Tolosakoak:
Amar urtean Tolosa izan zan
Gipuzkoako burua,
gaur ere pozik artu liteke
orduko bizimodua;
ain degu erri txalogarria,
berdin bere ingurua;
askorentzako Tolosa izan da
mundu ontako zerua.
Donostikoak:
Barkatu baiño, zure izketak
ez al dirade alperrik?
Gure Donosti berdingabeak
berekin ez du okerrik.
Ez det ukatzen, zuen Tolosak
badu alderdi ederrik;
zure gisara gureak ez du
iñork pamatu bearrik.
Tolosakoak
Nere izketa alperra ote dan
azkar dezu antzemana,
uste gabeko gertakizunak
etorri leizke gugana;
ongi dakigu urte mordo bat
geroztik bada joana,
baiña berriro izan nai degu
lenago izan giñana.
Donostikoak:
Egia da bai, amar urtean
nagusi izan ziñaten,
orain ori irixten baiño
errezago da esaten.
Ezin leikena eskatzen dezu
ori zailla da ematen;
asko dezute karroza on bat
Iñauteri egun baten.
Tolosakoak:
Tolosak ditu Iñauteriak
Tolosak ditu Sanjoanak,
gauz oien berri ondo badaki
onuntz etorritzen danak.
Prankoren garai gogorretan’e
bapo ospatu ziranak;
nabarmen samar ikusten ditut
zuen ezin eramanak.
Donostikoak:
Tolosak daukan izen piska bat
daduka Iñauteritan,
Sanjoanak berriz ospatzen dira
konta ezin ainbat erritan.
Gure Donosti urte guztian
daukagu ezkon-berritan;
Paradisoa bertan dagola
pentsatu izan det sarritan.
Tolosakoak:
Mendi lerdenaz inguratuta
ain da erri aproposa,
nola Uzturre ala Ernio
mendizaleak zer poza!
Baso-belardiz edo basarriz
gehiago ezin leike goza;
euskera zarran ederrez ere
txapeldun degu Tolosa.
Donostikoak:
Gureak ez du pamatu gabe
utzi liteken txokorik,
nola ondartza ala itsaso
nork ez du oien gogorik?
Otañok ere bere gorantzan
kantatu zuan bertsorik;
esanez: munduan etzegola
Donosti bezelakorik.
Tolosakoak:
Badituzue ondartza ederrak
badezute itsasoa,
baiña asarretzen danean
ez da jartzen erosoa.
Bildurgarria baita benetan
olatuen erasoa;
gozorik gabe laister uzten du
aurrez zan Paradisoa.
Donostikoak:
Kirol-mundua, zine, antzerki,
musika, dantza, abesti,
besteak-beste Alderdi Zarra
agurtu bear biozki.
Itsaso eder da bere kaia
ez daude alperrik noski;
arrai preskoa jateko ere
txapeldun degu Donosti.
Tolosakoak:
Ezin ukatu sukaldaritzan
Donostik duan jarduna,
nola legatza, ala txipiroi,
zapoa edo atuna.
Guk’e badegu etekin on bat
lurretik datorkiguna:
langosta bezin pamatu egin da
Tolosako babarruna.
Donostikoak:
Bakoitzak ditu bere loreak
usai gozo atsegiñez,
batek palta dun ura besteak
osatu lezake ziñez.
Erriak ez dezala supritu
alkatean utsegiñez;
jarrai dezagun beartutzean
alkarri lagun egiñez.