Zenbat eta ze dotore dantzatzen den, zenbat herri-antzerki sortzen den, zenbat kultura-senatari, zenbat disko… Xiberoko Botza irratia, SüAzia argitaletxea, eke.eus, hebentik bloga, XIRU jaialdia, ikastolak… Eta Zuberoak bizi dituen pertsona guztiak, Villabonak bizi dituenak adina dira gutxi gehiago! Luze jarrai dezaket segida hau osatzen. Han ere badirela arantzak noski; higuina sortzen didaten gauzak: utzikeria, belaunaldi arrakala, frantsestea… Hori beste baterako, noan harira.
Orain bi hamarkada inguru harantz joateko bolada bat izan nuen eta bila asko joan gabe azken lauzpabost urtetan xendra bera ipini zait begi aurrean. Joan- etorri hauetan teoria bat sortu da neure baitan: ikusbera naiz Zuberoarekiko ziur aski frantsesik ez dakidalako ganoraz. Alta, hasierako erretolikan aipatutako guztiak, euskaraz deskubritu ditut. Kontua da: egingo lirateke guzti horiek frantsesez izango balira? Ekimen hauek frantsesez balira erakarriko gintuzkete? Ez dut uste. Nago horiek denak egiten direla euskal komunitatearen elkar lilurarako, erdalkeriatik txertatzeko, euskaldunak direla sentitzen jarraitzeko… (hau ere gai oso bat da) Elkar topatze hau EUSKARAK lortzen du zalantzarik gabe.
Egindakoak zenbat sinesten dituzten beste upeleko sagardoa da ordea Zuberoan ere. Geu ere talde handietan biltzen gara Euskararen Nazioarteko Egunetan, LGBT ekimenetan, BECeko final handietan, Urteberriko Bilboko manifestazio erraldoietan, azaroaren 25etan… Baina zer egiten dugu hurrengo egunean? Obra behar bada ez hain handietatik, argazki handiak ateratzen espezialista bilakatzen ari gara behar bada.
Zuberoan ere euskara etxean eta kalean transmititu izan zen behiala. Gurean bezala Zuberoan, kate hau ikaragarri aldatu da baina egundoko alde bat bada: ikastea ongi bermatzen da gure sisteman. Eskoletan doan irakasten da, euskaltegi publikoak ditugu, udalek diru-laguntzak ematen dituzte eskolak jasotzeko, euskal irrati eta TB ditugu, kultura bonoak, prentsa…
Zuberoan gauzak zuritik beltzera aldatzen dira esparru honetan ordea. Aurtengo irailaren 23an Paxkal Indo, Iparraldeko Seaskako lehendakari, Larraulen izan zen ‘4 sasuak’ kontzertua entzuten, eta hau esan zigun: Frantses Estatuak Seaskako irakasle bat bere egiten du (estatuak ordainduko du esan nahi da) 3 urtetan han irakasten jardun eta gero. Eta nola ordaintzen da 3 urtez irakasle bat?
Horregatik hasi ginen joan den urtean Aiztondotik Sohütako Lizeoa laguntzen (euskal lizeo bakarra Zuberoan). Han 1000€ hilabeteko garbiketa izan daitekeelako, edo argindarra, edo irakasle baten soldata zati bat… euskaraz ikasten jarraitzeko bide bakarraren zati bat. Zatoz laguntzera!
Nik ja errangaik erranik dütüt, ordian güena da lana hebentik aitzina.
Non lortu otarrak
Baga: Pello Errota eskolara deituz.
Biga: atxega@buhameak.eus
Esker anitx.