Minbizidun haurren aldeko jaialdia iragarri dute Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 5a, 01:00

Minbizia duten haurrekin lan egiten duen Aspanogi elkartearen aldeko musika eta dantza jaialdia aurkeztu zuten joan den asteazkenean. Basteron abenduaren 9an izango da ekitaldia. Jaialdiaren antolatzaileek eta bertan parte hartuko duten musikariek elkarrekin egin zuten aurkezpena, Triana elkartearen egoitzan.

[Bideoa]

Aurkezpenean bertan izan ziren Olagain txistularien elkarteko Josune Orbegozo eta Lurdes Pagola, Soinuak musika eskolako Garbiñe Aizpurua eta Nahia Gorostidi, Gora Kaletxiki Bandako Joxerramon Berrondo eta Joxe Mari Oiartzabal, Alberto Agirre abesbatzako Jexus Mari Beraza, eta azkenik, Triana elkarteko Luis Gil, Andrea Cuerva eta Tomas Cuerva. Horien ondoan, Aspanogi elkarteko lehendakaria den Bittor Andonegi izan zen.

Triana elkarteko Gil izan zen jaialdiaren asmoa abian jarri zuena. Adierazi zuenez, orain bost bat urtetik hona zebilkien buruan. Emozioari ezin eutsirik egin zuen aitorpena. “Jada gaindituta daukadan minbizia jasan nuen orduan. Onkologikoko egonaldietan haurrak ikusten nituen, eta horrek erabat markatu egin ninduen. Harrezkero, tematuta nengoen haurren alde zerbait egiteko. Iaz, urtero Trianak urte amaiera aldera antolatu ohi duen jaialdia Gabon Kanten inguruan izan zen. Aurtengorako, ondo iruditu zitzaigun Aspanogi elkartearen aldeko ekitaldi solidarioa egitea”.

Azkenik, Luis Gil Joxe Mari Oiartzabal musikariarekin eta Gora Kale Txiki Bandarekin harremanetan jarri zen, jaialdiaren ideia proposatuz. Era horretan jarri zen abian jaialdia.

 

Gertutasuna, diruaren gainetik

Gora Kale Txiki Bandako kide den Joxeramon Berrondok eman zituen jaialdiari buruzko xehetasunak, aurkezpen ekitaldian. Zehaztu nahi zuen diru bilketa bultzatzearen gainetik elkartasuna transmititu nahia dagoela. “Herritik sortua eta herriarentzako ekimena da, eta ahalik eta musikari eta dantzari gehienek parte har dezaten saiatu gara. Erarik alaienean, musikaz eta dantzaz baliatuz, Aspanogiko jendeak Andoaingo herriaren aitormena, elkartasuna, goxotasuna, gertutasuna eta enpatia senti dezan nahi dugu. Denok daukagu gertu pertsonaren bat minbiziaren prozesua bizi duena, eta horrek sentibera jartzen gaitu. Ondo dakigu Aspanogik pertsona horiekiko emankortasunaren asmo unibertsala islatzen duela, eta kulturaren mundukoei elkarte horri eskertza transmititzea dagokigu”.

Bittor Andonegi Aspanogiko lehendakariak eskerrak eman zizkien jaialdiko antolatzaileei eta parte hartzaile guztiei. “Aspaldian oso aitortuak sentitzen gara Gipuzkoa osoan. Badakigu mundua diruak mugitzen duela, baina bene-benetan energiaz betetzen gaituena Andoaingo kultur eragileek adierazten diguten hurbiltasun pertsonala da”.

 

Dantza eta musika, uztarturik

Dantza eta musika izango ditu ardatz jaialdiak, eta Joxe Mari Oiartzabal musikariek egituratu du. Agur berezi batekin ekingo zaio jaialdiari. Hain zuzen, Urkiko dantzariek eta aretoko dantzetan munduko txapelduna den Amaia Gonzalezek, nork bere erara egingo du dantza, euskal eta flamenko kutsua emanez agurrari.

Ondoren, Andoaingo hainbat musika taldeen emanaldiak etorriko dira, bata bestearen segidan. Soinuak Musika Eskola, Olagain Txistularien elkartea, Alberto Agirre abesbatza eta Gora Kale Txiki Banda (Hernaniko Udal bandako musikariekin sendotuta) izango dira taldeak. Elkarrekin ere zenbait abesti joko dituzte.

Ekitaldian zehar Triana eta Urkiko dantzariek elkarte horren ereserkia dantzatuko dute, Gora Kale Txiki Bandaren laguntzarekin. Aldi berean, Marife Nogales mezzo soprano andoaindarrak bi euskal kanta interpretatuko ditu. Azken partean, parte hartzaile guztiak oholtzan elkartu, eta “Lau Teilatu”, “Xalbadorren heriotzean” eta “Andoaingo ereserkia” interpretatuko dituzte.

Jaialdia osatuko duten dantzari eta musikari guztiek musutruk ariko dira, eta Aspanogi elkartearentzat izango da biltzen den diru guztia. Sarrerak azaroaren 15etik aurrera erosi ahal izango dira, aurrez jakinaraziko diren herriko saltokietan. Aldi berean, eltxetxuak edo eta “zero lerroa” ere eskura jarriko dira, Basteroko jaialdira hurbildu ezin arren diru ekarpena egin nahi duen edonorentzat.   

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!