Euskaraldiak, norbanakoen hizkuntza ohiturei erreparatuz, aldaketa kolektibo bat egiteko parada eskaini digu. Gure ohiko sozializazio moduei erresistentziak ezarriz, nahi bada deitu jabetuz, ahaldunduz, modu kontziente eta borondatezko batean hizkuntza jarri dugu erdigunean. Euskara ikasi zaharra ez den ezagun batek aipatu zidan, hainbat estres egoera bizitu dituela Euskaraldiak iraun duen egunetan. Parean egokitzen zitzaion hizlariak txapa ote zeraman zen bere estres egoeraren sortzaile. Txapa baldin bazuen, orduan hasten zen jolasa, lasai, konplexurik gabe. Elkarrizketa labur honetako bi puntu azpimarratu nahi nituzke. Baga, estresa, estres linguistikoa. Hiztunak, bere hizkuntza erabili ala ez erabaki behar izateak sortzen duen nekeari deitzen diote adituek estres linguistikoa. Eta jakina da guk, elebidunok, bizi izan dugula estres mota hau nahi baino gehiagotan. Txundigarria suertatu zitzaidan ordea, Euskaraldiak egoera iraultzeko gaitasuna berekin izateak. Badu Sarrionandiak honen harira, egokia den esaldi bat: “Bi hizkuntza ezagutzen dituena, beti beste hizkuntzan mintzatzen da”. Biga, konplexurik gabe hitz egiteko aukera izatea txapadunokin. Pazientzia behar da komunitate batean bizi eta bertako hizkuntza ikasteko, baina pazientzia behar da baita ere, ikasten ari den hiztun batekin elkarrizketak modu jarraituan izateko, erabateko zuzenketetan ez erortzeko, konfiantza marko bat eraikitzeko. Puntu honetan, autokritikatik diot, badugu zer hobetua.
Gazteleraz, sesquilingüismo deitzen zaio hizkuntza bat hitz egiteko gaitasunik izan ez, baina ulertzeko gaitasuna izanik elkarrizketa elebidunak izateari. Bada nolabait Euskaraldian egitea lortu duguna, eta izango da behar bada, estres linguistikoarekin amaitzeko gako bat, normaltasunaren bidean. Baliteke irakurleak pentsatzea, frantzeuskara, euskañola edo euskanglisaren aldeko aldarria egiten ari naizela. Errealitate horretatik urrun, oso urrun kokatzen da nire hausnarketa ordea. Hizkuntza zapalduetako hiztunen ahalduntzean izan dut gogoa lerrootan, izan ere, azalean tatuatuta daramatzagu hizkuntzen botere-harremanak. Barneratuta, guk uste gabe gainera sarri askotan.
11 egunez txapadunak izan garela harrotasunez aitortu dugu, ahal izan dugun argazki eta medio gehienetan. Txapadunak izan gara, eta horrek eman digu askatasunez gure hizkuntza aukera egiteko bidea. Aiztondon 1600 txapadun baino gehiago izan gara eta konplizitatea sentitu dugu hautu berdina egin dutenekin. Hamabigarren egunetik aurrera, txapa ematea dagokigu konpai, izan gaitezen konplize.