Arrakasta ez zen berdina izango herri eta herrixka guztietan, baina hedabideak balorazioa egiterakoan baikor azaldu dira. Jakina, tokian tokikoa izango da garrantzitsuena.
Kanpainaren helburuak ere aipatu dituzte: herritarren ohiturak aldatu, hizkuntzari dagokionean, euskara bizitzako esparru orotara zabaldu etab. Erakundeetako agintariak ere mintzo izan dira, eta, Jaurlaritzako kultur sailak esan duenez kanpaina honek akuilu izan behar du erakundeek beraiei dagozkien konpromisoak har ditzaten. Gasteizko legebiltzarrean ere egin dute world cafe moduko entsegua. Nik uste dut herritarrok zorrotz jokatu behar dugula administrazioarekin eta, hor bai, hor euskaraz egin behar dugula. Esparru hori publikoa izanik, eta Kultura sailburuak zioenez, Euskaraldiak balio izan behar du euskara sustatu eta herritarren komunikazioa bultzatzeko. Herritarron jokabideak irmoa izan behar du hor. Besterik da, harreman pertsonaletan; hemen malgutasuna, bere neurrian, beharrezkoa da hizkuntza komunikazio tresna gisa erabili nahi badugu behintzat. Eta Kultura sailburuarekin jarraituz, Maite Artola Euskadi Irratiko esatariak elkarrizketa egin dio eta, harrituta utzi nau aipatu dituen asmo guzti horiek denak entzunda. Ez daitezela paper hutsean geratu!!!
Kontua da, ordea, kanpainak, egunak etab. egokiak direla herria mugiarazteko; baina orain dator benetako erronka: txaparik gabeko Euskaraldia hasten denean. Kanpaina bukatu ondoren, normala denez, balantzea egingo dute. Badute lana arlo guztiak aztertu eta zertan bai eta zertan ez asmatu den jakin ahal izateko. Har dezagun herri bat adibide gisa. Esaterako, ikastoletan beti izaten da arazoa haurren gurasoak noraino mintzo ohi diren euskaraz beste ikasleen gurasoekin. Haurrak ikastolan utzi eta kafetxoa hartzera joango dira. Ahobizi, entzule prest ala ezer ez. Ez baitago txaparik, ez baitago kanpainarik, ez baita euskararen egunik... Eta gaztelerara joko dute. Hondartzara doazela: haurrak jolasean auskalo zein hizkuntzatan eta gurasoak eguzkitan blai kontu kontari, baina gazteleraz. Herriko tabernara joan eta nahikoa da euskaraz ez dakien bat koadrila batean egotea erdara hutsean aritzeko. Herri horretan bada asteroko bat, guztia euskaraz: Luxu bat. Harpidedun berririk izan ote da Euskaraldiaren ondoren? Txaparik ez dagoenez, agian harpidetzak igo ez baina behera egin dutela esango digute. Zenbatek irakurtzen duten eta zenbatek –nahiz eta horretarako gai izan– idazten duten. Herri horretako agintariek bai, horiek bai euskaraz egingo dizute. Jende ikasia baita. Baina zenbait herritar, txaparik ez dagoenez, hurbiltzen ote dira euskarara? Hori da kontua. Oso gustura mugitzen gara zarata erdian, jaialdietan, ospakizunetan, baina ez gara mamira iristen.
Dena den, txalotu ditzagun Euskaraldiako antolatzaileak, parte-hartzaileak eta bolondresak. Txaparik gabe, ahobizi ala entzule prest gisa, egin dezagun euskaraz eta Administrazioak eta herri agintariek bete ditzatela kanpaina honetan hartu dituzten konpromisoak. Horretan ere eskarmentu pittin bat baitugu. Eta izan gaitezen kritiko!!!