaren inguruan. Ez zuen zentzu handirik bertsoari lotutako bi ekitaldi aste gutxiren aldearekin antolatzeak. Sari-banaketa ekitaldia bukatzeko, gainera, afaria egiteko ohitura zegoen. Horregatik erabaki genuen bi ekitaldi horiek egun berean egitea; sariketa lehendabizi, eta bertso-afaria ondoren”, azaldu du Unai Mendizabal bertsolari zizurkildarrak.

Berezitasun nagusia

Bosgarren edizioa izango du aurtengo bertsopaper sariketak. Maila ezberdinetan banatuta lehiatzen dira parte-hartzaileak, eta badu berezitasun nagusi bat. Unai Mendizabalek eman ditu azalpenak: “Lau mailatan bereizten dugu sariketa eta lehendabizikoa, gelen artean jokatzen dena da. Eskualdeko lehen hezkuntzako ikasle gehienek bertsolaritza ikasten dute euren ikastetxetan. ‘Mundua bertso’ programaren bidez, euskarako ikasgaiaren barnean, bertsolaritza jasotzen dute, astean behin edo bi astez behin, gutxienez. Ikasle horiei begira egiten dugu deialdia. Gelan bilduta, taldeka prestatzen dituzte bertsopaperak eta Pello Mari Otaño sariketara bidaltzen dituzte”. Talde irabazleak sari berezia jasotzen du gainera: aukeratzen duen bertsolariaren bisita izaten dute euren ikastetxean.

Lau maila

Bertsolaritza ikasle gazteek hiru bertso edo sei kopla osatu beharko dituzte gelakideen artean. Beste hiru mailatako lehiakideek, aldiz, eskakizun ezberdinak izango dituzte. Hamabost urte arteko gaztetxoak sariketako bigarren kategorian lehiatuko dira, eta hiru bertso edo sei kopla osatu beharko dituzte, baina bakarkako lanean. Hemezortzi urte arteko bertsolariek osatuko dute sariketako hirugarren maila, eta sei bertso osatzea egokituko zaie. Hemezortzi urtetik gorako kategorian lehiatzen direnek berriz, zortzi bertso aurkeztu beharko dituzte. Lehiakide bakoitzak nahi adina bertsopaper aurkez ditzake, eta maila guztietan, neurria, gaia eta doinua libreak dira, bakoitzaren aukerakoak.

Harituz bertsozale elkarteak eta Teodoro Hernandorena Kultur taldeak antolatzen dute Pello Mari Otaño sariketa, Zizurkilgo Udalaren laguntzarekin. Harituz taldeko kideek izango dute epaimahaikide lanak egiteko ardura; haiek izango dute, beraz, bertsopaperik onenak aukeratzeko ardura.

Bertso-afaria

Aurreko urteetan, elkarrekin afalduz borobildu izan dute sari-banaketa ekitaldia eta aurten, bertso-afariak osatuko du eguneko egitaraua. Iriarte jatetxean elkartuko dira 21:00etan, elkarrekin afaltzeko, eta afalostean, Maialen Lujanbio eta Unai Agirre arituko dira kantuan. Iriarte jatetxean bertan daude salgai bertso-afarirako txartelak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!