Eta bai, aitortzea onena. Gaztelania gehiago erabili dut azken urteetan, aurrekoetan baino. Ni ere kutsatu naiz. Zergatik? Ez dakit. Susmoak ditut, frogarik ez. Urte luzez egunero zortzi orduz euskaraz hitz egiten zen erredakzio batean aritu, eta etxean lan egitera pasa izana aitzakia gisa erabil nezake. Baina ez da sinesgarria, ondorengo lan harremanetan ere euskara izan baita nire bitarteko ia bakarra.
Etxetik, lanbidetik kanpo dago eraldaketa horren funtsa. Lagun artekoan, kafearen orduan, ostiral edo larunbatetako afarietan, igandeetako kirol ekitaldietan. Euskaraz zena, gaztelaniaz egiten da orain. Eta ez dakit zergatik. Are okerrago: ez dakit zergatik jarraitzen ditugun hizketaldiak gaztelaniaz. Hori egiten dugun aldiro euskarari ostikada bat ematen ari garela jakitun. Zenbaitetan amorrua ematen du, euskaldun eta abertzale petoa dena parean eduki, eta gaztelaniaz jardutea. Baina kargu hartzea ez da erraza, eta eraginkorra ote den ere duda. Galdera erraza baita: “hi, zergatik hitz egiten duk gaztelaniaz?” Erantzuna behiak trenari nola begiratzen dion, hala begiratzen dio galdera erantzun behar duenak, galdera egin duenari.
Behin esanda kontzientzia pizteko nahikoa litzatekeela uste dut, baina ez da hala. Gaztelania berriro. Eta berriro. Nekatzen zaren arte. Zein da alternatiba? Norberak dena euskaraz erantzutea. Eta horretantxe nabil. Parekoa euskalduna bada, euskaraz erantzun. Eskatu eta exigitzea alferrikakoa baita. Eta errespetu falta ere bai, eskaera askotan errepikatzen bada. Gertatu izan zait, nik kargu hartu, pertsona berari, eta erantzuna, ni neu sare sozialetan sarri gaztelaniaz aritzen naizela leporatzea. Eta ez dute arrazoirik falta. Jarraitzen nauten askok euskara ez dutelako ulertzen erabiltzen dut. ‘Beste aitzaki bat’, pentsatuko du bakarren batek... Baina euskaraz lan egiten dut, hitz egin irratian, idatzi komunikabideetan. Jardun jendearekin. Nire egunerokoaren %80-90 euskaraz da, eta konforme egonda ere, gehiago egiten saiatuko naiz. Azken egunetan Egape ikastola ataritik pasa behar izan dut egun batzuetan jarraian. Eskola umeak irteten direnean haiek euskaraz ezer gutxi egiten dutela jabetu naiz, eta haien hizkuntza ohiturak aldatzea lortzen ez badugu euskara kinka larrian dagoela jabetu. Horregatik, lehenxeago proposatu dizuedan neurria: pareko solaskidea euskalduna bada, euskaraz mintzatu, gaztelaniaz hitz eginda ere. Agian zenbaitzuk konbentzitzea lortuko dugu. Eta lortzen ez badugu, bietako bat, behintzat, euskaraz arituko da.