Filmean, halaber, espaniar justiziak 1977ko Amnistia aitzaki, frankismoaren krimenak epaitzeko ateak itxi eta Argentinarako kereilaren bidea erakusten da.
Argentinara joan ginen taldea anitza izan zen eta, benetan, argentinarrek harrera ezin hobea egin ziguten. Beti esan izan dut, kereilaren alderdi judizialetik haratago, joan ginenontzat barne askapena izan zela: Epaile baten aurrean inongo trabarik gabe nork bere kasua agertzea onuragarria izan zen. Kereilaren alderdi publiko hori geldialdian dirau, ezer gutxi aurreratu baita. Baina Oroimen Historikoarekin jarraitu behar da, gizarteak kontzientzia har dezan. Filmak horretarako balio dezake.Honen harira, oroimen historikoarena alegia, Urnietako Udalak "Bizikidetza eta Memoria jardunaldiak” izenburupean antolatu dituen emanaldiak aipatu nahiko nituzke. Lehenik, eskertzekoa da Udalak maila honetako jardunaldiak antolatu ahal izatea. Ez dira herri askotan antolatzen. Niretzat benetan interesgarria izan da. Nire lehenengoak halako ukitu berezia sortu zidan. Formatoa ezin hobea, ezin barnekoiagoa. Bi emakume, bi sufrimendu desberdin eta biak ideologiatik ez baizik eta bizipenetik, beren sufrikarioa barru-barrutik partekatzen. Ez zen elkarrizketa ideologikoa eta, nire ustez, horrek ematen zion balioa saioari. Horrek bideratzen zuen entzuleagoaren barneraino iristea. Askotan pentsatu izan dut sufrimendua ez dela ideologian kokatzen. Eta esaten denean sufrimendu guztiek merezi dutela aitortza, eta memoria, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa, biktima
orori zor zaio hori. Sufrimendua ezin daitekeela sailkatu.
Hirugarren saioak ere bazuen mamirik. Tortura, bizikidetzara eraman gaitzakeen justizia, etab.
Jardunaldien helburua bizikidetza da, hots, sufrimendu desberdinak jasan dituzten herritarrek elkarrekin bizi ahal izatea helburu duena. Hori da helburua, eta hortxe datoz zailtasunak. Lehen aipatu bezala, ezin gara ideologiatik abiatu baizik eta norberaren sufrimendutik. Sandra Carrasco eta Olatz Etxabek irudi eredugarria eskaini ziguten, zein bide jorratu behar dugun ere bai. Urnietako herriak, nahiz eta sufrimendu desberdinak jasan, oraindik orain isilean dirau; beharbada, barne haserrea kanporatu gabe. Beste zenbaitek haserre hori kanporatu dute, eta Gurutze Iantziren kasuari nagokio. Baina ez dute erakundeen aldetik erantzunik jaso. Aurten bete dira 25 urte komisarian hil zutenetik, susmo guztien arabera torturak eraginda. Baina ez du jaso justiziarik, memoriarik, errekonozimendurik ezta erreparaziorik ere.
Merezi du, beraz, jardunaldia eta hausnarketak eragin dituen Udalak Urnietan izan diren giza eskubide guztien urraketak bildu eta banan bana ez bada ere –zail ikusten dut–, guztiei oroitarria gune egoki batean eraikitzea. Urnietan ez da horrelakorik falta. Memoriaren eguna iristean guztiak gogoan izan eta merezitako errekonozimendua eskaini diezaiegun. Egingo al da bidea!